Cesar Coca kazetariak moderatuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus)
Topaketa, maiatzaren 2tik 11ra ospatuko den Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen 25. edizioa dela eta antolatu diren jarduera berezien barruan sartzen da.
“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak Javier Sierra eta Nacho Ares idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, OTSAILAREN 19an. “El misterio en la literatura” izenburupean, Cesar Coca kazetariak moderatuko duen topaketa, bi egileek maisutasunez menderatzen duten genero horretan zentratuko da. Hitzordua, Bilboko Udalak antolatu duen eta datorren maiatzean 25. edizioa ospatuko duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen programazio bereziaren barruan sartzen da.
Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Oraingo honetan, moderatzaile lanetan, kulturan eta literaturan espezializatutako Cesar Coca kazetaria arituko da, eta misterioak literaturan betetzen duen lekuari, jatorriari eta inspirazio iturriei, erreferentziazko egileei, misteriozko eleberriaren egungo egoerari eta enigma handietako batzuen ebazpenean zientziak bete duen lekuari buruzko solasaldia proposatuko du.
Nacho Ares (Leon, 1970) Antzinako Historian lizentziatua da Valladolideko Unibertsitatean, eta Egiptologia gradua du University of Manchesterreko KNHan. 16 liburu argitaratu ditu, horietatik 10 Egiptoko kulturari buruzkoak. Aresek, ia hiru hamarkadatan Antzinatasunaren eta Arkeologiaren azterketarako benetako erreferentea izan zen Revista de Arqueología zuzendu zuen 10 urtez. Horrez gain, 300 artikulu baino gehiago argitaratu ditu arkeologian eta enigma historikoetan espezializatutako hainbat aldizkaritan,
Ancient Egypt Magazine, Misterios de la Arqueología, Boletín de la Asociación Española de Egiptología, Historia y Vida edo Revista de Arqueología. 2009tik SER irrati kateko SER Historia irratsaioa zuzentzen eta aurkezten du. Iker Jiménezek zuzentzen duen Cuarto Milenio telebista saioko erreportari taldeko kide izan zen, eta gaur egun saio horretan laguntzen jarraitzen du.
Javier Sierra (Teruel, 1971) idazleari dagokionez, bere eleberriak Estatu Batuetan gehien saldu diren liburuen zerrendetan jarri ditu, eta bere lanak 40 hizkuntza baino gehiagora itzulita daude. Eleberri historikoak, garaikideak eta bidaiei buruzkoak idatzi ditu, eta horien artean La cena secreta –42 herrialdetan argitaratua– eta La dama azul –beste 20tan argitaratua– daude. Beste lan ezagun batzuk hauek dira: La ruta prohibida, Las puertas templarias, El ángel perdido, El maestro del Prado (2013an gehien saldu zen fikzio espainiarra izan zen), La pirámide inmortal edo El Fuego Invisible –2017ko Planeta Saria–. Azken lan horretan sorkuntza artistikoaren enigmei egiten die aurre, Grialaren bilaketa insolitoaren bitartez. Javier Sierraren liburu guztiek ezaugarri komun bat dute: irakurleak mundu honetatik beste mundu batzuetara joateko zubi dira. Eta, modu sendoan dokumentatutako misterio zientifikoetan eta historikoetan oinarritutako bidetik egiten dute.
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.
Joan den 2018an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez – Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.