ZINEBIK, BILBOKO ZINE DOKUMENTAL ETA LABURMETRAIA NAZIOARTEKO JAIALDIAK, OHOREZKO MIKELDIA EMANGO DIO CECILIA ROTH ANTZEZLE ARGENTINARRARI, INTERPRETATZEKO ORDUAN ERAKUTSI DUEN ASKATASUNAREN AINTZATESPEN GISA

Saria jaialdiaren inaugurazio ekitaldian banatuko zaio, AZAROAREN 14an, Arriaga Antzokian.

Bere 56. edizioa azaroaren 14tik 21era izango duen Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Jaialdiak (ZINEBI), Ohorezko Mikeldia emango dio Cecilia Roth antzezle argentinarrari, interpretatzeko orduan erakutsi duen askatasunaren eta heldutasunaren aintzatespen gisa. Saria ZINEBI 56ren inaugurazio ekitaldian (AZAROAREN 14AN) banatuko zaio. Ohikoa denez, ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian izango da.

 

Bere pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsiz, Cecilia Rothek bere garaiko emakumeak azaleratu ditu bere film bakoitzean, milioika ikus-entzuleren zine imajinarioaren parte bilakatu diren izaera indartsuko emakumeak, hain zuzen ere. Adibideetako bat, AZAROAREN 16an, arratsaldeko 20:00etan, Guggenheim Museoaren auditorioan ZINEBIk eskainiko duen Adolfo Aristarainen “Martín Hache” da. Film horri esker, Cecilia Rothek Emakume Antzezle Hoberenaren Goya Saria jaso zuen 1998an, eta New Yorkeko Ikuskizunen Kronisten Elkartearena (ACE) 1997an.

 

Bere lan ibilbide bikainean beste sari batzuk ere jaso ditu, Emakume Antzezle Hoberenaren Goya Saria “Todo sobre mi madre” lanari esker 1999an, eta Emakume Antzezle Hoberenaren Zilarrezko Fotogramas eta Zineko Sant Jordi Sariak lan berberarengatik, besteak beste. Horiei beste batzuk ere gehitu behar zaizkie: Europako Zinearen Sarien 12. edizioan lortu zuen Emakume Antzezle Hoberenaren Saria (1999), Huelvako Zine Iberoamerikarraren Jaialdiko Zilarrezko Colón Saria 2000. urtean, “Una noche con Sabrina Love” lanari esker, eta Espainiako Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina, 2000. urtean, baita ere. 2001ean Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko Epaimahaiko kide izateko aukeratu zuten.

 

Nazio eta nazioarte mailako kritikak aho batez goratu duen eta ikus-entzuleen artean arrakasta handia lortu duen filmografia du. Cecilia Rothek (Buenos Aires, 1956), hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean debutatu zuen Argentinako zinean. Espainian egin zuen lehenengo filma “De fresa, limón y menta” (Miguel Ángel Díez, 1978) izan zen. 1980an “Arrebato” (Iván Zulueta, 1980) lanaren protagonista izan zen. Gaur egun ere kultuzkotzat hartzen den eta sailkatzeko oso zaila den film horrek, garai hartan Trantsizioko zinea izena jaso zuenaren bi ikono bilakatu zituen zuzendaria eta emakume antzezle protagonista.

 

Ondoren, arrakasta komertzial handia lortu zuten beste lan batzuk heldu ziren. Horrela, 1980an, Pedro Almodovarrek zuzendutako “Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón” egin zuen. Cecilia Rothek arrakastaz betetako ibilbide luzea izan du zuzendari horrekin, eta bere lan garrantzitsuenetako batzuetan hartu du parte, “Laberinto de pasiones” (1982), “Entre tinieblas” (1983), “Todo sobre mi madre” (1999) eta, duela denbora gutxi, “Los amantes pasajeros” (2013).

 

Une honetan, Cecilia Roth, Philippe Blasband dramaturgile frantsesaren “Una relación pornográfica” lan arrakastatsuaren bertsio argentinarra ari da antzezten antzokietan.