BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, EL ALIADO, IVÁN REPILA IDAZLE BILBOTARRAREN AZKEN ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU OSTEGUNEAN

Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Katixa Agirre idazleak aurkeztuko du. Ekitaldia Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Iván Repila idazle bilbotarraren El aliado (Seix Barral arg.) azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du ostegunean, apirilaren 4an. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokaz jabetzera deitzen duen umorez betetako amodiozko istorioa. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte, eta Katixa Agirre idazleak aurkeztuko du. Ekitaldia Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Iván Repilaren istorio berria gaurkotasun osoko gaian zentratzen da, borroka feministan. Izan ere, mugimendu feministako aktibista garrantzitsu bat ezagutzean, protagonista, bere burua berdinzaletzat duen gizon garaikidea, berdintasunari dagokionez mundua ez dagoela oraindik behar lukeen lekuan konturatzen da. Gizarte arloko konkista guztiek, eraginkor izateko, indarkeriazko iraultza eskatu dutela eta, muturreko matxismo kanpaina anonimoari ekitea erabaki du, aldaketa erradikala sortzeko. Pixkanaka bizitza bikoitza osatuko du, erabat matxista den talde anonimo eta bortitzaren buru gisa, eta kaleetan erantzuna ematen dion mugimendu feministako liderraren bikote gisa.

“Aliatuak” ordaindu beharreko prezioa, maite duen emakumeak gehien gorrotatzen duen izakia bilakatzea izango da. Oin bat errealismoan eta beste bat etorkizun posible batean dituen eleberri gisa pentsatuta, umorez eta erabateko gaurkotasuna duen gai bati, feminismoari, buruzko gogoetez betetako trama du. Iván Repilaren idazketak eleberri dibertigarriaren, harrigarriaren eta probokatzailearen metxa pizten du, eta aldi berean, maitasun istorio tragiko eta berdintasunaren aldeko borrokaz kontzientziatzeko deia da.

Iván Repila (Bilbo, 1978) idazle, editore eta kultur kudeatzailea da. Nazio eta nazioarte mailako zenbait erakunde eta instituziorentzat egin du lan antzerki, musika eta dantza kongresuen, topaketen eta jaialdien ekoizpenean, koordinazioan eta zuzendaritzan. Una comedia canalla, El niño que robó el caballo de Atila eta Prólogo para una guerra eleberrien egilea da. Horrez gain, poesia garaikidean espezializatutako MasMédula Ediciones argitaletxearen bazkide sortzailea da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegian dagoen gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura sustatzea da.