BILBOKO UDALAK KULTURAKO ETA SORKUNTZAKO PROIEKTUEN POLTSA BAT SORTU DU

AURKEZPENA

COVID-19ak sortutako osasun-krisia desafio global oso garrantzitsua da eta, osasunaren arloko garrantziaz gain, eragin handia du gizartean eta ekonomian. Munduko hiri eta eskualde guztiak zalantzazko agertoki bati aurre egiten ari gara, jarduera ekonomikoari eta enplegura eta bestelako gizarte-arazoei dagokienez.

Testuinguru horretan, Bilboko Udalak neurriak eta ekintzak jarri ditu abian osasun-krisiaren eragina arintzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko eta uriaren bizitza mantenduko duen kultura-jarduera sortzen laguntzeko.

Kultura- eta sorkuntza-proiektuak hautatzeko deialdi hau 2021eko Bilbao Aurrera Plana, Gizarte- kohesiorako, ekonomia eta enplegua suspertzeko eta Bilboko kulturaren aldeko Neurrien Plana planaren barruan sartzen da, COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean neurrien multzo integral gisa, beste erakunde batzuk diseinatzen eta ezartzen ari diren neurriekin koordinatuta eta haien osagarria. Hain zuzen ere, Planean adierazitako hirugarren eremuari dagozkio, hots, kulturaren eta sorkuntzaren industriei. Sektore hori oso garrantzitsua da gizarte- eta ekonomia-garapenari dagokionez, eta nabarmen laguntzen du uriaren kultura-dinamizazioan, baina errealitate bat du: pertsona autonomoek, ETEek, mikroenpresek eta elkarteek osatutako sektorea da, oso modu berezian jasan ditzakeena pandemia horrek eragindako ondorioak.

Azaldutakoa oinarri hartuta eta egoera zail horretan sektoreari laguntzeko, Gobernu Batzordeak, 2021eko martxoaren 31ko batzarrean, “Bilboko Udalak 2021eko Bilbao Aurrera Planaren barruan gauzatu beharreko kulturako eta sorkuntzako proiektuak hautatzeko deialdiaren oinarriak” onartu ditu.

BILBOKO UDALAK 2021EKO BILBAO AURRERA PLANAREN BARRUAN GAUZATU BEHARREKO KULTURAKO ETA SORKUNTZAKO PROIEKTUAK HAUTATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK.

1.     Proiektuak hautatzeko deialdiaren helburua eta xedeak

Bilbon kultur jarduera sustatzeko eta COVID-19ak uriko kultur eragileen artean egindako ondorioak arintzeko, 2021eko Bilbao Aurrera deialdia egin da proiektuak hautatzeko.

Deialdi honen xede nagusia da kulturaren eta sormenaren sektoreko profesional autonomoen, enpresen edo beste era bateko entitateen proposamenak jasotzea, egoitza nagusia Bilbon badaukate. Proposamen horiek uriko kultur jardueren programazioan sartuko dira, 2021ean.

Ahalik eta eragile gehien egon daitezen eta ahalik eta jarduera gehien sor daitezen, proiektuen zenbait kategoria ezarri dira. Udalaren ekarpenak ez du inolaz ere gaindituko kontratu txikietarako aurreikusitako muga. Deialdian gehienez ere 59 proiektu hautatuko dira, 2. puntuan aipatzen den diruz hornituta.

2.     Poltsaren ezaugarriak

2021eko Bilbao Aurrera proiektuen poltsaren aurrekontua, guztira, 500.698 eurokoa da.

Guztira, 59 proiektu hautatuko dira, kategoria hauetan banatuta:

  • A kategoria: 20 proiektu, 2.000 eurokoak.
  • B kategoria: 15 proiektu, 5.000 eurokoak.
  • C kategoria: 12 proiektu, 10.000 eurokoak.
  • D kategoria: 12 proiektu, 14.900 eurokoak.

Emandako zenbatekoa kategoria bakoitzari dagokiona izango da, eta ezin izango da tarteko edo bestelako kopururik eman.

