BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIA-BAD NAZIOARTEKO ARTISTEN ETA PROGRAMATZAILEEN TOPALEKU IZANGO DA BERRIRO ERE

Artistei laguntasuna emateko PICA egitasmo intentsiboan aukeratutako 16 pertsonak, Pyrenart proiektuko kide diren erakundeak –biak ere Bilboko Udala kide duten ekimenak–, nazioarteko programatzaileak eta artistak gaur arratsaldetik aurrera elkartuko dira, ikuskizunetan eta tailerretan eta lan saioetan.

 

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia-BAD, sektoreko profesionalentzako topaketa eta lan foro bilakatuko da aurten ere. Egun horietan, beste batzuen artean, gonbidatutako konpainiak, Europako beste jaialdi batzuetako programatzaileak, Arte Eszenikoen alorreko mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuko kide diren erakundeak, eta Sorkuntza Artistikoko Prozesuetan Irudimen Kolektiboko Programaren – PICAren lehen deialdian aukeratutako 16 artista jasoko ditu. Azken bi ekimen horiek Bilboko Udalaren partaidetza dute.

Izan ere, ikus-entzuleei antzerki eta dantza garaikidearen barruan erreferentziazkoak diren konpainien eta artisten azken proposamen artistikoak ikusteko aukera emateaz gain, BADdek sektorea dinamizatu eta profesionalen arteko topaleku izan gura du. Profesionalak gaur arratsaldetik aurrera elkartuko dira, ikuskizunetan, tailerretan eta lan saioetan.

Horrela, profesionalizazioa eta artisten eta konpainien trukaketa bultzatzeko Europar Batasunak finantzatu duen Pyrenart proiektuaren barruan dauden Pirinioen bi aldeetako bederatzi bazkideak urriaren 25ean elkartuko dira, egun osoz, programa barruko lan ildoei buruz eztabaidatzen eta zehazten eta 2019an lagundu beharreko prestakuntza proposamenak eta ekoizpenak baloratzen jarraitzeko. Lan topaketa izango da eta, aldi berean, egun horietan BAD barruan programatutako ikuskizunetako batzuk ikusteko eta bertako artistak ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, BADek Europa mailako programa horrek lagundutako hiru proposamen erakutsiko ditu, Baro D´evel, Organik Dantza – Teatro eta Macarena Recuerda konpainien eskutik.

Pyrenart POCTEFAk – Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programak sustatutako proiektua da, eta gainerako bazkideak, Bilboko Udalaz gain, hauek dira: Languedoc-Roussilon-eko Réseau en Scène; Le Parvis kultur gunea; CIRCa Zirku Zentro Nazionala; Fox eta l’Ariègeko L’Estive Zentro Nazionala; L’Oara, Akitaniako bulego artistikoa; Bitó Produccions enpresa, Temporada Alta Jaialdiaren zuzendaria; Zaragozako Patronato Municipal de Artes Escénicas e Imagen eta Nafarroako Antzerki Eskola.

Horrez gain, Europako jaialdi eta areto garrantzitsuenetako batzuen zuzendariak BADen egongo dira, jaialdiarekin harremanak ezartzeko eta Bilbon erabateko estreinaldia izango duten proposamenetako batzuk ezagutzeko. Beste batzuen artean, bertan egongo dira Belforteko MA scène nationale – Scène nationaleko Sonia Rodrigues eta Yannick Marzi, Parisko Théâtre de la Villeko Claire Verlet edo Varsoviako Biennaleko Piotr Grzymisławski.

Beste alde batetik, Bilboko Udalak, BADen bitartez, Sorkuntza Artistiko prozesuetarako Irudimen Kolektibo Programan – PICAn, hartzen du parte, zuzeneko arteetan lan egiten duten eta ikasketa komunitate baten parte izateko interesa duten sortzaileen ondoan aritzeko programa intentsiboan. Bertan prestakuntza fasea, sorkuntzako egoitza fasea eta, amaitzeko, jende aurreko erakusketa fasea jasoko dira.

45 artista aurkeztu dira lehenengo deialdira, eta horien artetik 16 aukeratu dira. Aukeratutako hautagaien artean, Euskadiko bederatzi artista azpimarratu behar dira: Ainara Legardon, Camilla Tellez, Ibon Salvador, Isaak Erdoiza, Karlos Martínez B, Marion CLB, Miriam Inza, Nazario Díaz eta Pablo Marte. Proiektuan, parte hartzen ari diren artistek Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren-BADen barruan antolatu diren prestakuntza jardunaldietan hartuko dute parte. Jardueraz betetako lau egun izango dira, lan eginez eta hainbat ikuskizun ikusiz.

Amaitzeko, BADen edizio honetan ireki den eta artista eta teknikari profesionalei eta erdi-profesionalei zuzenduta zegoen prestakuntza eskaintzaren barruan, Sandra Gómezek eskainitako ‘Heartbeat’ dantza tailerra eta, ATAE – Arte Eszenikoen Teknikarien Elkartarekin batera antolatutako irudien bitartez errealitate handituari eta espazio eszenikoa sortzeari buruzko ikastaroa jasotzen ziren.