BILBOKO UDALAK BASURTUTIK OINEZKO IBILBIDEA PROPOSATZEN DU UZTAILERAKO, ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAREN BITARTEZ

Bisita gidatuak astelehenetik larunbatera izango dira, goizez eta arratsaldez. Horrez gain, edizio honetan, 4 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzendutako bisitak eskainiko dira. Bi kasuetan beharrezkoa izango da plaza erreserbatzea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz, ASTELEHENETIK, ekainaren 24tik, aurrera.

 

Bilboko Udalak maiatzean ekin zien berriro hiriko hainbat lekutara egindako bisita gidatuei. Ekimena, ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN udal programaren barruan dago. Edizio honetan berriro ere auzoei begiratuko die. “Ezagutu Oinez” izenburupean, bisitak Masustegin eta, ekain honetan, Olabeagan hasi dira, eta uztailerako ibilbide gidatua proposatzen dute Basurtutik. Horrez gain, edizio honetan, 4 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzendutako bisitak eskainiko dira. Helburua, auzoaren idiosinkrasia, historia eta garapena erakustea da, baina modu dinamikoagoan eta partaideagoan, pisten, jolasen eta ipuinen bitartez. Umeentzako irekita egongo den bisita uztailaren 28an izango da.

Horrela, BILBAO IZANek oinezko ibilbidea proposatzen du Basurtutik uztail honetan, Sabino Arana Etorbidean abiatuta, Hiriko inguru horren azken aldiko historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko. Basurtu, Hiriko ospitaleari izena ematen dion auzoa, landa gune izan zen XIX. mendeak aurrera egin arte. XX. mendearen hasieran Bilborekin bat egin zuen Abandoko elizate zaharraren barruan zegoen. Bat egite horren bitartez, auzoa zabalgunea handitzeko hiri trazatuaren barruan geratu zen. Ospitalea eraiki zenetik, inguru hori Biboren izenarekin erabat lotuta geratu eta bertako ardatz nagusietakoa bilakatu zen, Bilboko azken garaietako historian ezinbestekoak izan diren kultura, osasun eta gizarte arloko ekipamenduak baitzituen.

Bertako kale jendetsuetatik ibiltzeak auzoaren historiara hurbiltzeko aukera emango digu, Abandoko leinu zaharrena diren Basurtutarrak inguru horretan euren dorre-etxean bizi zirenetik, duela denbora gutxi eraiki den Garellanoko zeru-orratzera. Miserikordiari eta ongintzari, horiek finantzatzeko errifei, ingeniaritzari eta lehoiek gidatzen duten eta astebururo harmailak zuri-gorriz betetzen dituen gure Katedralari buruz egingo dugu berba.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira: astelehenetan 18:30ean; astearte, asteazken eta ostegunetan 11:00etan eta 18:30ean –ostegun arratsaldeetan euskaraz–; ostiraletan 11:00etan; eta larunbatetan 10:30ean eta 12:30ean, datorren uztailaren 30era arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Topalekua Sabino Arana Etorbideko 4 zenbakia izango da, eta ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du. Plazak mugatuak direnez –gehienez ere, 30 pertsona talde bakoitzeko–, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea.

Familiari zuzendutako bisita espezifikoari dagokionez, elebiduna izango da, uztailaren 28an, igandean, ordutegi bitan, 10:30ean eta 12:30ean. Kasu horretan, topalekua Basurtuko Eskolako sarrera (Zankoeta, 2) izango da, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Kasu guztietan beharrezkoa izango da plaza erreserbatzea 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakira deituz, ASTELEHENETIK, ekainaren 24tik, aurrera (astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara).

BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamalau urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan jarriz.

Bisitak egiten diren lekuekin erlazionatutako bitxikeriei, pertsonaia garrantzitsuei edo gertakizunei buruzko minutu bat inguruko iraupeneko bideo laburrak zabalduko dituen “Txio Ta Txio” ekimena iaz jarri zen martxan. BILBAO IZANeko edo BILBAO KULTURAko sare sozialen bitartez zabaltzen dira, eta 2018an 293.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituzten. Aurten, berriro ere, 40 bideo zabalduko dira, batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk euskaraz, lau auzo horietako bakoitzeko istorioak, gertakizunak, datu bitxiak edo pertsonaia garrantzitsuak ezagutarazteko.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa:
- BISITA GIDATUAK “Ezagutu BASURTU oinez”
Uztailaren 1etik 30era.
Astelehenetan: 18:30
Astearte, asteazken eta ostegunetan: 11:00 eta 18:30 (ostegun arratsaldeetan euskaraz)
Ostiraletan: 11:00
Larunbatetan: 10:30 eta 12:30.
Topalekua: Sabino Arana Etorbidea, 4.

- BISITA GIDATUAK “Ezagutu BASURTU familian”.
Uztailak 28. 10:30ean eta 12:30ean. Elebiduna (euskaraz eta gaztelaniaz).
Topalekua: Basurtuko Eskolako sarrera (Zankoeta, 2)

Bisita guztiak doakoak izango dira. Erreserba zabalik bietarako ekainaren 24tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara).

+Info: www.bilbaokultura.eus / Facebook: Bilbao Izan / Instagram eta Youtube: bilbao kultura