BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAK, FRANCISCO BLANCO IDAZLE ETA UNAMUNOREN AZTERTZAILEAK IDATZI DUEN “UNAMUNO EN LA POLÍTICA LOCAL” LIBURUAREN AURKEZPENA JASOKO DU ASTEARTEAN

Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da, gidaria José Antonio Ereño –Miguel de Unamunorengan aditua– izango da, eta egile bilbotarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen duen programaren barruan dago.

Urte honetan zehar, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Miguel de Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko jarduera programa zabala jarri du martxan. Idazlea 1864ko irailaren 29an jaio zen Bilbon. Kultur programazio horri jarraipena emanez, datorren ASTEARTEAN, URRIAREN 28AN, (19:30etan), Bidebarrieta Kulturguneak, Francisco Blanco Prieto Salamancako historiagile eta idazlearen “Unamuno en la política local” liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du.
José Antonio Ereño, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, eta Unamunorengan aditua, izango da Francisco Blanco historiagile eta ikerlari ezagunak egin duen liburu horren aurkezpen ekitaldiaren gidaria. Egileak, Don Miguelek Salamancako Udalean izan zuen jokaera aztertuko du, tokiko prentsan argitaratutako idazki politikoak azalduz eta hiriko hainbat gremioren egoitzetan emandako hitzaldiak ezagutaraziz.
Gaur egun erretiratuta dagoen Francisco Blanco irakaslea, katedradun, Filosofian eta Hezkuntzaren Zientzietan doktore eta Zientzia Kimikoetan Lizentziatu izan zen, eta urte luzez irakasle aritu zen Zurichen, Friburgon, Genevan eta Bruselan. 27 liburu idatzi zituen, didaktikari, hezkuntza ebaluazioari, kimikari, fisikari, poesiari eta bidaiei buruz, eta baita biografiak ere. Nazioartean literatur sari bi irabazi ditu, poesian eta narrazio librean.

 

“Unamuno en la política local” lanak, amaiera ematen dio idazleak, “Unamuno. Diario final” lanarekin 2006an hasi zuen Unamunori buruzko trilogiari. Lan hori, Unamunoren bizitzari buruzko kontakizun zabala eta zehatza da, Concha emaztea hil zenetik idazle bilbotarra bera hil zen arte. Lehenengo lan horren ondoren unibertsitatean aurrera eramandako jarduerari buruzko azterlana egin zuen, “Unamuno. Profesor y rector en la Universidad de Salamanca”. Horrela, gaur aurkezten den lanaren bitartez ematen zaio amaiera trilogiari, Salamancan egin zituen 39 urteetan Unamunok aurrera eramandako jarduera politikoa gogoratuz.

 

Liburu berri hau Salamanca Ciudad de Cultura y Saberes Fundazioak argitaratu du, eta maileguan hartu ahal izango da Bilboko Udal Liburutegi Sarean.

 

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.