ASTELEHENEAN IREKIKO DA BILBOKO UDALAK IRAILEAN, “UNA RÍA CON DUENDE” JAIALDIAREN BARRUAN, ESKAINIKO DITUEN GITARRA, TXALO ETA KONPAS, DANTZA ETA KANTE FLAMENKO TAILERRETAN PARTE HARTZEKO IZEN EMATE EPEA

Hasierako eta tarteko mailez gain, ikastaro aurreratuak ere eskainiko dira, ibilbide luzeko artisten eskutik, Ángela Carbajo bailaorea, Oscar Jareño musikaria, Antonio León gitarra jolea edo Miguel Jiménez Jiménez kantaore beteranoa, besteak beste.

Matrikula abuztuaren 16ra arte egin ahal izango da, www.bilbao.eus udal webgunearen eta 010 informazio telefono zenbakiaren bitartez.

 

Bilboko Udalak astelehen honetan zabalduko du Kultura Sailak antolatutako “Una Ría con Duende” 2018 topaketa flamenkoen beste edizio baten barruan sartzen diren gitarra, txalo eta konpas, kante eta dantza flamenko tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Jardunaldiak irailean izango dira, eta prestakuntza eskaintza horrez gain, hilabete horretako larunbat guztietan zuzeneko emanaldiak eskainiko dira Ibaiondoko barrutiko zenbait agertokitan.

Iaz izan zuten harrera bikaina ikusita, aurtengo edizioan, hasierako eta maila ertaineko tailerrez gain, maila aurreratuko ikastaroak ere programatu dira, flamenkoaren barruan ibilbide luzea duten artisten eta irakasleen eskutik, Ángela Carbajo bailaorea, Oscar Jareño musikaria, Antonio León gitarra jolea edo Miguel Jiménez Jiménez kantaore beteranoa, besteak beste. Prestakuntza, tailerretan hainbat urtez parte hartu duten eta diziplina horietakoren batean euren prestakuntzan beste pauso bat eman nahi duten pertsonei dago zuzenduta.

Tailer horietakoren batean parte hartzeko interesa duten pertsonek abuztuaren 16ra arte eman ahal izango dute izena, www.bilbao.eus udal webgunearen bitartez edo herritarren arretarako 010 telefono zenbakira deituz. Ikastaro bakoitzak hiru egun (6 ordu) iraungo ditu, eta 25 euro balioko du (15 euro langabetuentzat, erretiratuentzat eta ikasleentzat eta 10 euro Diru-sarreren Berme Errentaren jasotzaileentzat). Klaseak, taldeen arabera, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango dira astelehenetik ostiralera, eta goizeko 11:30etik 13:30era larunbatetan, San Frantziskoko udaltegian.

Dantza flamenko tailerrei dagokienez, irailaren 3an hasiko da hasierakoa, Marta Pamparekin, 10ean tartekoa eta 13an dagoeneko dantza ezagutza aurreratuak dituztenei zuzuzendutakoa, azken biak Ángela Carbajo bailaorearekin. Nazioarteko artistak, dantza flamenkoaren teknika eta koreografia osagai aurreratuagoak irakatsiko ditu besoen, eskuen eta zapaten lanaren bitartez.

Txalo eta konpas ikastaroak irailaren 10ean hasiko dira, hasierako mailakoak, eta irailaren 17an dagoeneko tarteko ezagutzak dituztenei zuzendutakoak. Txalo eta konpas tailer aurreratua irailaren 24, 25 eta 26an izango da, eta Oscar Jareño artistak emango du. Diziplina anitzeko artistak eskainiko dituen saioen helburua, palo flamenkoen bizipenak transmititzea da, konpasaren pertzepzioaren eta jarraipenaren eta gorputzeko elementuen eta perkusio txikien erabileraren bidez. Hori guztia, zorroztasun teknikoa, konpasaren magian adierazten den flamenkoaren funtsezko izaera ludikoarekin uztartuz.

Bi gitarra tailer ere programatu dira, hasierako mailakoa eta maila aurreratukoa, irailaren 6an, 7an eta 8an. Oraingo honetan, prestatzaileak Enrique Borja ‘Vaca’ eta talentuz betetako Antonio León gitarra jolea izango dira, hurrenez hurren. Leónek gitarra flamenkoaren alorrean, laguntzaile zein bakarlari gisa, dituen esperientzia eta ezagutza guztiak eskainiko ditu, zenbait ariketa teknikoren, erremateren eta falseteren bitartez.

Beste urte batez, kante flamenko ikastaroa ere eskainiko da irailaren 13an, 14an eta 15ean, Miguel Jiménez Jiménez irakaslearekin. Kantaore beteranoaren eskutik, partaideak kante flamenkoan murgilduko dira, funtsezko baliabideak eta teknikak ezagutzeko eta, aldi berean, gitarra laguntzailearekin ezartzen den lotura aztertzeko.

Ikastaro guztiek 15 plaza dituzte, dantza tailerren kasuan izan ezik, horietan plaza kopurua 10era mugatu baita, dantza flamenkoan aritzeko leku gehiago edukitzeko eta kalitate handiagoa eskaini ahal izateko. Aurre-inskripzioek plaza kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da abuztuaren 23an, eta lehentasuna izango dute Ibaiondoko barrutian eta Bilbon erroldatuta daudenek, gainerako udalerrietakoen aurrean.

Beste alde batetik, eta berrikuntza gisa, Bilbao Musikak gitarra eta perkusio joleei eta musika-tresnekin esperientzia eta musika lengoaia ezagutzen duten bakarlariei zuzendutako Master Class-ak eskainiko ditu. Irakasleak Oscar de Manuel –musika-tresna melodikoak–, Oscar Jareño –perkusioa– eta Marco Borge –gitarra– izango dira. Irailaren 21ean 17:00etatik 20:00etara eta 22an 10:30etik 13:30era izango dira. Master Class-ek 30 euro balioko dute, eta izen emateak Bilbao Musikako webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

ORDUTEGIEN ERANSKINA

Dantza I (hasiera): Marta Pampa.
Irailak 3, 4 eta 5: 19.00 – 21:00

Dantza II (tartekoa): Ángela Carbajo.
Irailak 10, 11 eta 12: 19:00 – 21:00.

Dantza III (aurreratua): Ángela Carbajo
Irailak 13 eta 14: 19:00 – 21:00
Irailak 15: 11:30 – 13:30

Txaloak-konpasa I (hasiera): Ander Sánchez.
Irailak 10, 11 eta 12: 19:00 – 21:00

Txaloak-konpasa II (tartekoa): Darío Gil Campos.
Irailak 17, 18 eta 19: 19:00 a 21:00.

Txaloak-konpasa III (aurreratua): Oscar Jareño.
Irailak 24, 25 eta 26: 19:00 – 21:00.

Gitarra I (hasiera): Enrique Borja “El Vaca”
Irailak 6 eta 7: 19:00 – 21:00
Irailak 8: 11:30 – 13:30

Gitarra II (aurreratua): Antonio León
Irailak 6 eta 7: 19:00 – 21:00
Irailak 8: 11:30 – 13:30

Kante tailerra: Miguel Jiménez Jiménez
Irailak 13 eta 14: 19:00 – 21:00
Irailak 15: 11:30 – 13:30