Bilboko Udalaren laguntza duen ekimena Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatu eta BBK Fundazioak babestu du.
Hiriko hainbat lekutan, Andoni Lubaki edo Agustín Sagasti euskal argazkilari ezagunen edo Yang Yueluan artista txinatar ospetsua edo naturako argazkilari handia den Pedro Javier Pascual bezalako artisten zortzi erakusketa bisitatu ahal izango dira. Leku horien artean Abando – Barrainkuako eta Burtsako udaltegiak daude.
Urriaren amaierara arte luzatuko den programak, gonbidatutako argazkilari guztien presentzia izango du, eta argazkilariek hitzaldiak eta tailerrak emango dituzte. Horrez gain, urriaren 25ean, 8 eta 13 urte arteko ikasleei zuzendutako ohiko argazki rallya ere egingo da.
Hainbat estilo eta gai lantzen dituzten zortzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan URRIAREN amaierara arte, BILBOARGAZKIren bederatzigarren edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen eta BBK Fundazioak laguntzen duen ekimenak Bilboko Udaleko Kultura Sailaren laguntza ere badu.
Berrikuntza gisa, oraingo honetan gonbidatutako argazkilari guztiak etorriko dira hirira, horien artean Yang Yueluan argazkilari txinatar ospetsua. Horrez gain, gure hiria, hilabetez, argazkigintzaren zaletuentzat erreferente bilakatzea bilatzen duen programaren barruan, artistekin harreman zuzena izateko aukera indartu nahi da –hitzaldien eta tailerren bitartez–. Artista horietako batzuek ibilbide luzea dute, Pedro Javier Pascualek edo gerrako argazkigintzan espezializatuta dagoen eta 2013an Aleppo hirian (Siria) egindako lanari esker saria jaso zuen Andoni Lubaki argazki-kazetari gipuzkoarrak, besteak beste.
Ikusleek Hiriko ohiko guneetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando – Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, UPV/EHU-ko paraninfoan eta erakusketa aretoan, Batzar Nagusietako aretoan, La Granja kafetegian, Espacio de los Mundosen eta FNAC-en.
BILBOARGAZKI 2015eko programazioa gaur goizean aurkeztu da Bilboko udaletxean. Bertan egon dira Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria; Juan Armentia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea; eta BBK Fundazioko Gorka Martínez.
BILBOARGAZKI, beste ezer baino gehiago, argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, programatutako erakusketetan izango ditugun erreferentzia estetiko eta eduki aniztasun handia dela eta. Oraingo honetan, banakako eta taldeko zortzi erakusketa izango dira, hainbat estilotakoak, Pedro Javier Pascualen naturako argazkigintzatik Daniel Brändliren argazki artistikora, Agustín Sagasti argazkilariaren arkitektura harrigarrienera edo zoritxarrez erabateko gaurkotasuna duten Andoni Lubakiren gatazka argazkietara.
ERAKUSKETAK
BILBOARGAZKIren edizio hau, Yang Yueluan argazkilari txinatarraren “Great Wall” erakusketarekin inauguratuko da irailaren 30ean. Artistaz gain, ekitaldiak Irrintzi Ibarrolaren emanaldi berezia izango du, eta ekitaldia, hilaren amaierara arte erakusketa jasoko duen Espacio de los Mundosen izango da (Simon Bolivar kalea, 17). Nazioarte mailan ospe handia duen eta bere herrialdean zein kanpoan sari garrantzitsuak jaso dituen argazkilaria da. Erakusketaren izenburuak adierazten duen bezala, argazki aukeraketak, Yang Yueluanen argazkietan gehien errepikatzen den elementuetako bat erakusten du: Txinako Harresi Handia.
Pedro Javier Pascual oso ezaguna da naturari eta animalien munduari ateratako argazkiengatik, batez ere. “Ilusiones visuales” erakusketak, ikuslearen irudimenarekin jolasteko xedez, irudian erlazionatzen diren bi elementuren arteko jolas poetikora, ikusmeneko elkarrizketara, hurbiltzen du ikuslea bera. Bere argazkiek hurbileko unibertsoa erakusten dute, bertako elementuak kontuan izanda, baina aldi berean unibertso onirikoa ere erakusten dute, begiratzeko modua dela eta. Animaliei egindako argazki guztiak askatasunean egin dira, erabateko errespetua eta kontua izanda. Argazki harrigarriak eta zirraragarriak dira, programa informatikoen bitartez manipulatu gabeak. Erakusketa hori Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5) egongo da urriaren 1etik 15era. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia urriaren 2an izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.
Urriko lehen hamabostaldian, arkitekturari buruz egindako lanak direla eta ezaguna den Agustín Sagasti argazkilariaren “ARKT. Arquitectura y tiempo“ erakusketa ere bisitatu ahal izango da. Erakusketa horretan gonbidapena egiten zaio ikusleari, forma arkitektonikoen xehetasunak lasaitasunez azter ditzan, argiak bolumenen jolasari balioa ematen dien argazkietan. Horrela, egileak arkitekturarenganako duen ikuspegi zintzoa eta errespetuzkoa erakusten duten baina proportzioen, simetrien eta islen bitartez ezustea bilatzen duten irudiak bildu dira. Urriaren 16ra arte UPV-EHUko paraninfoan (Abandoibarra, 3 – 1) bisitatu ahal izango den erakusketa urriaren 6an inauguratuko da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.
