ZINEBIk “GRECIA: REINVENTARSE PARA SOBREVIVIR” FILMA ESKAINIKO DU URTARRILAREN 28an (EGUENA) “HILEKO DOKUMENTALA” ZIKLOAREN BARRUAN. GREZIAKO KRISIALDIA AZALTZEN DA FILM HORRETAN, EUREN PATUA GOBERNATU GURA DUTEN HIRU PERTSONAIAREN IKUSPEGITIK.

Emanaldia Multicine 7 aretoan (Jose Maria Escuza k. 13) izango da, 20:00etan, jatorrizko bertsioan, espainierazko azpitituluekin. Sarrerak 3,70 euro balio du.

‘‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Elena Zervopoulou-k zuzendutako Grecia: Reinventarse para sobrevivir (2014. 78 minutu) greziar filma eskainiko du urtarrilaren 28an (eguena). Film horrek sariak jaso ditu hainbat jaialditan, DocsBarcelona International Documentary Film Festival jaialdian, esaterako. Ohi bezala, emanaldia Multicine 7 aretoan izango da. 20:00etan. Sarrerak 3,70 euro balio du.

Greziako krisialdia azaltzen da film honetan, euren patua gobernatu gura duten hiru pertsonaiaren ikuspegitik. Giorgios etxe barik geratu da gainbehera ekonomikoa nozitu ondoren; bizimodu berria eratzen dihardu. Aldi berean, Grigoris-ek alde egin du hiritik bere familiarekin, bizimodu berriaren bila mendian. Azkenik, Ilias “patata mugimenduko” kide egin da, elikadura-kateei aurre egiteko, elkartasunaren eta zuzeneko demokraziaren bidez. Krisiak Europa barruko ezberdintasunak areagotzen dituen bitartean, hiru pertsonaia horien adoreak gizakiek errealitatea aldarazi dezaketela ekartzen digu gogora.

Elena Zervopoulou film luzeen munduan murgildu da lan honekin. Greziar zuzendari honek Etnopsikologia estudiatu zuen Paris 5 Unibertsitatean. UNESCOren aholkulari ere izan da Madagaskarren kalean bizi diren umeei buruzko proiektu batean. Nanterreko Unibertsitateko Antropologia eta Zinema Dokumentaleko masterra du. Zenbait proiektu gauzatu ditu mundu osoko GKEentzat. Sea Gypsies (2012) film laburra ere zuzendu du. BBCren Why Poverty? dokumentalen sailaren barruko filma da.

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.

“Grecia: Reinventarse para sobrevivir” TRAILERRA: http://www.docsbarcelona.com/es/doc/greece-days-of-change/