BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, EUSKARA, ERRO ETA GARA IZENBURUA DARAMAN ETA BITTOR KAPANAGA IDAZLE ETA EUSKALTZALEAREN FIGURA OROITU GURA DUEN SOLASALDI-KONTZERTUAREN BITARTEZ OSPATUKO DU ASTEARTEAN EUSKARAREN EGUNA

• 19:30ean hasiko den eta leku guztiak bete arte sarrera librea izango duen ekitaldian Gontzal Mendibil, Xabier Kintana, Juan Manuel Etxebarria eta Juan Luis Goikoetxea arituko dira, beste batzuen artean. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak ekitaldi berezia jasoko du asteartean, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatzeko. Euskara, erro eta gara. Izan gare, bagare eta izango gare izenburuarekin, Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzalearen figurara hurbilduko da, Gontzal Mendibilen ahotsaren eta Xabier Kintana euskaltzainaren, Juan Manuel Etxebarria filologoaren eta Juan Luis Goikoetxea idazlearen arteko solasaldiaren bitartez. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte, eta streamingez eskainiko da www.kulturgunea.eus webgunearen bitartez.

Gontzal Mendibilek duela denbora gutxi argitaratu duen eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea duen Bittor eta biok. Bittor Kapanaga “Euskal Sokratesen” gogoeta ondarea liburu-diskoa dela eta, Euskararen Egunaren ospakizuna baliatuz, euskarak eta euskal munduak eman duten figura azpimarragarrienetako bat omendu gura da. Horrela, ekitaldian, Gontzal Mendibilen abestiak eta hiru aditu eta idazle azpimarragarriren arteko solasaldi lasaia izango ditugu, Xabier Kintana, Juan Luis Goikoetxea eta Juan Manuel Etxebarria.

Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzaleak (Otxandio, 1925 – 2011) Eibarren ikasi zuen, eta 50eko hamarkadan, euskal hizkuntza eta kultura berreskuratzeko sortzen ari zen mugimenduan hartu zuen parte. 1953an Euzko Gogoa aldizkarian hasi zen idazten, eta geroago Zeruko Argia, Jakin, Txistulari, Karmel eta Anaitasuna aldizkarietan idatzi zuen. Bere lan nagusia 1978an argitaratu zen: Euskera erro eta gara. Lan horretan, euskararen jatorriari buruzko ikerketa lana azaltzen du. Oso ezaguna da, baita ere, Gontzal Mendibilek eta Xeberrik grabatu zuten Bagare abestiaren letra idatzi zuelako. Euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanari esker, Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria eman zion 1997an, eta Mendebalde Kultur Alkarteak omenaldia egin zion 2000. urtean.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da. Eusko Ikaskuntzak 1949an ezarri zuen, eta 1995ean instituzionalizatu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.

AGENDA

ABENDUAK 3. 19:30
EUSKARAREN EGUNA 2019

EUSKARA, ERRO ETA GARA (Musika eta Solasaldia)

PARTE HARTZAILEAK:

XABIER KINTANA
(Euskaltzaina)
JUAN MANUEL ETXEBARRIA
(Euskal Filologian Doktorea)
GONTZAL MENDIBIL
(Abeslari eta Idazlea)
JUAN LUIS GOIKOETXEA
(Euskaltzain urgazlea eta idazlea)