UDALAK KOLOREZTATU EGINGO DITU GAUAK DEUSTUKO

UDALAK KOLOREZTATU EGINGO DITU GAUAK DEUSTUKO AUZOAN, DATORREN EGUENEAN ETA BARIKUAN

• #BilbaoUdazkena2020 kultur ekimenaren barruan, Udalak argi eta soinuzko hiru instalazio programatu ditu San Pedro plazako kioskoan, pilotalekuan eta Deustuko zubian.

• Muntaia koloretsu horiek gozatzeko, non argia baita nagusi, ez da beharrezkoa sarrera bat edukitzea, aire zabaleko jarduerak direnez gero;
hala ere, gogorarazten da nahitaezkoa dela segurtasun arau zorrotzak
betetzea.
(Bilbo, 2020ko urriaren 6a).- Urian, aurrerantzean ere udagoieneko gauak animatzearren Udalak programa bat antolatu du Deustuko auzorako, #BilbaoUdazkena2020 kultur ekimenaren barruan, urriaren 8rako (eguena) eta 9rako (barikua): zenbait ikuskizun emango dira, dela musika, argiak edo elkar eragiteko jokoak, “Kolorezko kimuak”, “Pilota dantzan” eta “Urontziak” izenekin; San Pedro plazako kioskoan, Pilotalekuan eta Zubian izango dira.

Udalak jakitera eman du ez dela beharrezkoa izango sarrera ekitaldi horietara sartzeko, aire zabalean izango direnez gero. Ohartarazi du, ordea, nahitaezkoa dela
higiene eta osasun arauak betetzea eta bai ere segurtasun arauak, eta gomendatu du saihestea pertsona elkarretaratze eta pilatzeak.

Beste alde batetik, gainera, Udalak eskertu egin die Bilboko ikusleei joan den asteburuan emandako harrera, alegia, urriaren 2an eta 3an, uriko gune batzuk eta besteak musikazko, argiztapen artistikozko eta antzerki-lanezko proposamenez bete direlarik. “Eguraldia eta euria gorabehera, joan den asteburuan, Bilboko jendeak berriro erantzun du; hala alderdi artistikotik nola bertaratu den jende kopuruagatik eta herritarrek arauak betetzeagatik, harrera bikaina izan dela uste dugu”, nabarmendu dute.

Udazken honetarako kultur eskaintza, Bizkaiko hiriburuan, oso bertakoa da tankeraz, eta Euskal Herriko sortzaileak, artistak eta hornitzaileak izan dira gailen. Udalak lanean jarraituko du, “#BilbaoAurrera” planean azaldutako ildotik, COVID-19 pandemiaren ondorioak arintzearren, eta, hala, eraginik latzena jaso duten sektoreei eta kolektiboei laguntzearren.

 

IKUSKIZUNAK

KOLOREZKO KIMUAK, San Pedro plazako kioskoan.
lanpara estanpatuen dozenaka tulipa “made in Bilbao” ezarriko dira Deustuko San Pedro
plazako kioskoaren barrualdean.
Ordutegia: 20.30:00-22.30:00.

 

PILOTA DANTZAN, San Pedro plazako pilotalekuan.
Instalazio horretan, bat egingo dute tradizioak, kirolak eta kulturak, musikaren eta
dantzaren bidez. Pilotarien errituala antzeztuko da jokalekuan bertan: janzkera, agurra,
sakea, errestoa, abiadura, arintasuna, ahalegina, eskuetako mina, ikusleen marmarra.
Emanaldiak:
Urriaren 8an: 21:00-21:00-21:30 eta 22:00ak.
Urriaren 9an: 20:30-21:00-21:00-21:30 eta 22:00ak.

 

URONTZIAK Deustuko zubian
Deustuko zubia pantaila handi-handi bat bihurtuko da, arrainak ere barruan igerian
dabiltzala emango duelarik.
Ordutegia: 20.30:00-22.30:00.

ITSASARGIAK Abandoibarran
Gainera, egunokaz, ostera ere argiztatuko dira kolorezko iragazkiekin Abandoibarreko
kale-argiak, itsasargiak bailiran: ITSASARGIAK
Ordutegia: 20.30:00-22.30:00.

 

#BILBAOUDAZKENA2020

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du kultura-sektoreari laguntzeko apustuarekin, COVID- 19 delakoaren pandemiak eragin duen lanbideetako bat baita, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimena aktibatu du, udagoien honetan auzoetan barreiatuta eskainiko diren aisia- eta kultura-proposamenarekin. Hilabete hauetan, tokiko konpainia eta artistek auzoak dinamizatuko dituzte kalitatezko kulturarekin: musika, zinema, antzerkia, dantza, magia eta literatura, besteak beste.

#BilbaoUdazkena2020 garatzeko, osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiak jarraituko dira, eta zorrotz aplikatuko dira gomendioak, dela kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari, osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugei eta espazio publikoan aire zabaleko jarduerak nahiz ekitaldi jendetsuak egiteko pertsona kopuruari dagokienez Hori guztia, kultur eragileek eta ekitaldi guztietako ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.

SARE SOZIALAK
• Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
• Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
• Bilbao Jaiak: FACEBOOK | TWITTER
#BilbaoUdazkena2020
www.bilbaokultura.eus