ZINEBIK – BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK AZAROAREN 9AN INAUGURATUKO DU BERE 60. EDIZIOA, OHOREZKO MIKELDIA EMANEZ MARIANO LLINAS ZINEGILE ARGENTINARRARI ETA BAILENGO “ZERU-ORRATZARI” BURUZKO MAPPING BAT EGINEZ

28 herrialdetako 52 filmek hartuko dute parte Nazioarteko Lehiaketako Sekzio Ofizialean, beste batzuen artean, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan. Azpimarratzekoak dira estatuko 13 ekoizpen lanak, horietatik sei euskaldunak. Nazioarteko film laburren artean aipamen berezia merezi dute Marco Bellocchio zinegile ospetsuaren La Lotta lanaren, Flurin Gigerren Schächer (The thief) filmaren edo Helena Wittmanen Ada Kaleh film labur dokumentalaren Estatuko estreinaldiak

ZINEBI 59ko Nazioarteko Epaimahaia Concha Barquero zinegileak, Ghasideh Golmanaki zinegile iraniarrak, Zsuzsanna Kiràly ekoizle errumaniarrak, Jodie Mack animazio esperimental egile britainiarrak eta Crematorio edo La zona serietan lan egin duen Carolina Martínez Urbina muntatzaileak osatuko dute.

Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandiar ospetsuak Bilbo bisitatuko du eta bigarren Ohorezko Mikeldia jasoko du. ZINEBI 60k zinegilearen azken film laburra den Blue lanaren estatuko premierea jasoko du, eta azaroaren 14an eta 15ean, jaialdiak zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzerabegirakoa eskainiko du Guggenheim Museoan. Horietako batzuk ez dira inoiz ikusi Estatuan. Azaroaren 15ean jende guztiari zabalduta egongo den masterclass bat eskainiko du.

Berrikuntza gisa, ZINEBI 60k Euskal Zinearen Eguna ospatuko du edizio honetan –azaroaren 10ean–, Azkuna Zentroko auditorian lehiaketara aurkezten diren euskal film laburrak eskainiz, eta Arte Ederren Museoak José Antonio Sistiaga artista plastikoari buruzko dokumentalaren estrategia jasoko du, eta baita euren lanarekin 70eko hamarkadan Bilbon zine ekoizpenari jarraipena ematen lagundu zuten bederatzi pertsonari emango zaien Ohorezko Mikeldi Bereziaren banaketa ekitaldia ere: José A. Sistiaga, José Á. Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramon Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río.

Zirkuituko opera prima iradokigarrienei eta ausartenei eskainita dagoen eta 12.000 euroko saria duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) nazioarteko lehiaketaren barruan 9 film luze aukeratu dira –guztiak ere Estatu mailako estreinaldiak–, beste jaialdi handietatik igarotakoak, Berlindik edo Locarnotik, adibidez, Stefan Bohunenak, Luise Donschenak edo Andrea Bussmann mexikarrarenak, besteak beste.

Lehiaketatik kanpoko “Beautiful Docs – Mundu osoko dokumental luzeen panorama” sekzioak, dokumental egile handien azken garaiko bederatzi ekoizpen lan ikusteko aukera eskainiko digu, horietako batzuk estreinaldiak Estatuan, Werner Herzog eta André Signerren Meeting Gorbachev; Frederick Wisemanen Monrovia, edo Rithy Pahnen Graves Without, dokumental egile handien lanez gain, Margarethe von Trotta, Sergei Loznitsa, edo Dora García, hain zuzen ere.

Sekzio paraleloen barruan, ZINEBI 60k Focus Iranian Women Filmmakers. The present is female! programatu du; horren xedea Iranen, herrialde estratifikatu eta kontraesankorraren errealitatean sakontzea da. Zikloa, gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari diren emakume zuzendari iraniarrek egindako 20 film laburrek (fikzioa, dokumentala eta animazioa) osatzen dute.

ZINEBITXIKI sekzioan, umeek Charles Chaplinek, zinearen historiako maisu handietako batek, egindako hiru film laburrez gozatzeko aukera izango dute, zuzeneko musikak lagunduta.

 

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 60k azaroaren 9an, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, Mariano Llinás zinegile argentinarrari Ohorezko Mikeldia emanez, zine garaikidearen nazioarteko panoramako berritzaileenen artean dagoen zinegile horren lan guztian hautematen den sorkuntzarako talentua eta erradikaltasun estetikoa aintzatetsiz. Horrez gain, ZINEBI 60k primizian, hamarkada batez egin den eta ia 14 ordu irauten dituen La flor filma aurkeztuko du. Azaroaren 11, 12 eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan.