Proiektuaren zenbatekoan era guztietako gastuak edo kostuak sartuko dira, salbu BEZa, hori profesional, enpresa edo entitate onuradunari ordainduko baitzaio, dagokion zerga-tasaren arabera.

Kategoriaren batean ez bada aurkeztu behar beste proiektu, edo irizten bazaio aurkeztutakoek ez dutela behar besteko kalitaterik, aukeran izango da kategoria horretarako izendatutako dirua beste kategoria batean pilatzea eta, beraz, gerta liteke gehienez ere hauta daitezkeen proiektuen kopurua aldatzea. Hala ere, deialdiaren aurrekontu osoa ez da gaindituko (500.698 €).

Proiektuak hautatzeko eskumena izango duen organoa Balorazio Batzordea da, Bilboko Udaleko Kultura Saileko zinegotzia izango duena buru, eta Kultura Saileko zuzendaria eta Bilbao Ekintzako zuzendaria edo haiek eskuordetutako pertsonak izango dituena kide. Kultura Saileko teknikari bat izango da idazkaria; berba egin ahal izango du baina ez du botorik edukiko. Jasotako proiektuen bolumenaren arabera, eta lana errazte aldera, Balorazio Batzordeak aurretiazko txostenak eskatu ahal izango dizkie Kultura Saileko edo Bilbao Ekintzako teknikariei; txosten horiek ez dira lotesleak izango.

3. Proiektuen ezaugarriak

Aurkezten diren kultur eta sormen proiektuek lagundu behar dute Bilboko kultur programazioa eta bizitza aberastuko duten proposamenak eragiten.

Proiektuak 2021ean egin beharko dira.

Proiektuak edozein kultur edo sormen sektoretakoak izan daitezke. Deialdi honen ondorioetarako, eta Kulturaren Euskal Behatokiak erabili ohi dituen sailkapenei jarraituta, kultur eta sormen sektoreetan sartuko dira jarduera hauek:

  • Arkitektura
  • Arte eszenikoak
  • Arte bisualak
  • Eskulangintza
  • Ikus-entzunezkoak
  • Eduki digitalak
  • Diseinua
  • Edizioa
  • Hizkuntzaren industriak
  • Moda
  • Musika
  • Ondarea
  • Publizitatea eta marketina
  • Artikulazioko zerbitzuak (heziketa artistikoa, bitartekaritza, ikuskizunen antolaketa eta ekoizpena, kulturaren arloko aholkularitza eta kudeaketa…)
  • Bideo-jokoak
  • Zeharkako kultur jarduerak

Proiektuen aurrekontuan jasota egon beharko da jarduera osorik gauzatzeko behar den dirua, barne direlarik norbere ordainsariak, kontratatzen diren langileen gastuak, azpikontratazioak, ekoizpen gastuak, lekuen alokairuak, publizitatea eta abarrak.

Proiektu guztiek unean uneko osasun-egoerara egokituta egon behar dute, indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuz eta, zehazki, Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak (edukiera, pertsonen arteko distantzia, pertsonak elkartzeko mugak, ordutegiak, etab.).

4.     Nork aurkez ditzake proiektuak?

2021eko Bilbao Aurreraren deialdian Bilboko kultura eta sormen sektoreen ordezkari diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak (3. puntuan adierazi bezala), baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Autonomoak izatea edo ETE, mikroETE, elkarte edo fundazioen bidez jardutea.
  • Bilbon edukitzea egoitza.
  • Jarduteko gaitasun osoa edukitzea.
  • Sektore publikoko kontratuei buruzko 9/2017 Legean kontratuak egiteko ezarritakodebekuetan ez egotea.
  • Proiektua egiteko behar den kaudimena izatea, eta hori egiaztatzeko aski izango da azken hiru urteetan izaera bereko edo antzeko proiektu bat egin izana, deialdian aurkeztutako proiektuaren zenbateko berekoa edo handiagokoa.
  • Pertsona juridikoen kasuan, proiektua egitea estatutuetan edo sorrerako arauetan berezkoak dituzten xede, edo jarduera eremuaren barruan egotea.
  • JEZean alta emanda egotea.
  • Zergen arloan eta Gizarte Segurantzan zorrik ez edukitzea.

