BILBOK «MUSEOEN MAPA» AURKEZTU DU, URIKO HAMAR MUSEOETAN ZEHARREKO IBILBIDEA

• Museoen bultzada ezinbestekoa izan da Bilbo eraldatzeko eta kultura- uri bihurtzeko. Gidak urian zeharreko ibilbidea proposatzen du, museoz museo.
• Gaur eguerdian aurkeztu dute «Museoen Mapa», Arabiar Aretoan. Juan Mari Aburto alkateak zuzendu du ekitaldia, eta Bilboko museoetako zuzendariak izan ditu aldamenean.

Bilboko Udalak «Museoen Mapa» aurkeztu du gaur eguerdian, urian dauden hamar museoei buruzko informazioa biltzen duen gida. Juan Mari Aburto alkateak zuzendu du Arabiar Aretoan egindako ekitaldia, eta honako hauek ere izan dira bertan: Miguel Zugaza, Arte Ederren Museoaren zuzendaria; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren kudeatzailea; Jon Ruigomez, Itsasmuseum Bilbaoren zuzendaria; Juan Manuel Gonzalez, Eleiz Museoaren zuzendaria; eta Asier Arrate, Athletic Club Museoaren zuzendaria.

Alkatearen esanetan, Museoen Mapa «oso proiektu pozgarria da. Gure museoak funtsezkoak izan dira, Bilbo gaur egun ezagutzen dugun uria izan dadin. Egunero paseatzen dugu bere kaleetatik, eta harrotasun handiz erakusten diogu munduari gure uri kosmopolita, kultural eta modernoa. Nazioarteko ikuspegia du Bilbok, baina ez du sekula ahazten nondik datorren; ez ditu ahazten garai bateko bere ezaugarriak; sustraietan errotuta ditu funtsezko balioak».

10 MUSEO, HIRIBURUAN

Katalogoan, honako hauei buruzko informazioa dago: Arte Ederren Museoa; Guggenheim Bilbao Museoa; Euskal Museoa; Berreginen Museoa; Itsasmuseum Bilbao; Eleiz Museoa; Zezenketa Museoa; Arkeologi Museoa; Pasio Irudien Museoa, eta Athetic Club Museoa.

Gidak, beraz, proposatzen du museo horietan guztietan zeharreko ibilbide bat. Abiapuntua Bilboren bihotz historikoan dago, Zazpi Kaleen inguruan, han daude eta Euskal Museoa, Berreginen Museoa, Eleiz Museoa, Arkeologi Museoa eta Aste Santuko Pasio Irudien Museoa. Eta, itsasadarraren bideari jarraituz, Abandoibarrean aurkituko ditugu Bilboko bi pinakoteka handiak: Guggenheim Bilbao Museoa, nazioarteko artearen eta arkitekturaren erreferentea, eta Arte Ederren Museoa, bere sailean Europako onenetakotzat jotzen dena.

Ibilbidea osatzeko, Itsasmuseuma, uriaren iragan itsasontzigile eta itsas nabigaziokoaren lekuko; Athletic Club Museoa, San Mamesen, futbolaren «katedralean», eta Zezenketa Museoa, Vista Alegre zezen-plazan.

Bizkaiko hiriburuko kultura-zentro horiei esker, bisitariek eta bilbotarrek aukera izango dute uriaren zazpi mendeko historia ezagutzeko eta «lehengo eta oraingo Bilbora» hurbiltzeko.

Etorkizunera begira, alkateak hiru gako eman ditu, uriaren eta arte-zentroen kultura- kudeaketan estrategikotzat jotzen dituenak: ahalegin kolektiboa egiten jarraitzea, «gure museoak herritarrengandik gero eta hurbilago egon daitezen»; kultura bultzatzea, gizartea egituratzeko elementu gisa, «kulturan inbertitzea, pertsonengan inbertitzea» delako, eta uriko museoak, XXI. mende honetan, «ekipamendu hutsak baino, agente eragileak izan daitezela gure inguruan gertatzen ari diren gizarte-eraldaketetan eta datozkigun erronketan».

GIDA, 4 HIZKUNTZATAN

Gida euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. 19 orrialde ditu, argazki eta testuekin. Eta, uriko hamar museoen funtsezko informazioa emateaz gain, beren historia eta berezitasunak jasotzen ditu. «Museoen Mapa» eskuragarri dago jada, museoetan eta Bilbao Turismoren bulegoetan. Bertsio digitala ere deskargatu ahal da, eta irakurketa errazeko formatua ere bai —ulertzeko zailtasunak dituztenentzat—.