BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK MIKEL MARTINEZ ETA PATXO TELLERIA ELKARTUKO DITU, EUSKAL LITERATURARI ETA ABESTIARI BURUZKO TOPAKETAN

Hitzordua euskaraz izango da, eta Lutxo Egia idazleak aurkeztuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, datorren asteartean, irailaren 19an, ekingo dio berriro programazioari, euskal literaturaren eta musikaren inguruko topaketarekin. Bertan Mikel Martinez antzezleak eta Patxo Telleria antzezle, zuzendari eta gidoilariak hartuko dute parte. “Euskal kantak eta literatura” izenburua izango duen hitzaldia euskaraz izango da, eta Lutxo Egia idazleak moderatuko du.

Patxo Telleria eta Mikel Martinez Bilboko antzerki bikote ezagunak urteak daramatza euskara sustatzen eta bultzatzen euren antzezlanen bitartez. “Euskal musikaren benetako istorioa” antzezlanarekin berriro ere agertokietan dagoen “Ez dok hiru” egitasmoak Euskal Herriko musika imajinarioaren azterketa ironikoa, absurdoa eta dibertigarria egiten du. Antzezlana euskal musikari buruzkoa da, musika tradizionalari eta joan den mendearen 60ko hamarkadatik aurrera sortu ziren eta gure musika ondarearen parte bilakatu diren abestiei buruzkoa, hain zuzen ere.

“Ez dok hiru” izango da agertokian sketch komikoetako batzuk berreskuratzeko aitzakia eta, batez ere, euskal musikak eta literaturak –eta bien arteko fusioak– eman dituzten egile handietako batzuen letrak eta poema musikatuak aztertzeko, Laboa, Lete, Gabriel Aresti, Atxaga, Oskorri edo Ruper Ordorika, besteak beste. Ohikoa denez, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

Patxo Telleria (Bilbo, 1960) Pedagogian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Euskal Filologian Euskal Herriko Unibertsitatean. 1985ean hasi zen antzezle gisa Maskarada antzerki talde independentean, eta hamar urtez aritu zen bertan. Han eman zituen bere lehenengo pausoak antzerki idazle gisa, “Marxkarada” (1992), “Monstruo Sakratuak” (1994) edo “Kaio Luma Zikina” (1995) lanekin. Antzezle eta antzerki zuzendari gisa egiten duen lanarekin batera, gidoilari eta gidoilari taldeko koordinatzailea ere bada Tentazioa ekoiztetxean. Hainbat telesaiotan aritu da lanean, Bi eta Bat, Jaun da Jabe, Maité, Ertzainak, Goenkale, Irrikitan, Martin, Mi querido Klikowski edo Mugaldekoak, besteak beste.

2009an egin zuen bere lehenengo lana zine zuzendari gisa, 2009ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta Bertsio espainiarreko gidoi hoberenaren saria lortu zuen “Lainoak margotzeko makina” filmarekin. 2012an estreinatu zuen bere bigarren film luzea, “Bypass”, Donostiako Zinemaldian, berak idatzitako gidoiarekin eta Aitor Mazorekin batera zuzendutakoa. Gaur egun Kulturaren Euskal Kontseiluko kide da, eta Mikel Martínezekin batera Tartean antzerki taldea jarri du martxan.

Eskenako, Euskadiko Ekoizle Teknikoen Elkarteko presidente den Mikel Martinezen karrera Telleriaren karreraren parean joan da eta doa. Antzezle nafarrak agertoki gainean egin du bere laneko ibilbide osoa, berak sortutako Maskarada taldearekin, “Danbor Magikoa”, “Pistolaren Begi Zuri Beltzak” eta “Gastibeltzaren Karabinak” antzezlanekin, besteak beste. Halaber, hainbat filmetan hartu du parte, “Lainoak margotzeko makina”, “Zeru Horiek”, “Diot. Gabriel Aresti”, “Muerto de Amor”, “Maité” eta “Lauaxeta”, beste batzuen artean.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Hauek dira iaz, 2016. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.