“BILBO, KULTUR ZIGILUDUN HIRIA” GOIBURUAREKIN, UDALAK EHUN AISIALDI ETA KULTURA-PROPOSAMEN BAINO GEHIAGOKO AGENDA BAT EKARRIKO DU HIRIRA 2023AN

  • Agenda berri honekin, Bizkaiko hiriburuko auzotarrek eskura izango dituzte artearekin, zinemarekin, musikarekin, arte eszenikoekin eta literaturarekin zerikusia duten hitzorduak, urteko 365 egunetan.

  • Udalak agenda bat eman du argitara, Udalaren kultur eskaintza guztiarekin, eta Uriko beste eragile eta entitate batzuek garatzen duten programazioa ere jasotzen du.

(Bilbo, 2023ko otsailaren 6a).- Udalak leialtasunez eusten dio bere konpromisoari: Bilbo urteko ia egun guztietan lehen mailako kultur planekin betetzea eta kultura auzoetara hurbiltzea. Bilbo, Kultur Zigiludun Uria” leloarekin, udalak agenda berri bat eman du argitara, ehun hitzordu baino gehiago jasotzen dituena, artearekin, zinemarekin, musikarekin, arte eszenikoekin edo literaturarekin zerikusia dutenak.

Informazio hori herritarren eta Bilbora bisitan etortzen diren bisitarien esku era antolatu eta errazean egon dadin, Udalak urteko agenda bat eman du argitara, uriko kultur eta aisialdi jardueren funtsezko eduki denak jasotzen dituena 50 bat orrialdetan, alegia, hiriaren gaineko 2023ko kultur informazioa.

“Bilbo, Kultur Zigiludun Hiria” izeneko agendan, Bilboko kultur ekitaldi nagusiak jasotzen dira, zigilu-bilduma bat balitz bezala, eta herritarrek aukera zabala izango dute gozatzeko: antzerki-jaialdiak, musika, zinema, musika eta multimedia, literatur lehiaketak eta jardunaldiak eta ezagutza-jardunaldiak, arte-jarduerak, ondarearen gaineko zabalkunde- eta sustapen-jarduerak, sormen-ikastaroak eta -tailerrak, deialdiak eta askotariko publiko batendako sortutako lehiaketak.

Agendak 10 arlo dauzka, hiriaz ahalik eta gehien gozatzeko aukera ematen dutenak:

    • Arte eszenikoak

    • Museoak

    • Ikusizko arteak

    • Sormen-diseinua eta -industriak

    • Literatura, gizartea eta ezagutza

    • Ikus-entzunezkoak

    • Musika

    • Ondarea eta nortasuna

    • kultur aisialdia

    • Gertuko kultura

Kulturak Bizkaiko hiriburuarentzat duen esanahia dela-eta, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak gogora ekarri du gobernu-taldeak sektorearekin eta herritarrekin duen konpromisoa: “gure hiriak duen kultur zigiluaren aldeko apustua egiten dugu”. Apustu sendo bat egin dugu hirian urteko 365 egunetan kalitatezko aisialdi eta kultura izateko, lehen mailako programazio askotariko, irisgarri eta, gehienetan, doakoa”.

2023ko kultur agendaren ezaugarria, Gonzalo Olabarriaren esanetan, “askotarikotasuna eta kalitatea” dira, eta gustu, interes eta adin guztientzako dago pentsatuta. “Gonbidatzen ditugu guztiak, adinekoak, gazteak eta umeak, gure kultura eta aisialdi eskaintzaz gozatzera, nahiz bakarka, nahiz familiaren edo lagunen konpainian; izan ere, plan biribila daukagu pertsona bakoitzarentzat. Artea, zinema, musika, arte eszenikoak edo literatura maite dituztenentzat. Gonbidatzen zaituztegu gozatzera; zuen zain gaude”.

GERTUKO KULTURA

Hiriak, urte berriarekin, ostera ere, gertuko kultur agenteen eta Estatuko eta nazioarteko konpainia eta artisten eskutik iritsiko diren proposamenak eskainiko ditu, eta, haien bidez, datozen hilabeteak ekimenez beteak iritsiko dira, proposamenik abangoardistenekin nahiz tradizioa eta folklorea ardatz dituzten ikuskizunekin, eta ezaugarri eta gustu guztietako publikoei leku eginez.