Inaugurazio ekitaldian, Llinás berak zuzendutako La Flor antes de que fuera La Flor lana estreinatuko da, Piel de Lava taldeko antzezleek (Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa eta Laura Paredes) interpretatutakoa. Kalean, herritarrak jaialdiko edizio berezi honen partaide bilakatzeko, Patxi Araujo eta Martin Etxauri aktoreek oso mapping berezia egingo dute Bailen kaleko “zeru-orratzaren” fatxadan. Instalazio artistiko berezi horretan irudiek, musikak eta performanceak bat egingo dute, ikus-entzuleak inguratuko dituen atmosfera hipnotikoa sortuz, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, ZINEBIk bere 60. edizioaren oihala altxatu aurretik.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandarrari emango zaio, sakonera poetiko handia duen eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea aintzatetsiz. Ohikoa denez, oraingo honetan Weerasethakulek azaroaren 16an hartuko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian. Ekitaldi horrek, gainera, bere azken film laburra, Torontoko Zinemaldian estreinatu berri duen Blue lana, jasoko du, eta baita Apichatpongek eta Thailandiako zinegile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana ere.

124 herrialdetatik etorrita aurkeztu diren 3.770 film laburretatik, 52 film aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa (22), dokumentala (18) eta animazioa (11). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 13 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira. Euskal ekoizpen lanak hauek dira:

-Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzioa).
-Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzioa).
-Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala).
-Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala).
-Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala).
-It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala).

Estatuko Zinearen atalean hauek arituko dira:

-Vaca, Marta Bayarri (fikzioa).
-Corre brilla luz luz, Jordi Díaz Fernández eta Miguel Ángel Blanca (fikzioa).
-Los elefantes de Escipión, David Pantaleón eta Pilar Aldea (fikzioa).
-Foreigner, Carlos Violadé (fikzioa)
-Flora e fauna (Shot on Sight), Alberte Pagán (dokumentala).
-Entre raíles, D. Spratt, A. Puig Ros, S. Rúa eta D. González (dokumentala).
-Patchwork, María Manero Muro (animazioa).

Latinoamerikako atalean aurten azpimarragarria da Argentinako, Brasilgo eta Kolonbiako filmen presentzia. ZINEBIn orain arte oso ohikoak izan ez diren filmak ere ikusi ahal izango ditugu nazioarteko lehiaketan, Singapur, Libano, India, Serbia eta Eslovakiakoak, besteak beste. Partaidetza zabal eta anitzak, bere generoan ospe handia duen lehiaketa honen izaera benetan nazioartekoa egiaztatzen du beste urte batez.

Nazioarteko lehiaketaren barruan, azpimarragarriak dira Marco Bellocchio zuzendari ezagunaren La Lotta filma, Canneseko Jaialdian estreinatutakoa, eta baita Flurin Giger suitzarraren Schächer (The thief) ere, duela denbora gutxi estreinatu den Helena Wittmanen Ada Kaleh lan dokumentala ahaztu barik. Aipatu behar diren beste batzuen artean, João Salavizaren eta Ricardo Alvesen Russa eta Ana Moreiraren Aquaparque Portugaleko film laburrak, Bartzelonako UABeko Dokumental Sortzaile Masterreko azken lanetako baten estreinaldia, Delfina Spratten eta Àlex Puig Rosen Entre raíles, Rezo Cozzaren Las Flores Argentinako fikziozko film laburra eta Locarnon saria lortu duen Laura Huertasen El Laberinto, eta duela denbora gutxi Venezian estreinatu den Zhengfan Yangen Na Li (Down Here) ere badaude.

Izan ere, Bilbora bost kontinenteetako filmak ekarriko dituen nazioarteko lehiaketa zabal eta anitzaren bitartez, ZINEBIk eutsi egiten dio bere nortasun zeinu nagusietako bati, film laburrari. 1974an Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) nazioarteko goreneko lehiaketa kategoriako jaialdi aitorpena jaso zuenetik, aurrera jarraitzen du bost kontinenteetako zuzendari gazteen sormena eta talentua bultzatzen, formatu horretako aukeraketaren bitartez. Horrez gain, Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du ZINEBI, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta BAFTA Sarietarako eta Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

Azaroaren 16an jakitera emango den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiek eta Ikus-entzuleen EiTB Sariak. Sari horiek Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak zine munduko bost emakume izango dira: Concha Barquero zinegilea, Ghasideh Golmanaki zinegile iraniarra, Zsuzsanna Kiràly ekoizle errumaniarra, Jodie Mack animazio esperimental egile britainiarra eta Crematorio edo La zona serietan lan egin duen Carolina Martínez Urbina muntatzailea.

EUSKAL ZINEAREN EGUNA
Beste alde batetik, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburrek Euskal Gidoi Onenaren SGAE-Euskadiko Kontseiluaren eta FAS Zineklubaren Saria lortu ahal izango dute. Izan ere, euskal zinearen alorrean dago edizio honetako berrikuntza nagusietako bat, azaroaren 10ean ZINEBI 60k Euskal Zinearen Eguna ospatuko baitu, Arte Ederren Museoan egingo den ekitaldi handiarekin.