Administrazioek, sozietate publikoek eta horietako edozeini lotutako edo haren mendeko entitateek ezin izango dute proiekturik aurkeztu Bilbao Aurrera poltsan.

2021ean Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntza izenduna daukaten eskatzaileek ezin izango dute proiektu bera aurkeztu. Poltsa eskuratu nahi badute, diruz lagundutako proiektua ez den beste bat aurkeztu beharko dute.

Poltsa honi dagokionez, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduak emandako Enpresa Txikien (ETE) definizioa hartuko da kontuan.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake deialdian. Kategoria aukeratu beharko du (A, B, C edo D).

5.     Proiektuak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua

Proiektuak 2021eko maiatzaren 7ra arte aurkez daitezke.

Proiektuak, 6. puntuan zehazten diren agiriekin, posta elektronikoz aurkeztuko dira, helbide honetan: cultura@bilbao.eus Proiektuak euskaraz edo gaztelaniaz bidal daitezke.

Proiektuak aurkeztu ondoren, parte-hartzaileei egin beharreko komunikazio eta jakinarazpenak posta elektronikoz egingo dira.

6.     Aurkeztu beharreko agiriak

Deialdian sartzeko eskaera egiteko, hiru eranskin bete beharko dira (www.bilbao.eus edo
www.bilbaokultura.eus webguneetan jaitsi daitezke):

  • I. Eranskina: Eskabide fitxa, eskatzaileak edo, kasua bada, entitatearen legezko ordezkariak sinatua.
  • II. Eranskina: Proiektuaren datuak.
  • III. Eranskina: Deialdian parte hartzeko baldintza guztiak betetzeari buruzko erantzukizuneko adierazpena.

Hiru eranskin horiekin batera, egoitza soziala edo helbide fiskala Bilbon dagoela frogatzen duen dokumentazio administratiboa aurkeztuko da.

6.1. Proiektua (II. Eranskina)
Proiektua II. Eranskineko eredu digitalean beteko da (webgune berberetan jaitsi daiteke), eta item hauek bete beharko dira:

    • Aukeratzen den kategoria (A, B, C edo D).
    • Proiektua aurkezten duen enpresa, erakunde edo profesional autonomoaren ibilbideari/esperientziari buruzko informazioa.
    • Deialdian sartu nahi den proiektuaren azalpena. Ebaluazioa errazteko, ondoren azaltzen den hurrenkeran, epigrafe hauetako informazioa jasoko du proiektuaren azalpenak:

a. Proiektuaren izena
b. Deskribapena
c. Helburuak
d. Proiektua non egingo den eta, egoki bada, proposatzen diren espazioen kudeatzaileen oniritzia daukala.
e. Proiektua egiteko behar diren baliabide materialak eta teknikoak.
f. Egutegia.
g. Aurreikusitako eragina: zein publikori zuzentzen zaion (publiko-motaren deskribapena eta proiektua zenbat pertsonarengana iritsiko den), hedabideetan eta sare sozialetan aurreikusitako eragina, urian aurreikusitako eragin ekonomikoa.
h. Euskararen erabileraren sustapena.
i. Proiektuaren aurrekontu zehaztua eta banakatua dagozkion partidetan, II. Eranskineko “Aurrekontu fitxa” erabilita (proiektuaren datuak).

II. Eranskinean adierazten dira erabili beharreko tipografia, lerroartea eta gehieneko luzera.
Ohar horiek derrigor bete behar dira.
Eskatzaileek informazio osagarria erantsi ahal izango dute proiekturako garrantzitsua dela uste badute (testuak, irudiak, planoak, etab.), gehienez ere 15 orrialde dituztenak.

7.     Eskabideak onartzea eta akatsak zuzentzea

Proiektuen Balorazio Batzordeak egiaztatuko du eskaerek deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela eta, egoki bada, akatsak edo guztiz beteta ez dauden dokumentuak bilatuko ditu. Horrelakorik aurkituz gero, 10 eguneko epean akatsak zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari.