Gertuko kultura Bilboko auzoetan eta barrutietan sendotzeko xedearekin, haiek berriro ere izango dira protagonista, eta Udalaren programazioaren zatirik handiena haientzat izango da, uriko auzotarrek aukera izan dezaten aire libreko kulturaz ere gozatzeko Bilboko plaza publikoetan eta kaleetan, gertuko udaltegietan ez ezik.

Hala, beraz, herritar guztiek kulturaz gozatzeko modua izan dezaten, 2023an zehar, kalea ostera ere izango da berezko agertoki bat, auzotar askok kulturarekin zuzeneko harremana izan dezaten pentsatutako gune bat, formatu txikiko ikuskizun, emanaldi eta jaialdi doako eta kalitatezkoak gozatzeko bide bat. Eszena Kalera. Dantza Plazetan, MusikAuzo edo Bilboko Zirkuitua, barruti guztietan; Deustualdeko Klown Jaialdia, Deustun; Magia Topaketak, Otxarkoagan; Santutxu Kolorea ,Santutxun; Umorezko Antzerkiaren Erakusketa, Errekalden; BLV Art, Bilbo Zaharrean; edo Klowna Zorrotzan, besteak beste.

JAIALDIAK

Jaialdiak izango dira aurtengoan ere hiriko kultur eskaintzako apusturik nabarmenenetakoak. 2023an, ez da falta izango Udalak antolatutakorik: Musika Música (martxoaren 3tik 5era), BilbaoPoesia (martxoaren 15etik 24era), FANT (maiatzaren 5etik 13ra), Gau Zuria (Ekainaren 16tik 17ra), BILBOKO KALEALDIA (ekainaren 19tik 24ra), BAD (urriaren 12tik 22ra), eta ZINEBI (azaroaren 11tik 18ra); halaber, Bilbo munduan urtero erakusten duten nazioarteko beste jaialdi batzuk, eta hiru ikur baliotsuren inguruan gauzatzen direnak, Arriaga Antzokian, Campos Antzerkian eta Aste Nagusian.

Bizkaiko hiriburuan, hainbat hitzordu gozatu ahal izango dira, hala nola Gutun Zuria (martxoaren 28tik apirilaren 1era), ZINEGOAK (ekainaren 26tik uztailaren 1era), BBK Bilbao Music Legends Festival (ekainean), Bilbao BBK (uztailaren 6tik 8ra), JA! Bilbo (irailaren 28tik urriaren 8ra), edo BIME (urrian).

LITERATURA ETA ZABALKUNDEA

Herritarren kultur garapena funtsezkoa da sormena eta kulturaren alderako konpromisoa sustatzeko. Xede horrekin, Bilboko Udalak hainbat argitalpen egiten ditu, eta literatur eta zientzia jarduerak antolatzen ditu, eta era bateko eta besteko literatur foro eta solasaldiak bultzatzen. “Bilbo, Kultur Zigiludun Hiria” izeneko agendan, informazioa ematen da, besteak beste, honako hauei buruz: Bilboko Udal Artxibategia, Bidebarrieta Kulturgunea (kultura garaikidearen zabalkundea eta liburuak eta literatura sustatzeko gune bat), Udal Liburutegien Sarea, BBK mediateka, Azkuna Zentroa edo liburu azoka batzuk eta besteak (haien artean, nabarmentzekoa da Liburuaren Nazioarteko Eguna, Liburu Berriaren Azoka edo Liburu Zaharren eta Bigarren Eskuko Liburuen Azoka).

EUSKAL KULTURA

“Ondarea eta Nortasuna” sekzioan, Bilbo nazioarteko kulturako erreferente bat bihurtu duten proposamen guztiak daude jasota. Proposamen sorta askotariko bat da emaitza, dantza emankizunak nahiz antzerki garaikidea bitzen dituena, eta are euskal kulturaren beste adierazpide tradizionalago batzuk, hala nola bertsolaritza eta bilbainadak. Hala, bada, nabarmentzekoak dira atal honetan Udal Bandaren edo Txistulari Bandaren musika eskaintza, Dantza Plazetan izeneko programa, Dantzak Eskoletara, Udaberriko Bertso Saioak, Bilbainaden Urteroko Lehiaketa, edo Bilbao Izan, ondarearen zabalkundea egiteko udal ekimena.