Aurreko edizioetan bezala, BILBOARGAZKIk erakusketa egiteko aukera eskainiko die etorkizun handia duten zenbait euskal argazkilari gazteri. Oraingo honetan, ikusleek Marina Gondra euskal argazkilariaren lanez gozatu ahal izango dute La Granja kafetegian, urriaren 1etik 31ra. Argazkilariak, “Cuando cierras los ojos” izenburua daraman argazki bilduma aurkeztuko du, mundu onirikoen eta irudi bakoitzean egunerokotasunetik ihes egiteko aukera bilatzen duen artistaren errealitatearen arteko etengabeko borroka erakusten duen lana.
Urri osoan zehar ikusleek Esther Camacho Cerezoren eta Daniel Brändliren lana ezagutzeko aukera ere izango dute. Lehenengoak “Impermanence towards Mars” izenburua daraman bilduma aurkeztuko du Bilboko ikusleen aurrean FNAC-eko erakusketa aretoan. Mugimendua eta eraldaketa funtsezkoak diren eszena onirikoak erakusten dituzten bi argazki seriek osatutako erakusketa da. Hainbat aldiz Foto Suisse izenekoak urteko argazkilari izendatu duen Daniel Brändli suitzarrari dagokionez, banakako eta taldekako erakusketak egin ditu Suitzan, Txinan, Taiwanen, Japonian, Ukrainan edo Errumanian. Bere lana gorputz biluzietan eta erretratuan zentratzen da, batez ere, sarri askotan prestatutako eszenatokietan eta serietan edo sekuentzietan hartutako argazkiekin. “Series & Sequences” erakusketa urri osoan bisitatu ahal izango da UPV / EHUko erakusketa aretoan (Espainiako Bankua kalea, 2).
Urriaren 1etik 31ra, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera, Argizaiola saria 2015era, aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Manu Barreiroren argazki irabazlea eta akzesitak (Eladio Aries eta Asier Garagarza) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 14an inauguratuko da (19:30etan), eta irabazleak bertan egongo dira.
Urriaren 16tik aurrera Andoni Lubaki (Urretxu, Gipuzkoa) argazkilariaren “Miradas a un mundo convulso” erakusketa ikusi ahal izango da Burtsako udaltegian. Inaugurazio ekitaldia egun horretan bertan izango da, eta egilea bertan egongo da. Lubakik gatazkan dauden lekuetan hartutako irudiak biltzen ditu erakusketan, zirrara sortzeko eta munduan gertatzen denari buruzko gogoeta eragiteko helburu argiarekin. Hainbat komunikabidetako berriemaile izan den Andoni Lubakik hogei herrialde baino gehiago bisitatu ditu, AP edo AFP albiste agentzientzat lan eginez, eta bere argazkiak New York Times, Time edo Guardian bezalako egunkarietan argitaratu dira, besteak beste. 2013an Chris Hondros Memorial Award izeneko saria irabazi zuen, eta Picture of the Year izenekoan bigarren saria lortu zuen, Aleppon (Siria) egindako lanari esker.
HITZALDIAK ETA TAILERRAK
Zortzi erakusketa horiekin batera, eta jada ohikoa denez, BILBOARGAZKIren programazioa zenbait jarduera paralelorekin osatuko da, hitzaldiekin eta argazkigintza tailerrekin, hain zuzen ere. Horrela, argazkigintza zaletuek esperientziak trukatzeko eta prestatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartzen duten profesionaletako batzuen eskutik.
Ezaugarri aurreratuagoak dituzten bi tailerrak artista gonbidatuetako bik emango dituzte. Urriaren 2an, 3an eta 4an, Pedro Javier Pascualek argazki irteera bat gidatuko du, makroen bidezko eta hurbiletik egindako argazkigintzan aplikagarri diren zenbait argazki teknika erakusteko, ekipo egokiena edo argia kontuan izanda. Andoni Lubakik, bere aldetik, gatazka argazkia izenekoari buruzko tailerra eskainiko du urriaren 16an eta 18an. Saio horietan, errefuxiatu siriarren krisiaren eta mundu osoan ikusi ahal izan diren argazki gogorren ondorioz zoritxarrez erabateko gaurkotasuna duten gaiak landuko dira, argazkilari batek gatazka gune batean lan egiteko moduari edo argazkilari horien etikari buruzko gaiak landuz, besteak beste.
Azkenik, eta aurreko edizioetan izan duten harrera bikaina dela eta, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoei, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 25ean izango da, goizeko 10:30etatik aurrera, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat ere sartuko da. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira. Izen ematea doakoa izango da www.bilboargazki.com webgunearen bitartez (plaza mugatuak).