Programak lau kante eta dantza emanaldi jasoko ditu, Areatzako Aterpeetan, Elizbarrutiko Museoan, Bidebarrietako Liburutegian eta Bilborocken.
Flamenkoarekin dagoen hitzordua LARUNBAT HONETAN (IRAILAREN 3an) hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Areatzako Aterpeetan, Iria Peñarekin eta Marcos Teirarekin. Sustrai flamenkoa izan arren, egungo kontrabaxu eta perkusio soinuen ukitua duen ikuskizuna eskainiko dute.
Horrez gain, flamenkoaren bertako promesentzako lekua be gordeko da, eta azken emanaldia Cambera dantza konpainiak eskainiko du Bilborocken.
Ibaiondoko barrutia aire eta erritmo flamenkoz beteko da hamargarren urtez jarraian, larunbat honetan (IRAILAREN 3an), Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako “Una Ría con Duende” topaketa flamenkoak hasiko direlako. Ekimen horrek, gure hiriko kultur hitzordu nagusien artean finkatzea lortu du denbora laburrean, gonbidatutako artisten kalitatearen ondorioz eta emanaldietara eta tailerretara gero eta jende gehiago hurbiltzen delako.
Topaketak IRAILA osoan luzatuko dira 5. barrutiko – Ibaiondoko hainbat eszenatokitan eta, ohikoa denez, dantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerrekin batera, artista azpimarragarrien emanaldiak izango ditugu, amaiera ekitaldian eszenatokira igoko den Malagako Cambera dantza konpainia adibidez. Azken ekitaldi hori irailaren 24an izango da (20:00etan, Bilborocken). Gazteak izan arren, arte flamenkoa mundu osoan erakutsi duten hamabi artistak osatzen dute. Ikuskizun hori, programazio osoan ordaindu beharko den bakarra izango da (10 euro).
“Una Ría con Duende” larunbat honetan, IRAILAREN 3an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Tablaoa Kalean sekzioarekin. Aurreko edizioan bezala, inaugurazio ikuskizun horrek kalera aterako du flamenkoa, hurbiltzen diren guztien gozamenerako. Oraingo honetan, aukeratutako eszenatokia Areatzako Aterpeak izango dira berriro ere, eta lehen emanaldi hori Iria Peña kantaoreak eta Marcos Teiraren (gitarra) taldeak eskainiko dute.
Proiektu horren sustraiak flamenko tradizionalean daude, gitarra eta kantea hartuz erreferente gisa, baina kontrabaxua eta perkusioak bezalako egungo soinuekin matizatuta. Laukotearen musika jazzetik eta musika latinoamerikarretatik gertu dauden soinu atmosferetatik ibiltzen da, eta Marcos Teira gitarra jolearen jatorrizko konposizio lanetatik errepertorio klasikoko bertsio sortzaileetaraino luzatzen da.
Topaketek hemen sortutako flamenkoari ere utziko diote lekua. Izan ere, arte honek gero eta pertsona gehiago erakartzen ditu, dantza eta bestelako musika diziplina eskolen inguruan. Berariaz bertako flamenkoari eskainitako jardunaldi berezia hurrengo asteburuan, IRAILAREN 10ean, izango da, ordu berean, Bilboko Elizbarrutiko Museoan. Oraingo honetan, Aitor Escobar gitarra jolea eta bere “Origen” ikuskizuna izango dira protagonistak. Origen proposamenean gitarra flamenkoa, kantea, konpasaren taupada eta une batzuetan dantza, elkartu egiten dira, sustraitik oso gertu dagoen flamenko tribalean. Escobarrekin batera Ángel López de Toro (kantea), Alberto Maldonado ‘El Ratón’ (perkusioak) eta Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’ (txaloak, dantza) igoko dira eszenatokira.
Programazio eszenikoak IRAILAREN 17an jarraituko du, Bidebarrieta Kulturgunean emango den errezitaldi didaktikoarekin, hori ere sarrera librearekin, Miguel Rosendoren taldearen eskutik. Sara Barasen flamenko taldeko ahots nagusi gisa egiten duen lan profesionala baztertu barik, Miguel Rosendok bakarrik bisitatuko du oraingoan Bilbo, Cadizeko bihotzean sortutako bere proiektuaren buru gisa, bere lurreko kante eta dantza enblematikoenetatik egiten duen ibilbidea eskaintzeko.
