Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Elena Sierra kazetariak aurkeztuko du. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Gioconda Belli Nikaraguako idazlearen Las fiebres de la memoria (Seix Barral arg.) azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteazkenean, URRIAREN 24an. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, 19:30ean, sarrera librearekin aretoko leku guztiak bete arte, eta kulturan espezializatutako Elena Sierra idazle eta kazetariak aurkeztuko du.
La mujer habitada long seller arrakastatsuaren egilea den Gioconda Belli, Graciela Zapata Choiseul de Praslin bere amona misteriotsuaren legendan murgiltzen da eleberri honetan, Nikaragua iparraldeko mendien artean galduta zegoen hiri txiki batean bisitatzen zuen indarrez eta bizitasunez betetako emakumea. Familiaren historiaren hariari jarraituz, Bellik edertasun handiz kontatzen ditu XIX. mendeko Frantziako gortean izandako eskandalua eta bere leinuaren jatorria. Las fiebres de la memoria maitasun, misterio eta abentura eleberria da, nortasun bat berriro asmatzeko eta beste aukera bat onartzeko erronkari emandako begirada intimoa.
1847. urtean, Charles Choiseul de Praslinek, Orleanseko Luis Felipe I. Frantziako erregearen gorteko nobleak, hilketa pasional bat egin izanaren salaketa jasan zuen. Bere adiskide handia zen erregeak berak esanda, De Praslinek bere buruaz beste egin izanaren itxurak egin eta ihesari ekin zion, New Yorkerantz. Bertan Cornelius Vanderbilt magnate ahaltsua ezagutu zuen, eta hark Ruta del Tránsito izenekoan berarekin joatera gonbidatu zuen, San Juan ibaitik eta Nikaraguako aintziratik zehar. Herrialdeko landaredia tropikalak eta edertasun exotikoak liluratuta, bertan geratzea erabaki zuen, urruneko leku hartan inork ez zuela ezagutuko eta. Matagalpan, brumen hirian, emakume erakargarria gurutzatu zen bere bizitzan, Margarita Arauz alargun gaztea, La Rosa Blanca ezizenez ezagutua.
Gioconda Belli (Managua, Nikaragua, 1948), “Nikaraguako narratiba berriaren” kide garrantzitsuenetakoa da. Biblioteca Breve eta Sor Juana Inés de la Cruz sariak irabazi zituen El infinito en la palma de la mano (Seix Barral, 2008) eleberriarekin, eta La mujer habitada (1988; Seix Barral, 2010) eleberri ikonikoaren egilea ere bada. Lan horrek Alemaniako Liburu saltzaileek, Liburuzainek eta Editoreek Urteko Eleberri Politikoari ematen dioten saria eta Arte Akademiaren Anna Seghers Saria irabazi zituen. Bere eleberrien artean Sofía de los presagios (1990; Seix Barral, 2013), Waslala (1996; Seix Barral, 2006), El pergamino de la seducción (Seix Barral, 2005), El país de las mujeres (La Otra Orilla Saria 2010) eta El intenso calor de la luna (Seix Barral, 2014) ere aipatu behar dira. El país bajo mi piel (2001) garai sandinistan izandako bere oroimenak biltzen dituen lana ere argitaratu du.
Bere lan poetikoak Mariano Fiallos Gil Saria lortu zuen Nikaraguan, Casa de América Saria Kuban eta Generación del 27 eta Ciudad de Melilla Sariak Espainian. 2011n, Seix Barral argitaletxeak Escándalo de miel antologia poetikoa argitaratu zuen. Frantziak Arteen eta Letren Chevalier titulua eman zion, eta 2018an Hermann Kesten Saria jaso zuen. Nikaraguako PEN taldeko presidentea da. Bere lana hogei hizkuntza baino gehiagora dago itzulita. Bere literatura lanak mundua emakumearen ikuspegitik erakusten digu.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.