BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK MARIE CURIE IKERLARI ETA FISIKA ETA KIMIKA NOBEL SARIAREN FIGURA GOGORA EKARRIKO DUEN IKUSKIZUN ESZENIKOA JASOKO DU OSTIRALEAN, JAIO ZENETIK 150 URTE BETE DIRENEAN

Carlos Paneraren zuzendaritzapean Itziar Ituñok eta Chema Trujillok antzeztuko duten pieza 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Erre Arteka & Maskaradak ekoiztutako antzezlana jasoko du ostiralean, 19:30etik aurrera. Carlos Paneraren zuzendaritzapean Itziar Ituño eta Chema Trujillo protagonista dituen “Marie Curie-Manya Sklovowska. El porvenir de la cultura” ikuskizun eszenikoa testu autobiografikoetan eta beste dokumentu historiko batzuetan oinarritutako lana da, Marie Curie zientzialaria eta Fisika eta Kimika Nobel saria jaio zenetik 150 urte bete direnean.

Izan ere, 1933an, hil baino urtebete lehenago, Errepublikako gobernuak Madrilera bidaiatzeko gonbidapena luzatu zion Marie Curieri. Residencia de Estudiantes historikoan antolatu zen “El Porvenir de la Cultura” izeneko Nazioarteko Sinposioa inauguratu, haren buru izan eta bertan parte hartu zuen. Sinposio hartan, Miguel de Unamunok, Gregorio Marañónek, Paul Valeryk eta garai hartako nazio eta nazioarte mailako beste aditu garrantzitsu askok hartu zuten parte.

Madame Curieren bizitzako azken garaia izan zen. Zientzia eta giza alorretan ibilbide berezi eta paregabea egin ondoren; bi Nobel sari jaso zituen lehenengo pertsona izan eta gero, eta Lehen Mundu Gerran, bere ibilgailu erradiologikoa gidatuz fronteko zaurituei arreta eskaini ostean, 1934an hil zen, eta zientziaren eta konpromiso moralaren aldetik legatu ikusgarria utzi zuen.

Urte luzez radioaren eta erradiologiaren aurkikuntzan babesik gabe lan egitearen biktima, gaixorik eta ia itsu, alabak lagundu zion gaixotasunaren azken egunetan, eta hitz hauek entzun ahal izan zituen bere ezpainetatik: “bizitzarik hoberena ez da luzeena, ekintza onetan aberatsena baizik”.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan dagoen gunea da, eta bere helburuen artean liburuaren, literaturaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena daude.