Poetalia elkartearen lankidetzarekin antolatu den topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus)
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, poesia ikuskizuna jasoko du datorren ostiralean, arratsaldeko 19:30etik aurrera Poetalia elkartearekin, Gloria Fuertes idazle madrildarra omentzeko, jaio zenetik ehun urte betetzen direnean.
“100 años de Gloria” izenburua eramango duen ekitaldian egilearen zenbait poema irakurriko dira, jendeak gutxien ezagutzen dituenei ere euren lekua eskainiz. Luisi Landak, Iara Buenok, Carmen Martínezek eta Amaia Oruetak jarriko diete ahotsa poetaren bertsoei, Jesús Martín kontalariak eta Roberto Rivasen zuzeneko musikak lagunduta.
XX. mendeko Espainiako literaturako antologia handietan agertzen den emakume gutxienetakoa izateaz gain, Gloria Fuertesek (1917-1998), bere obra poeta handiek eta jende xumeak ezagutzea lortu zuen. Urte luzez umeen munduarekin erlazionatuta egon zen poetak helduentzat idatzi zuen lana nahiko ezezaguna da, eta bertan mina, maitasuna, umorea eta edertasuna erakusten ditu. Erretorikatik ihes egiten du, eta ez du inolako solemnitaterik. Bere poesia bere pertsonaren isla da.
Poetalia, poesia maite eta idazten duten pertsonez osatutako bertako elkartea da. Dikzio, poesien errezitatze eta irakurketa dramatizatu tailerrak antolatu ohi ditu. Elkartearen helburu nagusia, poesiaren bitartez modu ederrean eta harmonikoan adierazitako sentimenduen mundua zabaltzea eta guztiekin konpartitzea da.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren eta giza eta zientzia ezagupenen hedapenerako gunea da.