ZINEBIK, MUTIL GAZTE BATEK SEXUZ ALDATZEKO AURRERA DARAMAN BORROKA ERAKUSTEN DUEN THE GOOD SON FILM ISRAELDARRA AURKEZTUKO DU OSTEGUN HONETAN, “HILEKO DOKUMENTALA” ZIKLOAREN BARRUAN

Shirley Berkovitzek zuzendutako film dokumentala, bere ametsa edozein preziotan betetzea erabakitzen duen 22 urteko gazte baten erretratua da, horrek familiari gezurrak esatea eskatzen badio ere.

Saioa Multicine aretoan izango da (Jose María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniaz azpi-titulatutako jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Shirley Berkovitzek zuzendutako The Good Son (Israel, 2013, 52 min.) filma aurkeztuko du ostegun honetan. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (José María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

The Good Son (Seme Ona) Or izeneko 22 urteko mutil gaztearen istorio harrigarria da. Bere ametsa betetzea erabaki du: sexuz aldatzea, prezioa edozein bada ere. Horretarako gezurra esan beharko die guraso kontserbadoreei, urtebete Ingalaterrara ikastera doala esanez. Beldurrari, zalantzari, familiaren garrantziari eta norbera izateko borondatearen indarrari buruzko erretratu zirraragarria da. Halaber, filmak galdera bat egiten du, non dagoen norbera izatearen eta familiarenganako leialtasunaren eta zintzotasunaren arteko muga.

Dokumentala hebraierazko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniaz azpi-titulatuta. Sari garrantzitsuak jaso ditu jadanik, SERET FF (Erresuma Batua, 2014); DocsBarcelona-Inaugurazioa (Espainia, 2014); PlaneteDoc Film festival (Polonia, 2014); Thessaloniki Documentary Festival (Grezia, 2014); eta IDFA (Herbehereak, 2013).

Tel Aviven jaiotako Shirley Berkovitz zuzendariak Israeleko Beit Berl Arts Collegea izenekoan ikasi zuen zinea, eta bertan zuzendu eta ekoiztu zuen bere lehenengo film laburra, Blocked. Lehenengo film luze dokumentala 100% lana, DocAviv-Documental, Haifa Cinemateca izeneko Zinemaldian eskaini zen. 2009an, nazioarteko jaialdi askotan Dokumental Hoberenaren saria irabazi zuen eta 2010ean Israeleko Academy Award baterako izendapena lortu zuen The Way Up lana kaleratu zuen. Une honetan Shirleyk proiektu independenteen editore eta zuzendari gisa eta gazte taldeetako tutore eta prestatzaile gisa egiten du lan, eta zineari eta komunikabideei buruzko mintegiak ematen ditu.

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.