OLABEAGAKO UDALTEGIAK “UN OTOÑO SIN BERLÍN” FILMAREN AIRE LIBREKO EMANALDIA JASOKO DU BIHAR, IRENE ESCOLAR ETA NAIARA CARMONA ANTZEZLEEN PRESENTZIAREKIN

Zine saioa Kultura Kalez Kale udal programaren barruan dago, eta gaueko 22:00etan hasiko da, udaltegiko barruko patioan.

Olabeagako Udaltegiak Lara Izagirreren “Un otoño sin Berlín” (2015, 95 min) filmaren emanaldia jasoko du bihar, OSTIRALEAN (ekainaren 24an), Irene Escolar eta Naiara Carmona antzezleen presentziarekin. Aire zabaleko zine saioa gaueko 22:00etan hasiko da, aurretik aurkezpena izango du eta ondoren solasaldia. Bilboko Udaleko Kultura Sailaren Kultura Kalez Kale programaren barruan dago, eta FAS Zine Klubaren laguntza berezia du. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Irene Escolar da filmaren protagonista, eta lan horri esker Emakume Antzezle hasi berriaren Goya Saria lortu zuen. “Un Otoño sin Berlín” Lara Izagirre (Zornotza, 1985) zuzendariaren lehenengo film luzea da, eta Estatu osoko berrogeita hamar zine areto komertzialetan estreinatzea lortu zuen, txarteldegiaren aldetik arrakasta handia lortuz. Izagirre Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen UPV/EHUn, eta ondoren New York Film Academyn, Kubako EICTVn eta Kataluniako Zine eta Ikus-Entzunezko Goi Eskolan jarraitu zuen ikasten. Bertan hasi zen film luzearen gidoiari forma ematen.

Drama erromantiko horrek Juneren (Irene Escolar) eta Diegoren (Tamar Novas) arteko istorioa kontatzen du. June, itxuraz ahula izan arren benetan ausarta eta biziraupenerako sen handiko neska da. Odolberoa eta ameslaria da, baina oso iragan mingarria darama gainean. Diego, mundutik isolatuta bizi den idazle gazte ez oso gizartekoia eta oso sentsiblea da. Aukera hobeak bilatzeko asmoz bere lurra utzi ostean, June jaioterrira itzuliko da, eta Diego ikusiko du berriro. Biek, elkarrekin egingo diete aurre desilusioari eta itxaropen faltari. Aldi berean, bien arteko aspaldiko maitasun istorioa ere berpiztu egingo da.