Bego Yebra kazetariak aurkeztuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez jarraitu ahal izango da: www.kulturguneatb.eus
“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Ekialde Hurbilean esperientzia luzea duten eta gatazketan espezializatuta dauden Ane Irazabalen eta Karlos Zurutuzaren partaidetza izango duen “Letras en conflicto” izeneko solasaldiarekin emango dio amaiera aurtengo programazioari, datorren asteartean, abenduaren 18an. “Ekialde hurbila, muinak eta ertzak” liburuaren egileetako bi dira.
Topaketa Bego Yebra kazetariak moderatuko du, eta gerrako kazetaritzako freelance profesionalen lanean zentratuko da. Gatazkan dauden leku horietara hurbiltzen direnean kontatu gura dutenari eta lekuan bertan aurkitzen dutenari buruz edo ekidistantzia posible ote den galdetuko zaie, beste gai batzuen artean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Ane Irazabal (Arrasate, 1984) Historian eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da. Ikasketak amaitu ondoren, Palestinara joan eta Betleemen egon zen bi urtez. Ondoren beste bi urte eta erdi Kairon egin zituen, geroago bere oinarrizko kanpalekua Italiara eramateko, Torinon hasieran eta Erroman gaur egun. Freelance kazetaria da, eta RAI eta EITB kateetarako egiten du lan, besteak beste. 2017an Euskal Kazetarien Saria jaso zuen, Kazetarien Euskal Elkartearen eta Elkargoaren eskutik, gatazka guneetan berriemaile gisa egindako lanarengatik.
Ane Irazabal, Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuza dira “Ekialde hurbila, muinak eta ertzak” liburuaren egileak. Hiru kazetariek, Mendebaldeko Saharatik Iranera luzatzen den Ekialde Ertain Handian gertatzen denaren ikuspegia ematen dute. Abiapuntua udaberri arabiarrak eta horiek eragin zituzten gizarte arloko mugimenduak dira. Ane Irazabalek Palestinako, Egiptoko eta Tunisiako gatazkak jarraitu ditu azken urteetan, eta baita Mediterraneotik heltzen diren errefuxiatuena ere. Bangladesh-en ere egon da, eta bertatik, Birmaniatik ihes egiten duten rohingya errefuxiatuen egoeraren berri eman du.
Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) ere Ekialde Ertaineko gatazka guneetan espezializatutako freelance kazetaria da. Filologia Ingelesean lizentziatu zen EHU/ UPVn, eta 15 urte baino gehiago daramatza nazioarteko medio ezagunekin lanean. GARA, Al Jazeera, The Middle East Eye, Deutsche Welle edo Jot Downs komunikabideetako ohiko kolaboratzailea da. 2009an Nawab Bugti Nazioarteko Kazetaritza Saria lortu zuen, Iranen, Afganistanen eta Pakistanen dagoen balutxe herriari buruzko tokian tokiko lanari esker. Horrez gain, Rikardo Arregi eta Argia Sariak ere lortu zituen (biak ere 2012an), 2011n Libiako gatazkari buruz Berriarako egindako lanari esker.
2007. urtearen hasieran “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.
Hauek dira iaz, 2017. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.