MUSIKA, ANTZERKIA, ERAKUSKETAK, MAGIA, ZINEA ETA FOLKLOREA DIRA BILBOKO UDALAK BARRUTIETAN ANTOLATU DUEN GABONETARAKO KULTUR PROGRAMAREN PROTAGONISTAK

“Kultur Gabonak” egitaraua aste honetan bertan abiatuko da, hiriko barruti guztietan ikus-entzule guztientzat antolatu diren 130 jarduera baino gehiagorekin.

Programaren barruan, familia osoari zuzendutako ipuin kontalariak, magia, kalejirak, tailerrak eta jolasak ere egongo dira, beste jarduera batzuen artean.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak programazio zabala diseinatu du “Kultur Gabonak” ekimenaren barruan. Guztira, ikus-entzule guztiei zuzendutako 132 ikuskizun eta jarduera izango dira, hiriko barruti guztietan. Horien artean antzerkia, kontzertuak, zinea, arte eta argazki erakusketak, folklorea, ipuin kontalariak, txotxongiloak, magia… daude. Aste honetan bertan hasiko dira.

Ikuskizun eta jarduera guztietarako sarrera librea eta doakoa izango duen programaren barruan, jada finkatuta dauden ekimenak ere jasoko dira, urte osoan zehar gauzatzen diren Expodistrito, Dantza Plazetan eta Bilboko Zirkuitua, besteak beste, eta baita euskaran eta euskal kulturan zentratutako DEUSTUra UDAZKENeko kultURA, euskaldun ehuneko handiena duen hiriko barrutian, hain zuzen ere.

Gitarraren, gitarrak mundu osoan dituen adierazpide eta barietate guztien eta, orokorrean, harizko musika tresnen inguruan, sortzen diren musikei buruzko “Mila Musika Haria” musika zikloa ere jasoko da. Kontzertuak abenduaren 3an eta 10ean izango dira, Abandoko udaltegian (Barrainkua), arratsaldeko 19:30etan.

Halaber, Bizkaiko Abesbatzen Elkartearekin elkarlanean antolatutako Gabonetako Abesbatza Kontzertu klasikoak ere itzuliko dira. Abenduaren 12tik 30era, musika zaleek San Inazio, Deustua, Castaños, Abusu, Zazpi Kaleak, Abando, Errekalde, Santutxu eta Basurtu auzoetan gozatu ahal izango dute kontzertu horiez. Azpimarratu behar da, gainera, horren osagarri gisa, abenduaren 11tik 18ra, arratsaldeko 19:30etan, Otxarkoagako udaltegian, Nagusientzako Abesbatzen XI. Astea ospatuko dela, hamaika abesbatzen partaidetzarekin.

Horrez gain, aurten ere, Otxarkoaga auzoak, Justo eta Pastor Santuen Belenen Elkarteak antolatutako Belenen eta Dioramen erakusketa ere jasoko du. Erakusketa hori 2015eko abenduaren 18tik 2016ko urtarrilaren 7ra bitartean ikusi ahal izango da, auzoko udaltegiko Erakusketa Aretoan.

Eta erakusketekin jarraituz, pintura, grabatua eta argazkigintza erakusketak Expodistriton, udaltegietako aldi baterako erakusketa zikloan, egongo dira batez ere. Egun horietan San Inazio-Ibarrekolandan, Castañosen, Begoñan, Zazpi Kaleetan, San Frantziskon, Abandon eta Errekalden egongo dira jarduerak. Bertan ikus daitezkeen erakusketak, “Hiri asko bere baitan” (argazkigintza) eta “Música y paisajes” (Pintura) dira, besteak beste.

ZINEA
Gabonetako programazioan, Castañoseko, Otxarkoagako eta Zorrotzako udaltegietan antolatu den “Egunik laburrena” film laburren zikloaren bitartez egongo da zinea, abenduaren 18an, 22an eta 23an. 2016ko urtarrilaren 4an, Otxarkoagak film laburren “Otxarmetraje 2015″ lehiaketa jasoko du.

Santutxuko Udaltegiak, bere aldetik, Zine Kurduaren erakusketa jasoko du abenduaren 14tik 18ra. Erakusketa horren barruan bost film eskainiko dira, horien artean “Kobane, volver a empezar” , “Los niños de Diyarbakir” eta “Canción de mi madre”.

San Frantziskon, zine proiekzioekin batera haiei buruzko master class bat eskainiko da. Programatutako izenburuak “Yo anduve con un zombie” eta “El cine en las sombras” izango dira, azaroaren 23an, eta “The French Connection, contra el imperio de la droga” eta “¡Pura dinamita!” hilabete bereko 30ean.

Zinea da, baita ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Santutxun eta Begoñan egingo den “Bidaiarien Txokoa” programaren osagaietako bat. Hitzaldiekin eta ipuin kontalariekin osatuko da.

DEUSTUra UDAZKENeko kultURAk ere zinea programatuko du, oraingo honetan Zinebikluben bitartez, abenduaren 15ean euskal zinegileen zenbait film labur eskainiz, Deustuko Udaltegian.

IKUS-ENTZULE GUZTIENTZAT
Arte eszenikoak dira “Kultur Gabonak” ekimeneko programazioan presentzia garrantzitsua duen beste diziplinetako bat. Horrela, Otxarkoagako Udaltegiak, Nagusientzako XIV. Antzerki Astea ospatuko du abenduaren 9tik 17ra. Emanaldiak arratsaldeko 19:30etan izango dira. Bilboko Zirkuituak ere aurrera jarraitzen du, eta sortzaile berrien lanak ekarriko ditu, Hiriko proposamen freskoenak, Castañosera, Otxarkoagara, San Frantziskora eta Basurtura.

Musikaren atalean, Gabonetako programazioak zenbait kontzertu jasoko ditu, Naroa Gaintzaren “22m2″ eta Hutsaren “Amnesia” diskoen aurkezpenak barne, abenduaren 10ean eta 11n, hurrenez hurren, Castañoseko Udaltegian, eta Jabier Muguruzaren “Beste Hogei” lanaren aurkezpena Deustuko Udaltegian, abenduaren 22an, DEUSTUra UDAZKENeko kultURA programaren barruan. The Upper Room talde donostiarrak Gospel kontzertua eskainiko du abenduaren 11n Santutxuko Udaltegian, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Ikus-entzule gazteenek ere euren lekua izango dute, eta hainbat auzotan magia edo ipuin kontalari ikuskizunak izango dituzte. Zinea, poesia, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, kalejirak, bertsolariak, erromeriak… ikus-entzule guztientzako ehun jarduera baino gehiago helduko dira Bilboko auzoetako elizetara, eraikin berezietara eta liburutegietara, eta baita bertako kaleetara ere, Gabonez are eta gehiago gozatzeko.