“BILBAO DISTRITO JAZZ” EKIMENAK OSTIRAL HONETAN JARRIKO DU MARTXAN ERREFERENTE DIREN MUSIKARIAK, YUHAN SU BIBRAFONO JOTZAILEA, LARRY PORTER EDO BILL McHENRY, BESTEAK BESTE, JASOTZEN DITUEN AUZOETAKO DOAKO KONTZERTU PROGRAMAZIOA

Begoñako, Otxarkoagako eta Errekaldeko udaltegiek, Sarrikon dagoen Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioak, Bertendona Institutuak eta Bidebarrietako Liburutegiak, hainbat estiloko sei emanaldi jasoko dituzte martxoaren 15era arte, ostiraletan, 19:30ean.

“Bilbao Distrito Jazz” Bilboko Udalaren ekimena da, Bilbaína Jazz Club izenekoarekin elkarlanean eta aurten bere hogeigarren edizioa beteko du, bere nortasunaren zeinua bilakatu den programazio anitz eta kalitatezkoarekin.

 

Bilboko Udalak ostiral honetan inauguratuko du “Bilbao Distrito Jazz” egitarauaren hogeigarren edizioa, gure hirian denbora gehien daraman kultur programetako bat –Bilbaína Jazz Club-arekin elkarlanean antolatutakoa–, auzoetara doako kontzertuak hurbiltzen dituena, egungo panoraman erreferentziazkoak diren artistekin, eta jazzean etorkizun handia duten bertako artistentzat lekua ere utziz. Oraingo honetan sei emanaldi eskainiko dira, martxoaren 15era arteko ostiral guztietan, artista garrantzitsuekin, Bill McHery – Fortia – Del Val Trío, Larry Porter Trío, Vicente Espí Quartet, Yuhan Su Quartet, eta baita tokiko ukitua jarriko duten Ana Bejerano Quartet eta taldearen “Urjauzia” proiektua ere.

Ohikoa denez, kontzertuak udaltegietan –Otxarkoaga, Errekalde eta Begoña– eta jende gehiago jasotzeko lekua duten gune batzuetan izango dira, Bidebarrietako Liburutegian, Bertendona institutuan edo Sarrikon dagoen Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan, besteak beste. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.

Programazioa ostiral honetan, otsailaren 8an, hasiko da, Otxarkoagako Udaltegian, Bill McHery – Fortia – Del Val Trío taldearekin. Oso jatorri eta ibilbide desberdinak izan arren, egungo jazz eszenaren barruan erreferentziazkoak diren hiru musikari dira. Estatu Batuetako Bill McHenry saxofoi jotzaile handia, Gironako Manel Fortià kontrabaxu jotzailea eta Mirandako Gonzalo Del Val bateria jotzailea, nazioko panoramako promesa gazte garrantzitsuenetakoa armoniarik gabeko hirukote honetan elkartu dira, lehentasuna melodiak eta edertasunak duten jazz elkarrizketa ezartzeko.

Otsailaren 15ean, Bertendona institutuak Larry Porter Trío taldearen emanaldia jasoko du. Larry Porter piano jotzaile handiarekin batera, Chicagoko Joe Smith bateria jotzailea eta Max Leiss kontrabaxu jotzaile alemana igoko dira. Elkarrekin egindako ibilbidearen ondoren, standardak interpretatzen dituzte, baina kontzeptu kolektiboagoarekin, bakoitzak bere ekarpena gura duen bezala egin eta erantzun dezakeen elkarrizketa, hain zuzen ere.

Otsaileko azken ostiralean, 22an, Bidebarrietako Liburutegiak Vicente Espí Quartet-en emanaldia jasoko du. Valentziako bateria eta perkusio jotzaile eta konposatzaileak, lider gisa egin duen bere hirugarren lana, “Espiral”, aurkeztuko du Bilbon. Parisko Goi Kontserbatorioan ikasi zuen, eta goi mailako musikariekin aritzen da, Monty Waters, Ramón Cardo, Jorge Pardo edo Dave Schnitterrekin, besteak beste.

