BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK XABIER OLARRA ETA HARKAITZ CANO ELKARTUKO DITU BIHAR, EUSKAL LITERATURARI ETA ITZULPENGINTZARI BURUZKO SOLASALDI BATEAN

Hitzordua Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolariak moderatuko du eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Xabier Olarra idazle eta itzultzailea eta Harkaitz Cano idazlea elkartuko ditu bihar, asteartean, OTSAILAREN 14an, euskal literaturari eta itzulpengintzari buruz berba egiteko.

Euskaraz izango den topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolaria izango da, eta euskaraz idatzitako euskal literaturaren inguruko zenbait gai planteatuko ditu, hizkuntzek argitalpenaren munduan ezartzen dituzten mugak edo betiko lan handiak eta gaur egungo bestsellerrak euskarara itzultzearen egoera, besteak beste.

Xabier Olarra (Tolosa, 1953) Filosofia eta Letratan lizentziatua da, Hizkuntza erromanikoen modalitatean. Euskara eta Euskal Literatura irakasle izan da urte luzez, eta Nafarroako Gobernuko itzultzaile gisa ere aritu da 1986tik. 1989an Igela argitaletxea jarri zuen martxan Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera.

Hainbat egile itzuli ditu euskarara, William Faulkner, Ernest Hemingway, Jean Paul Sartre, Truman Capote, Francis Scott Fitzgerald, Raymond Chandler, J.R.R. Tolkien, Raymond Queneau, Dashiell Hammett, Ian McEwan edo Sandor Márai, besteak beste. 2015ean James Joyceren Ulyses lana itzuli zuen, eta horri esker 2016ko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, itzulpen literarioaren kategorian.

Xabier Olarrarekin batera Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) egongo da “Eztabaidak Literaturarekin” honetan. Gaur egun Donostian bizi da. Zuzenbide lizentziatura lortu zuen bertan, baina ez da inoiz horretan jardun, oso gaztetatik ekin baitzion idazteari, 1994an bere lehenengo poema liburua argitaratu zuenetik. Argitaratu zituen lehenengo lanak poesian zentratu baziren ere, ondorengo lana prosara zuzendu du, eta gaur egun euskal literatura berriaren figura egonkorrenetakotzat jotzen da, argitaratzen dituen lan guztiek irakurleen artean duten harrera bikainak erakusten duen bezala.

Euskadiko hainbat egunkaritako ohiko kolaboratzaile da, eta baita irrati eta telebista gidoilari ere, eta euskal eszenako zenbait kantarirekin eta artistarekin aritzen da. Harkaitz Canok birritan irabazi du Euskadi Saria, euskaraz idatzitako eleberri modalitatean, “Twist” lanarekin (Susa arg.), –Kritikaren Sari Nazionala ere lortu zuen– eta euskaraz idatzitako Haur eta Gazte Literatura modalitatean, “Orkestra lurtarrak” lanarekin (Elkar arg.).

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin topaketarako eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Joan den 2016. urtean hauek izan ziren “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.