BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK MAYTE CARRASCO ETA ÁLVARO COLOMER KAZETARIAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, LITERATURAKO ERREPORTAJEARI BURUZKO SOLASALDIAN

Hitzordua Alicia San Juan kazetariak aurkeztuko du eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, nazioartean ibilbide luzea duten bi kazetari elkartuko ditu datorren asteartean, MARTXOAREN 14an. Azken aldiko gatazka armatu askotan egindako lanarengatik ezaguna den Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer izango dira, eta literaturako erreportajeari buruz egingo dute berba.

Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, Alicia San Juan kazetaria izango da, eta ez fikziozko eleberri izenekoan eta literaturako erreportajean zentratuko du solasaldia, kasu bietan ere, liburu batek eskaini dezakeen irakurketarako lasaitasunaz eta luzapen handiagoaz baliatzen den kazetaritzan oinarrituz.

Mayte Carrasco (Terrassa, 1974) gerra gatazketan espezializatutako freelance kazetaria, analista eta irakaslea da. Sarri askotan lortu ditu sariak bere lana dela eta, eta EFE, Telecinco, Cadena SER, El Mundo, El País edo Argentinako la Nación medioetan aritu da lanean, besteak beste. Carrasco Komunikazio Zientzietan lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitate Autonomotik (UAB) eta “International Security Studies” masterra du Terrorismoa eta Gatazken Ebazpena espezialitatean, besteak beste. Mundu arabiarreko eta jihadismoko gaietan espezialista da, kazetari gisa jarraitu dituen gatazketan zuzenean lortu duen esperientzia dela eta, Malin, Sirian, Libian, Txetxenian edo Afganistanen, besteak beste.

Horrez gain, hainbat liburu argitaratu ditu, “La Kamikaze” (La Esfera de los libros arg., 2012) Afganistanen bizi izandako esperientzian oinarritutako fikziozko lehenengo eleberria, kazetaritzaren krisiari eta freelance gerra kazetarien prekaritateari buruzko “Queremos saber” (Debate arg., 2012), edo Siriako gatazka kontatzen ari zela bizi izandako esperientzia gogorrean oinarritutako “Espérame en el paraíso” (Plaza & Janés arg., 2014) fikzioa. Horrez gain, Siriako erresistentziako giza testigantzei buruzko “Estaré en el paraíso” ebooka idatzi du.

Álvaro Colomer (Bartzelona, 1973) idazle eta kazetariari dagokionez, “La calle de los suicidios” (Círculo de Lectores, 2000), “Mimodrama de una ciudad muerta” (Siruela, 2004) eta “Los bosques de Upsala” (Alfaguara, 2009) hiru eleberri independentek osatutako hiriko heriotzari buruzko trilogia argitaratu du. Lehen pertsonan idatzitako hiru eleberri horiek, gizarte garaikidean heriotzaren eta norbere buruaz beste egitearen fenomenoa aztertzen dute hainbat ikuspuntutik. Beste alde batetik, joan den urtarrilean, Espainiako armadak Irakeko inbasioan bizi izan zuen borrokaldietako bat izan zen ‘Najafeko gudua” irudikatzen duen “Aunque caminen por el valle de la muerte” (Literatura Random House) eleberria argitaratu zuen.

“Se alquila una mujer” (MR, 2002) eta “Guardianes de la memoria” (MR, 2008) ez-fikziozko liburuak argitaratu ditu. Lehenengoa, benetako gertakarietan oinarritutako kontakizunez osatuta dagoen Espainiako prostituzioaren fenomenoari buruzko erreportaje zabala da. “Guardianes de la memoria” lanari dagokionez, gertakari historikoek markatutako Europako geografiako bost puntura (Auschwitz, Chernobil, Gernika, Transilvania eta Lourdes) garamatzan bidaia liburua da, Historiaren pisua jasan izan ez balute herri eta hiri horiek zelangoak izango liratekeen jakiteko ahaleginean.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin topaketarako eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Joan den 2016. urtean hauek hartu zuten parte “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.