Hor sartzen dira, halaber, Loraldia Jaialdia, Bilbao Basque Fest, nahiz Euskararen Etxearen programazioa edo Ondare Aretoarena.

Kultur agenda horren osagarri, entitate pribatuen eta udal sozietateen ekitaldi nagusiak, hala nola Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao, BilbaoArte, Arriaga Antzokia edo Bilboko Koral Elkartea eta Bilboko Elkarte Filarmonikoa. Era berean, nabarmentzekoak dira Bilboko Arte Ederren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa edo Euskal Museoa.

Gainera, hirian erreferentziazkoak diren kultur eremuen gaineko informazioa ere biltzen da, hala nola Kafe Antzokia, ZirkoZaurre, La Fundición, 6 Pabilioia, Harrobia, BBK Aretoa, Euskalduna Jauregia, D8 Sorkuntza Faktoria, edo ZAWP edo La Terminal FICC. Horiek guztiak egunean-egunean ari dira lanean herritarrei arte eta kultura proposamen hobeak eskaintzearren eta Bilbo kultura erdigunean duen hiri bat bihurtzearren.

“Bilbo, izan ere, horixe da, kultur bizitzaren erreferentzia den hiri bat, eta, hala da, bere kultur eragile publiko nahiz pribatu guztiei esker eta kulturaren alde eta kulturarentzako lanean ari diren pertsonek ekartzen dituzten proposamen guztiei esker, zeintzuk gure hirira ekartzen baitituzte gure egunak proposamen kalitatezko eta sormenezkoez betetzeko. Bilbok irekita dauzka ateak arlo guztietako sormenerako eta produkziorako, eta helburu oso argia du: hirian kalitatezko kultur industria bati laguntzea eta hura sustatzea, gure kaleak eta bazterrak era guztietako arte-lengoaien ikasketari, saiakuntzari eta irudikapenari irekitzea, gutako bakoitzak bere lekua aurkitzeko pentsatuak baitira”, adierazi du Gonzalo Olabarriak.

Agenda honek jasotzen duen informazio guztiaren laburpen moduan, agiri honetan informazio orokorra aurkitu ahal du irakurleak, honako hauen gainean:

      • 23 gune, entitate eta jaialdi, arte eszenikoen ingurukoak .

      • 11 museo.

      • 7 entitate, gune eta jaialdi, ikusizko arteen ingurukoak

      • 7 gune eta jaialdi, sormenaren arloko diseinuaren eta industriaren ingurukoak.

      • 15 entitate, jaialdi eta azoka, literaturaren eta ezagutzaren ingurukoak.

      • 17 jaialdi eta entitate, ikus-entzunezkoen ingurukoak.

      • 18 entitate, gune eta jaialdi, musikaren ingurukoak.

      • 14 entitate, espazio eta jaialdi, ondarearen, folklorearen eta euskal kulturaren ingurukoak.

      • 6 aisialdi-ekitaldi.

      • 24 programa Bilboko auzoetan eta barrutietan.

50 ORRIALDEKO KULTUR PROGRAMAZIOA – INFORMAZIO GEHIAGO SARE SOZIALETAN, WEB-ORRIAN ETA NEWSLETTER-EAN

Bilboko Udalak, gainera, aukera ematen du posta elektronikoaren bidez jasotzeko urteko programazioaren geroagoko argitalpenak nahiz Bilbao Kultura agenda (azken hori hilero- hilero), zeinean Bilboko kultur eta aisialdi jardueren gaineko informazioa aurkitu ahalko baitu interesdunak, eguneratuagoa eta zabalagoa, eta baita ere Udalak antolatzen dituen jarduera guztien gaineko informazio zehatza. Era berean, Udalaren @bilbaokultura eta @bilbao_udala kontuetan, programazio eguneratuaren berri ematen da.

Informazio hau formatu digitalean jasotzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da, norberaren datuekin, [email protected] helbidera, edo datuak eta lehentasunak helarazi, bilbaokultura.eus web-orrian horretarako ezarritako atalaren bidez.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus