BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK ELVIRA NAVARRO ETA IBAN ZALDUA ELKARTUKO DITU, ELEBERRIAREN EGUNGO EGOERARI BURUZKO TOPAKETAN

Alicia San Juan kazetariak moderatuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Iban Zaldua eta Elvira Navarro idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, AZAROAREN 21ean, eleberriari buruz berba egiteko, orokorrean, eta krisian dagoen generotzat har daitekeen ala ez galdetzeko. Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan –sarrera librea izango da leku guztiak bete arte–, eta Alicia San Juan kazetariak moderatuko du.

Datorren astearteko hitzaldiak eleberriaren egungo egoera aztertu nahi du, genero horren ustezko krisia benetako errealitatea ala pertzepzioa ote den. Beste gai batzuk ere landuko dira, eleberriaren erabilgarritasuna, irakurleen gustua edo generoen arteko muga, besteak beste, duela denbora gutxi Iban Zalduak sinatu zuen eta ironia faltarik ez duen eleberriaren kontrako adierazpenaren “saiakerari” arreta berezia eskainiz. Izan ere, bere iritziz, eleberria genero nagusia bilakatu baita akademikoen, kritikarien eta liburu saltzaileen artean.

Elvira Navarro idazlea (Huelva, 1978) Filosofian lizentziatua da. 2004an Madrilgo Udaleko Sortzaile Gazteen Lehiaketa irabazi zuen. Bi liburu osagarri argitaratu ditu: La ciudad en invierno (Caballo de Troya, 2007) eta La ciudad feliz (Mondadori, 2009), eta baita La trabajadora (Random House, 2014) eleberria eta Los últimos días de Adelaida García Morales (Random House, 2016) ere. Bere lanek XXV. Jaen Eleberri Saria eta egile berri hoberenari ematen zaion IV. Tormenta Saria irabazi dituzte.

2010ean, 35 urtetik beherako gaztelaniazko 22 narratzaile hoberenen zerrendan sartu zuen Granta aldizkariak. Bere lanaren parte bat ingelesera, frantsesera, suedierara, italierara, turkierara eta arabierara itzuli da. Navarro hainbat komunikabidetako kolaboratzaile da, eta La tormenta en un vaso blog-aren egilea.

Iban Zalduari dagokionez (Donostia, 1966) idazlea eta historia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Idatzi dituen lanen artean kontakizun liburuak azpimarra daitezke, Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000;  Mentiras, mentiras, mentiras, 2006); La isla de los antropólogos y otros relatos (2002); Etorkizuna (2005), 2006ko Euskadi Literatur Sariaren irabazlea; edo Inon ez, inoiz ez (2014).

Iban Zalduak Si Sabino viviría (2005) eta Euskaldun guztion aberria (2008, La patria de todos los vascos,  2009) eleberriak argitaratu ditu; Julen Ribasek –Gazte literatura Euskadi Saria– marraztutako zientzia fikziozko Azken garaipena (2011) komikia; eta baita hainbat saiakera lan ere, horien artean, 2013an Saiakera Euskadi Saria eman zion Ese idioma raro y poderoso. Once decisiones cruciales que un escritor vasco está obligado a tomar (2012).

2007. urtearen hasieran “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Hauek dira iaz, 2016. urtean, “Eztabaidak literaturarekin” egitarauan parte hartu zutenak: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.