Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Gizazinea programaren barruan dagoen hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da –sarrera librea izango da leku guztiak bete arte– eta lanaren bi egileak bertan egongo dira.
Bidebarrieta Kulturguneak, telebistan ikus dezakegun Pedro García Aguadoren eta Francisco Castaño Menaren “Aprender a educar” liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du ostiralean (martxoaren 13an). Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Gizazinea programaren barruan dagoen hitzaldi-solasaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte. Saioaren helburua gurasoei jarraibideak ematea da, euren seme-alabak zoriontsu, autonomo, arduratsu eta balioetan aberats izan daitezen eta zoritxarrari eta arazoei aurre egiteko gaitasuna izan dezaten lortzen laguntzeko.
Martxoaren hasieratik dago martxan Gizazinea programa Ibaiondoko barrutian. Kultur ekimenaren helburua, balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideak arte eta ikus-entzunezkoetako sormenarekin lotzea da, gaurkotasuna duten gaietara hurbiltzeko, nazioarteko gatazketara, pobreziara edo elkartasunera, eta baita familia barruko harremanetara eta gure gazteen arazoetara ere, zinearen, arte eszenikoen, musikaren eta liburuen munduaren bitartez, guztia ere gogoeta eta solasaldia sustatzeko xedez.
“Aprender a educar”, Pedro García Aguado waterpolo jokalari ohi eta telebistako Hermano Mayor eta El Campamento saioetako coach-aren eta Francisco Castaño Mena bigarren hezkuntzako irakasle, aholkulari eta familia orientatzailearen hezkuntza programa da. Liburua, biek gurasoentzat eta hezitzaileentzat antolatzen dituzten hitzaldietan dago oinarrituta, eta bertan, seme-alaben hezkuntzari dagokionez egon daitezkeen zailtasunei aurre egin ahal izateko metodoak eta tresnak aztertzen dituzte.
APRENDERAEDUCAR.ORG egitasmotik, Pedro García Aguadok eta Francisco Castaño Menak familia barruko hezkuntza azpimarratzen dute, seme-alabekin erlazionatutako zailtasun posibleak saihesteko babes faktore gisa. Arazo horien artean eskolako porrota, jokaera arazoak edo arazoak ekar ditzakeen drogen kontsumoa daude. Arazoak saihesteko modurik hoberena arazo horiei aurre hartzea dela oinarri gisa hartuta, badakite arduratzen gaituenari buruz hitz egiteko unerik hoberena gertatu aurreko unea dela, arazoa hautemateko, saihesteko eta, agertzen bada, kudeatzeko lagungarri izango diren tresnak eskuratu ahal izateko. Hori dela eta, gurasoen sentsibilizazioa ezinbesteko helburua da.
Pedro García Aguado, Cuatro telebista kateko “Hermano Mayor” eta “El Campamento” saioetako coach-a, Espainiako waterpolo jokalari hoberenetakoa izan da. Hala ere, kirol ibilbide arrakastatsu horrek gauaren, alkoholaren eta drogen mundura eraman zuen. Une honetan, Pedro García Aguadok, adikzioaren gaixotasunarekin eta nerabeen jokaera arazoekin erlazionatutako hainbat alorretan ematen duen aholkularitza espezializatuarekin uztartzen du telebistan egiten duen lana. Halaber, hitzaldiak ematen eta tailerrak antolatzen ditu, gurasoek, seme-alaben hezkuntzan lagungarri izango dituzten tresnak aurki ditzaten, balioetan oinarritutako hezkuntzan eta adimen emozionalaren sustapenean sakonduz, gazteen garapenean ezinbesteko zutabe baitira.
Francisco Castaño Mena Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. 7 urtez tutore izan da Aula Oberta proiektuan. Proiektu horrek, motibazio falta, auto-estimu txikia, jokaeraren arazoak, absentismoa, hezkuntza behar bereziak, gizarte alorreko arrisku edo ikasketako atzerapen nabarmena bezalako arazoak dituzten ikasleak jasotzen ditu; bertan banaka egiten da lan horrelako ikasleekin, metodologia eta planteamendu berriak landuz. Aula Obertan ahalegina egiten da gazteek esfortzuaren balioa barneratu dezaten, gurasoei ere jarraipena eta laguntza eskainiz, seme-alaben hezkuntzan gidatzeko. Familia Aholkulari eta Orientatzaile gisa aritzen da Pedro García Aguadok Bartzelonan zuzentzen duen TEMPUS Zentroan, eta Castelldefelseko MEDIBAIX Osasun Zentroan.