XXXV BILBAINADA LEHIAKETA, 2023

BILBOko UDALeko KULTURA ETA GOBERNANTZA SAILAK, NERBIOI IRRATIAren eta TELEBILBAOren laguntzarekin, XXXV. BILBAINADA LEHIAKETArako deialdia egin du. Lehiaketa hau gaur egungo gaiak dituzten kanta herrikoi berriak sortzen bultzatzeko da, horrela Bilboko kanta herrikoien jai-ukituari eta tradizioari eutsi nahi diogu.

OINARRIAK

1.- Lehiaketa honetan nahi duten guztiek har dezakete parte, ezelako muga barik.

  1. – Aurkeztutako kantak bilbainadak izango dira, hau da, itsasadarraren inguruko herriei, bertako pertsona famatuei eta eguneroko gorabeherei buruzko gaur egungo gaiak dituzten kanta herrikoiak.

3.- Kanten ale bakarra aurkeztuko da, euskaraz edo gaztelaniaz eta grabazio batean kantatuta.

Kantaren musikaren partitura ere aurkeztea gomendatzen da, lehiaketa irabazten duten kantak grabaketa errazteko eta ohiko galetan kantatzeko.

Azkenik, lehiaketan parte hartzeko, izena emateko orria bete beharko da (I. Eranskina). Bertan adieraziko dira lehiaketan aurkezten diren lanen egilea edo egileen izen-abizenak, NAN zenbakia, helbide elektronikoa, etxeko ohiko posta eta harremanetarako telefonoa.

4.- Aurkeztutako kantak originalak izango dira eta ezingo dira beste lehiaketa batzuetan saritutakoak izan. Ezingo da lehendik argitaratuta dagoen lanik aurkeztu.

5.- Grabazioak eta kanten hitzak aurkeztu beharko dira 2023ko ekainaren 2an, 14:00ak baino lehen:

BILBOKO UDALEKO KULTURA ETA GOBERNANTZA SAILAn

Aznar Eraikina, Venezuela plaza, 2 – 6.

48001 BILBO

Informaziorako telefonoa: 94-420 48 70 (08:30-13:30)

NERBIOI IRRATIAN

Hurtado Ametzaga, 27 – 17.

48008 BILBO

Informaziorako telefonoa: 94-410 09 09

6.- Epaimahaia Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzi ordezkariak izendatuko du lehiaketaren epaia.

Musika arloko profesional bi egongo dira gutxienez eta oinarri hauetako edozein zalantza edo azaldu gabe utzitakoak erabaki eta interpretatu ditzake epaimahaiak eta beti izango du lehentasuna bere irizpideak. Era berean, erabakia ezingo da apelatu.

  1. – Hauek dira sariak:

– Euskarazko bilbainadarik onena: 955 € eta On Diego

– Gaztelaniazko bilbainadarik onena: 955 € eta On Diego

– 8 accesit: 420 € eta plaka

 

Saritutako lan bat egile batek baino gehiagok aurkezten duenean, sariaren zenbatekoa zati berdinetan banatuko da.

Diru-kopuru horri dagozkion atxikipenak egingo zaizkio, indarrean dauden arauen arabera (Espainiar estatuko egoiliarrentzat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta atzerriko egoiliarrentzat Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga).

Era berean, epaimahaiak ohorezko sari moduan On Diego bat edo gehiago eman ditzake gure urian hain sustraitua dagoen musika-mota hau bultzatzen eta laguntzen euren ibilbidean nabarmendu diren pertsonarentzat edo pertsonentzat.

Sari guztiak, edo euren batzuk, eman gabe utzi daitezke.

8.- Saririk jaso ez duten originalak 5. atalean aipatutako Radio Nervion-eko  helbidean jaso ahal izango dira 2023ko irailaren 22a baino lehen.

9.- Bilboko Udalak eskubidea izango du saritutako lanak ustiatzeko Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateratuan ezarritako mugak beteta.

Erabilera horien artean, honako baimen hauek daude beren-beregi adierazita: CD bat egiteko baimena irabazten duten kantak kantari profesionalek abestuta, diska hori Gabonetan egin ohi den galan aurkezteko baimena eta gala hori grabatzeko eta zabaltzeko baimena.

Saria bera izango da Bilboko Udalak egingo duen ordainketa bakarra jabetza intelektualaren eskubideak jasotzeagatik.

Eskubideen lagapena esklusiboa izango da epaia jakinarazi eta urtebeteko epean.

10.- Lehiaketa honetan parte hartzeak arauok osorik onartzen direla esan gura du. Oinarrietan araututa ez dagoenerako, ordezko izaeraz, Bilboko Udalaren eta zuzenbide publikoko bere erakundeen eta entitateen deialdiaren bidez diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituen Ordenantza Orokorra aplikatuko da. Bilboko Udalak 2016ko ekainaren 30ean onartu zuen ordenantza hori eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 2016ko uztailaren 20ko 138 zenbakian argitaratu zen.