BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK LITERATURA FRANTSESARI BURUZKO BESTE TOPAKETA BAT JASOKO DU BIHAR, OSTIRALEAN, EL PORVENIR DE LOS TERRÍCOLAS LIBURUA AURKEZTUKO DUEN MARC AUGÉ IDAZLE ETA ANTROPOLOGOAREKIN

Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du. Streaming-ez ere jarraitu ahal izango da: www.kulturguneatb.eus.

 

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, literatura frantsesari buruzko beste topaketa bat jasoko du bihar, urriaren 26an. Oraingo honetan, gonbidatua, Marc Augé idazle eta Pariseko EHESSeko antropologia eta etnologia irakaslea izango da, El porvenir de los terrícolas. El fin de la prehistoria de la humanidad como sociedad planetaria (Gedisa arg.) liburuaren gaztelaniazko argitalpena dela eta. Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin, eta Fabrice Charrierek aurkeztuko du.

Lan berri honetan, Marc Augék orainaldiaren kritika iradokigarrian murgiltzen ditu irakurleak, eta impasse honetatik ihes egiteko eta beste garai bat inauguratzeko erronkaren aurrean jartzen ditu. Aurrerapen tekno-zientifikoak gaindituta eta gure garaiko ideologien aurrean etsituta, badirudi gizateria, etorkizunerako bidea argituko duen “itsasargi” barik geratu dela. Ezaugarri gisa gero eta desberdintasun handiagoak, leku guztietatik zabaldutako indarkeria eta atzerakada ideologiko nabarmena dituen orainaldi amaigabean bizi gara.

Gizartearen eta gizakiaren izaera hori definitzeko, Augék “gizateriaren historiaurrea gizarte planetario gisa” esamoldea erabiltzen du. Orain arte ikusi gabeko garapen teknologikoak definitzen duen garai berrian sartu gara, baina migrazio mugimendu globalek, krisi ekonomikoak, politikoak eta ekologikoak eta leku ez diren horietan (kontsumorako, igarotzeko eta komunikaziorako espazioak) egiten den bizitzaren eta benetako lekuetan, harreman birtualik gabekoetan, egiten den bizitzaren arteko tentsioak ere definitzen dute garai berri hori.

Marc Augé (Poitiers, 1935) antropologia eta etnologia irakaslea da Pariseko École des Hautes Études en Sciences Sociales izenekoan eta CNRSSko ikerketa zuzendaria da. Lan asko idatzi ditu, horien artean: El tiempo en ruinas (2015), La comunidad ilusoria (2012), Elogio de la bicicleta (2008), El oficio del antropólogo (2007), ¿Por qué vivimos? (2004), Ficciones de fin de siglo (2001), Dios como objeto: símbolos, cuerpos, materias, palabras (1997), Las formas del olvido (1998), La guerra de los sueños (1998) edo Hacia una antropología de los mundos contemporáneos (1995), besteak beste.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.