5.087 FILM LABURREK, 2014AN BAINO 1.719 GEHIAGOK, HARTUKO DUTE PARTE AZAROAREN 13TIK 20RA OSPATUKO DEN BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN–ZINEBIREN 57. EDIZIOAN

Oscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak egin eta lehiaketa iragartzen duen kartelak, Michelangelo Antonioniren “Zabriskie Point” filmaren errodatzearen irudi bat hartzen du oinarri gisa.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 13tik 20ra ospatuko du bere hurrengo edizioa, 57. Zenbakia egiten duena. Lanak aurkezteko epea itxi da, eta ZINEBIk 5.087 film jaso ditu –2014an baino 1.719 gehiago–, eta horien artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko direnak, lehiaketan parte hartuko duten hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez. Genero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa dira.

Ehun herrialde baino gehiagotik heldutako lanen jatorriari dagokionez Espainia azpimarratu behar da (873 film, horien artean Euskal Herriko 84), eta ondoren Frantzia (752), Alemania (311), EE.BB. (300), Erresuma Batua (255) eta Brasil (287) datoz. Eremu latinoamerikarrari dagokionez, film labur gehienak Mexikotik (154) eta Argentinatik (187) heldu dira, baina baita Kolonbiatik (75), Txiletik (64), Venezuelatik (18), Kubatik (16) edo Uruguaitik (14) ere.

Zine produkzio urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna duten herrialdeen artean, hauek azpimarratu behar dira: Afganistan (3), Albania (1), Saudi Arabia (1), Bolivia (1), Burkina Fasso (1), Zipre (6), Boli Kosta (1), Irak (13), Jordania (3), Kazakhstan (4), Palestina (5), Kongoko Errepublika (1), Siria (3) edo Vietnam (2). Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten du, berriro ere, zinemaldi beterano honen nazioarteko izaera.

Azkenik, izena eman duten filmen generoei dagokienez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 3.142 fikziozkoak dira (%61,76), 1.322 dokumentalak (%25,99) eta 623 animaziozkoak (%12,25).

KEINUA ANTONIONIRI
Oscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak ZINEBIREN 57. edizio honetarako egin duen kartelak, Michelangelo Antonionik ingelesez errodatu zituen hiru filmetako bat aipatzen du. Dokumentalaren antzeko formatuan abiatzen den Zabriskie Point (1970) filma da. Estreinatu eta urte batzuetara zalantzarik gabeko kultuzko film gisa katalogatu bazen ere, bere unean lan horrek eztabaida asko sortu zituen.

Óscar Mariné diseinugileak, Bruce Davidson argazkilari handiak, Magnum agentzia historikoko bazkideetako batek, egindako erreportaje baten irudi esanguratsua aukeratu du. Davidsonek, New York hiriko gizarte taldeen behaketara bideratu zuen bere lana, zinegile gisa egin zituen hiru dokumental interesgarriak barne, Harlemeko beltzetatik hiriko talde kriminal antolatuetako kide garrantzitsuenetako batzuetaraino.

ZINEBI 57ren irudia sortu duen Davidsonen erreportajearen oinarria, Michelangelo Antonionik, Europako zine modernoak eman duen zinegile handienetako batek, 1970ean zuzendu zuen Zabriskie Point lanaren errodatze lana da. Beste lan batzuen artean, zinegile horrek gaur egun ere eragin handia duten zenbat maisu lan errodatu zituen, L’avventura (1959), L’eclipse (1962) eta Identificazione di una donna (1982), besteak beste.