Bilboko ondarea zabaltzeko Bilbao Izan programaren esparruan, aurten lanean jarraituko dugu Bilboko auzoen historia ikertzeko, biltzeko, dokumentatzeko, zabaltzeko eta transmititzeko.

Zehazki, hauek izango dira 2024an garatuko diren ekimen nagusiak, kronologikoki ordenatuta:

"IGAROTAKO ISTORIOAK GAURKO MEMORIAN: Otxarkoaga, Abando, San Ignazio eta Zabala" – Proiekzioen eta hitzaldien zikloa

Lehenengo ekimena proiekzioen eta hitzaldien zikloa izango da, “Igarotako istorioak gaurko memorian” izenekoa. Ziklo horretan Otxarkoaga, Abando, San Ignazio – Elorrieta eta Zabala auzoen historiaren hainbat alderdi erakutsiko dizkigute modu dibulgatzaile, argigarri eta atsegin batean.

Saio bakoitzean, lehenik eta behin, Txio Ta Txio serieko bideoak proiektatuko dira, auzo bakoitzean fokua jarri zutenak, bere garaian bildutako anekdotak, gertakariak eta bitxikeriak ikusi eta entzun ahal izateko.

Proiekzio horien ondoren, gonbidatutako hizlariek lau auzoen historia deskribatu eta kontatuko digute, ikuspegi desberdin batetik: bizipen pertsonala Otxarkoagaren kasuan, Abandoko elizateari buruzko ikerketa- eta dokumentazio-lana, San Ignazio eta Elorrieta auzoetako argazki zahar ugarien erakusketa, eta, azkenik, ariketa kolektibo baten bidez, Zabala auzoaren -trenbideko langileen auzoa- eraikuntzaren mendeurrena gomutatuko da.

Hori guztia maiatzaren 7an, 8an, 14an eta 15ean egingo da, aipatutako auzoetako udaltegietan.

GURE AUZOAK ESZENARA – Bisita gidatu antzeztuak

Gure auzoak eszenara izenarekin, gai jakin bati buruzko ibilbide antzeztuak egingo dira Bilboko zortzi barrutietako auzo banatan. Aukeratutako auzoen historia eta garapena ezagutaraztea da helburua, historiako pertsonaia esanguratsuak, ohiturak, anekdotak eta gertaerak nabarmenduz, ibilbidean zehar bizitza berreskuratzen joango baitira.
Bisita gidatuak izango dira, oinez egitekoak eta doakoak, ibilbide atsegina eta irisgarria izango dute, eta kasuan kasuko garaiko jantziekin karakterizatutako pertsonaiak ere egongo dira.
Bisita gidatuak maiatzeko bigarren hamabostaldian hasiko dira eta urriko lehen hamabostaldian amaituko dira. Abuztuan ez da bisitarik egingo. Hauek dira ibilbide horietarako aukeratutako auzoak: Zorrotza, Indautxu, Otxarkoaga, Iralabarri, Uribarri, San Adrian, Begoña eta Deustu.

Ekimen honi eta plazen erreserbari buruzko informazio guztia www.bilbaoizan.eus webgunean egongo da eskuragarri.

TXIO TA TXIO: 100 urte Begoñaren eta Deusturen anexioetatik

Aurten, Deustuko eta Begoñako elizateen anexioaren mendeurrena izango da. Hori dela eta, Txio Ta Txio bideoek gertaera horrekin lotutako pasadizo, istorio edo gertaera txikiak ezagutzera emango dituzte, ikusteko eta partekatzeko formatu atsegin eta errazean. Irailetik aurrera, Udalaren sare sozialetan edizio honetako bideoak aurkitu ahal izango dira.

Facebook + Instagram: Bilbao Izan / Facebook + Instagram + X + YouTube: Bilbao Kultura

ARGAZKINETA: Mintegitxueta, Masustegi y Altamira

Udazkenean, Argazkineta proiektua jarriko da martxan berriz ere, eta, seigarren edizio honetan, furgoneta berezi hori Mintegitxueta, Masustegi eta Altamira auzoetara joango da.

Denboraren joanak bizilagunen memoria ez ezabatzeko eta, aldi berean, iraganeko denbora ahanzturan geratu ez dadin, hiru auzo horietako etxeetan gordetzen den material guztia biltzearen, digitalizatzearen eta kontserbatzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu. Material horiek artxibatzeko berreskuratzeaz gain, bizilagunek euren istorioak, oroitzapenak, testigantzak eta gertakariak kontatzeko aukera izango dute, bildutako eta digitalizatutako informazioa osatze aldera. Azkenik, parte-hartze bidezko ekitaldi publiko eta ireki batean, parte-hartzaileei eta, oro har, bizilagunei proiektu hau garatzen den hilabeteetan zehar bildutako dokumentu eta argazki zaharrak eta grabatutako testigantzen bideoak erakutsiko zaizkie.