BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ESPAZIOA INGENIARITZAREN EDO ARKITEKTURAREN IKUSPUNTITIK IKUSTEARI BURUZKO TOPAKETA JASOKO DU EKAINAREN 27AN, ZIENTZIA HEDAPENARI BURUZKO BERE PROGRAMAZIOAREN BARRUAN

Topaketa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea liburutegian bertan, BIHARTIK aurrera. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bidebarrieta Kulturguneak, pertsonek espazioa ulertzeko ditugun pertzepzio desberdinetara hurbildu gura duen hitzaldi-solasaldia jasoko du datorren ostegunean, ekainaren 27an. Horretarako, gure eguneroko espazioei buruz dugun pertzepzioan ingeniaritzak eta arkitekturak duten eragina aztertuko da. Jardunaldian Santiago de Molina arkitektoak, Christian García Bello artistak eta Manuel F. Herrador hormigoi estrukturaleko irakasleak hartuko dute parte.

EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera antolatu den ekitaldia 19:00etan hasiko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta doako sarrera izango du, baina ezinbestekoa izango da liburutegian bertan gonbidapena jasotzea BIHARTIK aurrera. Hitzaldia jarraitu gura duten baina bertara joan ezin diren pertsonek streaming-ez jarraitu ahal izango dute www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Artelan batzuek pertsona batzuk liluratuta uzten dituzte, eta beste pertsona batzuek, berriz, ez dituzte bat ere atsegin. Gauza bera gertatzen da espazioekin, lekuekin. Leku batzuetan oso gustura egoten gara, eta beste batzuek, berriz, alde egiteko gogoa ematen digute. Espazioaren antolakuntzak eragina du gugan, inolako zalantzarik barik, eta gure etxeak, gure auzoak eta gure hiriak osatu dute, neurri batean, gaur egun garen pertsona. Baina, zelan jarduten du gure pertzepzioak espazioen aurrean? Zerk eragiten du espazio bat guretzat atsegina izatea edo ez izatea?

Christian García Bello Arte Ederretan lizentziatutako artista da, eta Arte Garaikideko Masterra du Vigoko Unibertsitatetik. Banakako eta taldekako erakusketak egin ditu ARCOMadrid edo ARTBO azokatan, besteak beste. Proiektuak eraman ditu aurrera Belgikako, Herbehereetako edo Errusiako egoitza artistikoetan. Horrez gain, hainbat sariketan parte hartzeko aukeratua eta saritua izan da, Galiziako Auditoriumak edo María José Jove Fundazioak antolatutakoetan, besteak beste.

Manuel F. Herrador bide ingeniaria da Madrilgo Unibertsitate Politeknikotik eta doktorea Coruñako Unibertsitatetik (UDC). Azken horretan egiten du lan, Bide, Ubide eta Portu Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Eraikuntzako Ingeniaritza saileko irakasle eta ikerlari gisa. UDCko Eraikuntza Taldeko (gCons), Zirkulu Eszeptikoko eta Asociación Galega de Comunicadores de Cultura Científica e Tecnolóxica (DivulgACCIÓN) elkarteko kide da.

Santiago de Molina doktore arkitekto eta proiektu irakaslea da San Pablo CEU Unibertsitatean eta Alcalá de Henareseko Unibertsitatean. Hainbat liburu argitaratu ditu eta arkitekturaren ikuspegi desberdina eta erabilerraza eskaintzeko helburua duen “Múltiples estrategias de arquitectura” blog-a zuzentzen du.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu, “Darwinen Eguna”, besteak beste, –hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa–, zientzia jende guztiari era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.

GONBIDAPENAK JASOTZEA
Lekua: Bidebarrietako liburutegia
Egunak: Ekainaren 21etik 27ra. Larunbatean eta igandean izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-19:00.
Gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.

Leku guztiak bete ondoren ez da aretora sartzen utziko.
+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus