ZORROTZAN OSPATUKO DA DOMEKAN, HILAK 4, BIZKAIKO ABESBATZEN XXXIV. EGUNA, 51 ABESBATZAREN PARTAIDETZAREKIN

Bilboko Udalaren laguntza duen topaketaren barruan kaleko kontzertua eskainiko da 12:00etatik aurrera; bertan 1.000 lagun bilduko dira.

Zorrotzako azoka-lekuko parkean egingo da ekainaren 4an (domeka) Bizkaiko Abesbatzen XXXIV. Eguna. Bizkaiko Abesbatzen Federazioak urtero antolatzen duen ekitaldia da. Berrogeita hamarretik gora abesbatza –ia erdiak Bilbokoak- biltzekotan dira bertan 12:00etatik aurrera, mila ahotsek parte hartuko duten kaleko kontzertu handi batean.

Jai giroko ekitaldi honen helburuak abesbatzen mugimenduaren indarra jendeari erakustea eta abesbatzen euskal errepertorio ugariari zabalkundea ematea dira. Kanturako tradizio eta gustu historikoa dugula gomutatzeko ere balio du. Egun hau ospatuta, abesbatzen musika lurraldeko txoko guztietara eraman eta konpositore handien obrak ezagutarazi gura dira.

Oraingo honetan, Bilboko Udalaren laguntza duen hitzordua, Zorrotza auzoko Mikel Deuna abesbatzaren 25. urteurrenean egingo da, 51 abesbatza batuta: umeen bost abesbatza, ahots zuri helduen hamaika, ahots baxuen zazpi eta ahots mistoen 28 abesbatza.

Ospakizuna 10:00etan hasiko da, harrera eginda parte-hartzaile guztiei eta, goizean zehar, publikoa Barrutiko Udaltegian eta kiroldegian egingo diren entseguetara joan ahal izango da. Eguneko ekitaldi nagusia azoka-lekuko parkean egingo den eta abesbatza guztiek parte hartuko duten kontzertua izango da.