BILBAO 700-EK “BERRESKURATUTAKO BILBOTARRAK” BILDUMAKO HIRU LIBURU BERRI ARGITARATU DITU

Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta Bilbao 700-III Millenium Fundazioko Presidenteak Nicolas Maria de Urgoiti ingeniari eta ekintzaileari, Pilar de Zubiaurre intelektual eta margolarien arrebari eta Aurelio Arteta bilbotar artista handiari eskainitako hiru liburu aurkeztu ditu gaur, duela hamar urte Bilboko historiako pertsonaiarik garrantzitsuenak eta ezezagunak gogorarazteko abiarazi zen “Berreskuratutako Bilbotarrak” bilduma handitu eta osatzeko.

Ekitaldia Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin da Josune Ariztondo Bilbao 700-III Millenium Fundazioko Zuzendariaren parte-hartzeaz eta liburuen egileak bertan zirela: Elena Sierra eta Miriam Alzuri, Nicolas Maria de Urgoiti eta Pilar de Zubiaurre pertsonaia historikoen biografien egileak, hurrenez hurren; eta Jose Fernandez de la Sota, Aurelio Artetari buruzko monografiaren idazlea.

Bilbao 700-III Millenium Fundazioak, Muelle de Uribitarte Editores argitaletxearekin elkarlanean argitaratutako “Berreskuratutako Bilbotarrak” bildumaren hiru ale hauek egileen ahotik aurkeztu ostean, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea bertara joandakoei zuzendu zaie: “Bilboko gizartea, gizon-emakumeen etengabeko konpromisoaren emaitza da, gure Hiria leku hobe bat bihurtzeko, Bilbo aurreratuago eta kultuago bat eraikitzeko, eta gure kultura munduan zehar zabaltzeko ahaleginaren ondorioa”.

Alkateak adierazi duenez, “Bilbo, jendeak nahi duena da, izan da eta izango da; herritarrek, bilbotar anonimoek nahiz garai batean edota bertako edo munduko historian protagonismo handia lortu duten bilbotar ospetsuek erabakitakoa”. Era berean, Alzuri, Sierra eta Fernandez de la Sota idazleei Bilboren iragana ezagutzeko egindako ekarpena eskertu die: “Zuen liburuei esker, hobeto ulertu ahal izango dugu nor garen; eta hobeto ulertu ahal izango ditugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko gakoak”.