Hurrengo kontzertua, martxoaren 1ekoa, Sarrikoko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan eskainiko da, “Urjauzia” proiektua jasoz. Euskal musikari gazte horiek, Iñigo Ruiz de Gordejuela piano jotzailea (Mendaro, 1994) eta Adrián Fernández gitarra jotzailea (Gasteiz, 1995) izan dira euskal jazzaren eszenako ezuste pozgarrienetakoa, lan horrekin IX. BBK JAZZ Sarietan Disko Onenaren Saria irabaziz. Iñigo Ruiz de Gordejuelak Berklee College of Music ospetsuan ikasi zuen, eta 2016an disko bat argitaratu zuen, Bostoneko eskola horretan bertan sortutako ‘Amalur’ proiektuarekin.

Begoñako Udaltegiak, Bilbon “City Animals” aurkeztuko duen Yuhan Su Quartet-en kontzertua jasoko du martxoaren 8an. Berklee College of Music izenekoan graduatu zen eta New Yorken bizi den Yuhan Su bibrafono jotzaile taiwandarrak, jazz disko onenaren eta urteko ezusteko artista onenaren “Golden Indie Music Awards” izenekoak jaso zituen 2013an “Flying alone” bere lehen diskoarekin. Jatorrizko konposizio leunekin eta musika-tresna jotzaile gisa duen estilo pertsonal eta birtuosoarekin, maila bikaineko hiru musikarik osatutako hirukoteak lagunduta, Yuhan Su jazz musikarien belaunaldi berriaren ahotsa da. Bere musika berritzailea, emozionala da eta, garrantzitsuena, lirikoa beti.

“Bilbao Distrito Jazz” ekimenaren hogeigarren edizio honen itxiera bertako Ana Bejerano Quartet taldearen eskutik egorriko da, martxoaren 15ean, Errekaldeko Udaltegian. 80-90eko hamarkadetan Mocedadesen aritu eta hiru disko argitaratu eta gero, Ana Bejeranok Jazz, Bossa Nova eta balada standard bilduma aurkeztuko du. Bertan, Ella Fitzgerald eta Billie Holiday ekarriko ditu gogora, baina beti bere izaera propio eta pertsonalarekin.

“Bilbao Distrito Jazz” Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika genero hori hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaína Jazz Club elkartearen lana laguntzea; edo auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.

Beste alde batetik, Bilboko Udal Liburutegien Sareak, jazz-liburu eta grabazioen bilduma zabala dauka, maileguan uzteko, musika genero hori sustatzeko xedez. Katalogoa webgune honetan dago eskuragai: www.bilbao.eus/bibliotecas. Gainera, erosketak egiteko edo bilduma eguneratuta edukitzeko iradokizunak ere egiten ditu.

AGENDA

OTSAILAK 8. 19:30
Bill McHery – Fortia – Del Val Trío (Otxarkoagako udaltegia)
Bill McHenry: saxo tenorea
Manel Fortiá: kontrabaxua
Gonzalo del Val: bateria

15 FEBRERO. 19:30
Larry Porter Trío (Bertendona institutua)
Larry Porter: pianoa
Joe Smith: bateria
Max Leiss: kontrabaxua

OTSAILAK 22. 19:30
Vicente Espí Quartet “Espiral” (Bidebarrietako liburutegia)
Jesús Santandreu: saxo tenorea
Iván Cebrián: gitarra
Masa Kamaguchi: kontrabaxua
Vicente Espí: bateria

MARTXOAK 1. 19:30
Urjauzia (Sarrikoko Musika Kontserbatorioa)
Iñigo Ruiz de Gordejuela: pianoa
Adrián Fernández: gitarra
Javier Callén: kontrabaxua
Rodrigo Ballesteros: bateria

MARTXOAK 8. 19:30
Yuhan Su Quartet “City Animals” (Begoñako udaltegia)
Yuhan Su: bibrafonoa
Marcel.lí Bayer: saxo altua
Juan Pablo Balcázar: kontrabaxua
Ramón Prats: bateria

MARTXOAK 15. 19:30 (Errekaldeko udaltegia)
Ana Bejerano Quartet
Ana Bejerano: ahotsa
Miguel salvador: gitarra
Marcelo Escrich: kontrabaxua
Gorka Iraundegui: bateria

Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Sarrera doakoa leku guztiak bete arte. Informazioa 010 telefono zenbakian edo www.bilbao.eus eta www.kulturabarrutik.eus webguneetan