BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “BIDEBARRIETA ZIENTIFIKOA” ZIKLOAREN SAIO BERRI BAT HARTUKO DU ASTEAZKENEAN, HILAK 6, MIKROALGETAN ZENTRATUTA

  • Hitzaldia Sergio Parra Seoane Biologiako doktoreak, Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumako (BMCC) zuzendaria eta UPV/EHUko Ekologia saileko irakasle titularrak emango du.

(Bilbon, 2022ko apirilaren 4an).- Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak zientziarekin beste topaketa bat ospatuko du, “Bidebarrieta Zientifikoazikloaren barruan egingo den jardunaldi batekin. ASTEAZKENEAN, hilak 6, ospatuko den hitzaldia Sergio Parra Seoane, Biologiako doktoreak, Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumako (BMCC) zuzendaria eta UPV/EHUko Ekologia saileko irakasle titularrak emango du. Hitzordua Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian izango da, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatuta, eta 19:00etan hasiko da.

Planetako ur guztietan, gozoetan zein gazietan, tamaina txiki-txikia baina potentzial handia duten organismo fotosintetikoak hazten dira. Mikroalgak dira, eta horien printzipio aktiboak hainbat elikagai, sendagai eta produktu kosmetikotan aurki ditzakegu egun, oso onuragarriak baitira osasunarentzat proteinen kontzentrazio handiagatik eta haien propietate antioxidatzaileengatik. Kontsumo hutsaz harantzago, egun, energia berdea ekoizteko eta nekazaritzarako ongarritzat ere erabiltzen dira, eta datozen urteotan, haragiaren ordezko nutrizio-iturri osasungarri eta ekonomikoa bihur daitezke, etorkizuneko balizko gainpopulazioaren ondorioak arintzeko.

Ezagunenak dira espirulina, nutrizio-osagarritzat duen erabileragatik modan jarri dena, eta chlorella deritzona, baina mikroorganismo horien 30.000 espezie baino gehiago daude. Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumak (BMCC) Bilboko Itsasadarretik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik eta geure inguruko beste ur-ingurune gozo eta gazietatik ateratako hainbat espezieren 600 andui baino gehiago ditu eta hainbat erakunderi laguntzen die barietateak identifikatzeko eta biomedikuntzan, kosmetikan, nekazaritzan zein elikaduran izan ditzaketen aplikazio berriak aztertzeko.

Hitzaldian, mikroalgen ezaugarri eta aplikazio nagusiak deskribatzeaz gain, Sergio Parra Seonek mikroalgei lotutako arazo batzuk azaldu eta bioteknologiaren arloan baliabide bezala izan ditzaketen erabilerak aztertuko ditu; adibidez, bioerregaiak eta bestelako bioenergia-iturriak ekoizteko, ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako ekoizpen jasangarriagoa lortzeko asmoz.

Sergio Seoane Parra, Biologian doktoratua, UPV/EHUko Ekologia Saileko irakasle titularra da, baita Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumako (BMCC) zuzendaria ere. Fitoplanktonaren ekologian eta taxonomian aditua, haptofitei buruzko doktorego-tesia landu zuen, Bilboko Itsasadarrean dagoen talde fitoplanktoniko txiki hori aztertuz. Fitoplanktonari buruzko hainbat proiektutan parte hartu du, uren kalitatearen adierazletzat hartuz, eta berrikitan, alga toxikoak eta mikroalgen aplikazio bioteknologikoak aztergai dituzten ikerlanak egin ditu

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA kulturari eskainitako gunea da, Bidebarrietako liburutegiaren barruan. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du helburu. 

  • Sarrera doakoa da leku guztiak bete arte.
  • Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Kulturgunea Telebista webgunean. 
  • Maskararen erabilera nahitaezkoa izaten jarraituko du barruko ekimen guztietan.

SARE SOZIALAK

www.bilbaokultura.eus