“Una ría con duende” ekimenaren 2016ko edizioak Bilborock aretoan emango dio amaiera bere arte programazioari, larunbatean, IRAILAREN 24an (arratsaldeko 20:00etan), flamenko berriaren ordezkarietako bat den Cambera dantza flamenko konpainiarekin. Bere azken ikuskizunean, Malagako talde horrek bere kideen ibilbide artistikoetatik bidaiatzeko gonbidapena egiten dio ikus-entzuleari, flamenkoari buruz duen ikuspegi pertsonala eskainiz. Horrez gain, arte horren geografiatik eta palo eta estilo konposizio anitzetik bidaia egiteko gonbidapena ere egiten du.
Rubén Portilloren zuzendaritzapean, Carmen Camacho eta Sandra Cisneros bailaoreak igoko dira eszenatokira, José Manuel Fernándezek (kantaorea), Chelo Sotok (kantaorea), Rubén Portillok (gitarra), Fran Nuñezek (perkusioak), Manuel Olmok (zeharkako txirual) eta Arkaitz Mendiak (biola) lagunduta. Hori izango da programazio osoan ordaindu beharko den kontzertu bakarra. Sarrerek 10 euro balioko dute, eta salgai daude dagoeneko Bilborocken, Power Records dendan, eta www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez.
Kontzertuez gain, eta aldi berean, irailaren 12tik hilaren amaierara arte, Ibaialdeko eta San Adriango udal liburutegiek eta BilbaoMusikak arte horrekin erlazionatutako zenbait materialez osatutako bilduma jasoko du eta, horrez gain, liburuak eta musika CD-ak maileguan emango dira. Horrela, 5. barruti osoa arte flamenkoaz kutsatuko da.
Izan ere, eta programazioari amaiera emateko, Ibaialdeko eta San Adriango udal liburutegiek, 6 eta 10 urte arteko umeei –eta euren gurasoei– zuzendutako bi saio didaktiko jasoko dituzte, IRAILAREN 27an eta 29an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Saio horien helburua, flamenkoaren mundu liluragarrian lehen pausoak eman dituztenak gidatzea da: flamenkoaren konpasa, gitarra jotzea eta kantearen magia.
Ohikoa denez, irailean gitarra, txalo eta konpas, kante eta dantza flamenko tailerrak ere izango dira San Frantziskoko Udaltegian. Berrikuntza gisa, edizio honetan, hastapeneko eta maila ertaineko tailerrez gain, ibilbide eta esperientzia luzeko irakasleek eskainiko dituzten masterclassak programatuko dira, tailer horietan parte hartzen urteak daramatzaten eta diziplina horietakoren batean euren prestakuntzan beste pauso bat eman nahi duten pertsonentzat.
AGENDA
IRAILAK 3
20:00
Areatzako aterpeak
Tablao Kalean: Iria Peña / Marcos Teira Grupo
IRAILAK 10
20:00
Elizbarrutiko museoa (Atxuri)
Bertako flamenkoa: “Origen”, Aitor Escobar
Sarrera librea
IRAILAK 17
20:00
Bidebarrietako liburutegia
Flamenko errezitaldia. Cai flamenco.
“De puerta tierra a la caleta”, Miguel Rosendo Grupo
Sarrera librea
IRAILAK 24
20:00
Bilborock
Amaierako ikuskizuna. Cambera dantza konpainia.
Sarrera: 10 euro
IRAILAK 27
18:00
San Adriango Udal liburutegia
Musiketan Tran Tran (Saio didaktikoa)
(6 eta 10 urte arteko umeei eta haien gurasoei zuzenduta)
Sarrera librea
IRAILAK 29
18:00
Ibaialdeko Udal liburutegia
Musiketan Tran Tran (Saio didaktikoa)
(6 eta 10 urte arteko umeei eta haien gurasoei zuzenduta)
Sarrera librea
Aurretiazko salmenta: Bilborock, Power Records denda eta www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez