ZINEBIK EUSKAL ZINEGILEEN ALDEKO APUSTUAREKIN JARRAITZEN DU, “ZINERGENTZIAK15” PROIEKTUAREN BARRUAN DAGOEN BIGARREN FILM LUZE KOLEKTIBOAREN EKOIZPENAREKIN

Zuzendariak muntaketa fasean daude, eta azken emaitza azaroaren 14an aurkeztuko da, azaroaren 13tik 20ra ospatuko den Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren-ZINEBI57ren, barruan.

Abian da Zinebik-Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiak sustatzen duen Zinergentziak proiektuaren bigarren film kolektiboa. Zinebik zinearen ohiko sustapen zirkuituetatik at geratzen den ikus-entzunezko sormena nabarmentzen eta hobeto ikusten lagundu nahi du. Horretarako, ohiko zine industrialaren parametroetatik aldentzen diren zinegileak eta artistak aintzat hartzen eta babesten dituen esperimentazio gunea sortu du.

Oraingo honetan lau izan dira film kolektiboa egiteko gonbitea jaso duten zinegile gazteak: Maddi Barber, Jesus Mari Palacios, Cristina Ezquerra eta Aitor Gametxo. Zinergentziak zenbait artistaren alde egindako apustua da, gehienak oso gazteak, baina aurretik ere ikus-entzunezko lanetan aritutakoak. Berdin dio zein generotan egin izan duten lan, guztiak nabarmendu dira dela kalitate zinematografikoarengatik dela begirada pertsonalarengatik zein ekarpen estetikoarengatik. Baina ez dute, oraindik, ikus-entzunezko industrian sartzeko edo egitura artistikoan lekua hartzeko aukerarik izan.

Oraintxe bertan, lau zinegileak filmaren edizio lanetan ari dira. Azken emaitza azaroaren 14an, larunbatarekin, ikusi ahalko da ZINEBI57 jaialdiaren programazioaren baitan.

Jesús M. Palacios (Donostia, 1980). Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Giza Zientzietan Lizentziaduna Salamancako Unibertsitatean. Hainbat proiektu ikusezin eta amaigabeen ostean Bartzelonara joan zen eta UABeko Sortze Dokumental Masterra egin zuen. Lagunarteko proiektuetan argazki zuzendaritzan aritu eta gero, bere lehen filma zuzendu zuen, “Figura amb Paisatge”, Catalunyako Telebistak (TV3) eman eta hainbat jaialditan ere sariak jaso zituena. “Casa vacía”, bere bigarren filma Kimuak 2012 katalogoan izan zen aukeratua. Gaur egun “Ur artean” bere hurrengo lanaren errealizazioa lanetan dabil.

Cristina Ezquerra (Bilbo, 1987). Arte Ederretan Lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) argazki eta ikus-entzunezko irudi espezialitatean. Ikus artista modura hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du, hala nola GIRLS ON ART (Bilbo 2013), MUGAZ BESTE// Au-Deá des Frontiers (Miarritze 2013), III. Punto eta Marra zine abstraktuko Jaialdia (Madril, 2011) edo GETXOARTE 11 (Getxo 2011), besteak beste.

Maddi Barber (Iruñea, 1988). Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Arte Zuzendaritzan espezializatua Kubako Zine Eskolan (EICTV). Fabian Suarezek zuzendu berri duen eta laster estreinatuko den “Caballos” filmaren errealizazio taldean parte hartu du eta 2013tik hona Iruñeko diziplinarteko Jazar kolektiboaren partaide ere bada.

Aitor Gametxo (Lekeitio,1989). Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Ondoren, Sortze Dokumental Masterra ikasi zuen UABen bertan, eta Igone Arreitunandiarekin batera “La ciutat tipográfica” (2012) bere lehen dokumentala egin zuen, zenbait jaialditan parte hartzeko aukeratua izan dena. Ondoren, Maria Elorza eta Maider Fernandezekin batera (Las Chicas de Pasaik) “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013) zuzendu zuen, 2014. urtean euskarazko gidoirik onenaren saria jaso zuena Zinebin. Ondoren “Bere bizietako bat” (2103) eta “Soinu galduen bila” (2013), zuzendu ditu, azken horiek ere zenbait jaialditan erakutsiak izan direnak. 2015ean bere lehen film luzea estreinatu du, “El otro mapa de Abauntz” Punto de Vista-Festival Internacional de Cine Documental jaialdiaren X Films atalaren barruan.