Epe horretan akatsak zuzendu ezean, eskaera beste barik ezetsiko da.

8.     Proiektuak hautatzeko balorazio irizpideak

Proiektuan hautatzeko, Balorazio Batzordeak adierazle eta irizpide hauek ebaluatuko ditu:

  • Proiektuaren kalitatea, interesa, bideragarritasuna, berrikuntza eta aurrekontua eskainitako prestazioetara egokitzea: 60 puntu gehienez.
  • Aurreikusitako eragina (publikoa, ikusgarritasuna, eragin ekonomikoa urian): 30 puntu gehienez.
  • Euskararen erabilera sustatzeko ekarpena: 10 puntu gehienez.

9.     Baztertzeko arrazoiak

Balorazio Batzordeak deialditik kanpo utz ditzake deialdian aurkeztutako proiektuak, inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

  • Deialdiko laugarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek edo erakundeek aurkeztutakoak.
  • Helburua kulturaren edo sormenaren esparrutik aldentzen dela edo zeharka lantzen duela uste denean.
  • Jarduera osorik egitea aurreikusten ez duen aurrekontua dutenak, eta beharrezkoa denean Udalak beste edozein gastu gehigarri egitea, edo behar bezala kreditatuta ez dagoen beste erakunde batzuen finantziazio osagarria behar izatea.
  • “Proiektuaren kalitatea, interesa, bideragarritasuna, berrikuntza eta aurrekontua eskainitako prestazioetara egokitzea” atalaren balorazioan 30 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

10.  Proiektuak hautatzea eta jakinaraztea

Balorazio Batzordeak egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena egingo du, aurreko artikuluan jasotako irizpideak aplikatuta. Txosten horretan hautatu beharreko proiektuak proposatuko ditu.

Txosten hori www.bilbao.eus webgunean argitaratuko dira.

Balorazio Batzordeak kategoria bakoitzeko ordezkoen izenen zerrenda proposatuko du, hautatutako proiekturen bat ezin bada egin, dela uko egiteagatik, dela beste edozein arrazoirengatik.

Balorazio Batzordeak hilabete eta erdi izango ditu, gehienez, proiektuak hautatzeko proposamena egiteko, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Edozelan ere, hautatutako proiektuen zerrenda zuzenean jakinaraziko zaie eskatzaileei posta elektronikoaren bidez.

Ebazpenaren jakinarazpenean, hautatuari adieraziko zaio 20 egun balioduneko epean honako dokumentazio hau aurkeztu behar duela:

  • Entitatearen IFZren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia.
  • Legez gaitutako entitatearen estatutuen kopia eta, entitateak badira, inskripzioaren ziurtagiria.
  • JEZean alta emanda egotearen ziurtagiria.
  • Zergen arloan eta Gizarte Segurantzan zorrik ez edukitzea ziurtatzen duen agiria.
  • Kaudimena ziurtatzea; horretarako nahikoa izango da azken hiru urteetan izaera bereko edo antzeko proiektu bat egin izana justifikatzea, deialdian aurkeztutako proiektuaren zenbateko berekoa edo handiagokoa. Proiektua norentzat edo zein erakunderentzat egin den adierazi beharko da.

Aurkezten diren agirietatik deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatzen bada, proiektuaren hautaketa indarrik gabe utziko da. Kasu horretan, bai eta hautatutako pertsonak edo entitateak uko egiten badio ere, Balorazio Batzordeak erabaki ahal izango du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, dagokion kategoriako ordezkoen izenen zerrendako hurrengo proiektua hautatzea.

Deialdia osorik edo zati batean eman gabe utz daiteke.

11.  Kontratua esleitzea

Kontratua esleitu baino lehen, proiektuen datak eta behin betiko kokalekua erabakiko dira, aukeratu diren pertsonekin edo entitateekin. Izapide hori bete ondoren, Udalak kontratua esleituko du, kontratu txikiei dagokien tramitazioaren arabera.

Kontratua gauzatzearen ondorioz jaso beharreko zenbatekoen % 50erainoko aurrerakina eska dezake esleipendunak. Horretarako, dagokion bermea aurkeztu beharko du.