Bere 60. edizioan ZINEBIk berriztatu egin gura du Euskadin egindako zinearekin eta gure ikus-entzunezko industriaren garapenarekin eta kanpoko proiekzioarekin duen konpromisoa. 1959an sortu zenetik, ZINEBIk, gutxienez lau belaunaldiko euskal zinegileen lehen mailako lanak jaso ditu bere programazioan. Beraz, gaur Euskal Zinea izenez ezagutzen duguna, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran finkatzen hasi zen etiketa da. Pixka bat geroago, garai hartan ekoiztutako film luze batzuek lortu zuten arrakasta komertzialari esker, Albaniako konkista (Alfonso Ungria, 1983) eta batez ere Mikelen heriotza (Imanol Uribe, 1983), Euskal Zinea markak izaera lortu zuen estatu mailako zine merkatuan.

ZINEBIk aurrera jarraitu gura du Euskadin egindako zinearen iraganari eta etorkizunari begiratuz. Hori dela eta, lehen aldiz Euskal Zinearen Eguna ospatuko du, belaunaldien arteko zubi izan nahi duen ekitaldiarekin. Alde batetik, 17:30etik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan Sekzio Ofizialean parte hartuko duten Euskadiko sei filmak eskainiko dira, eta 20:00etatik aurrera, Arte Ederren Museoan omenaldi ekitaldia egingo da. Ekitaldi horretan Ohorezko Mikeldi Berezia emango zaie euskal zinegile eta beste profesional batzuei. Gerra ostean eta Trantsizio garaian Bilboko zinearen protagonista izan zirenetako batzuk izango dira, zehatzago esanez, euren lanei esker gure hiriko zine ekoizpenari jarraipena ematea lortu zuten bederatzi profesional: José Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río.

Euskal Zinearen Egun hori, Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) figurari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin osatuko da, ekitaldiren amaieran. Gerra osteko abangoardia historikoak izan zuen artisa plastiko garrantzitsuenetakoa izan zen, Jorge Oteizarekin, Eduardo Chillidarekin edo Nestor Basterretxearekin batera, besteak beste. Zinegile esperimental gisa, 1968an Ere erera baleibu icik subua aruaren… apurtzailea aurkeztu zuen Bilboko Jaialdian, eta lan horrek 10. edizio hartako Zine Esperimentalaren Saria irabazi zuen.

Sistiaga, une histoire basque (Manuel Sorto, 2018. 96 min.) dokumentala, Gipuzkoako artista handi horren izateko, munduan egoteko… moduari eskainita dago. Aurretik En la luna (2018) izeneko ZINEBIren ekoizpen lan berezia eskainiko da, EHU/UPVko Hauazkena animazio taldeak egindakoa, Begoña Vicarioren koordinaziopean. Galdutako De la luna a Euskadi (1968) film labur hartako artistaren oroimenean geratzen dena berrinterpretatzen duen lana da.

ZINEBI FIRST FILM SARIA
Bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketaren hirugarren edizioan, bost film lehiatuko dira fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria emango duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Berlindik, Locarnotik, Mar de Platatik edo Vienatik, besteak beste, eta guztiak ere ZINEBIn estreinatuko dira Estatuan.

ZIFFen barruan lehiatuko diren filmen artean, aipamen berezia merezi dute Andrea Bussmannen Fausto (Mexiko, Kanada, 2018. Dok. 70 min.), mundu mailako estreinaldia Locarnoko zinemaldian izan zuen eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen dokumentala; Darya Zhuken Khrustal/Crystal Swan (Alemania, Bielorrusia, EEBB, Errusia, 2018, Fik. 93 min.), hainbat jaialditik igarotakoa, Karlovy Varykotik eta Odessakotik, besteak beste, azken horretan Epaimahaiaren Sari nagusia jasoz; Tetsuya Tominaren Blue Wind Blows (Japonia, 2018. Fik. 88 min.) fikzioa, Sao Pauloko zinemaldiko Zuzendaritza Onenaren saria lortutakoa; edo Luise Donschen zinegilearen Casanovagen (Alemania, 2018. Dok-Fik. 67 min.), John Malcovich protagonista daukana, eta mundu mailako aurkezpena Berlinalean izan duena.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia Eulàlia Iglesias kazetari eta zine kritikariak, Agnès Wildenstein zine programatzaile frantses beteranoak eta Nele Wohlatz zinegile alemanak osatuko dute.

Beste alde batetik, eta programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako bederatzi film aukeratu ditu “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko lehiaketatik kanpoko ziklorako. Film horietatik lauk Estatu mailako estreinaldia izango dute Bilbon, oso gai eta hizkuntza formal desberdinak erakusten dituzte, egungo munduan erabateko gaurkotasuna duten gaiak azaltzeko, politikaren, psikoanalisiaren eta antzezpenaren arteko harremanetatik, Ingmar Bergman zinegile suediar handiaren bizitzara, unibertso intelektualera eta zine ondarera; Amerika sakoneko landa inguruko leku txikietan bizi diren estatubatuarren erretratu hunkigarria, eta baita Espainiako zenbait emakumek dituzten elkarrizketa esanguratsuak, kaleak espazio maskulinizatuak izatearen gaiaren inguruan.

Sekzio honetan hiru dokumental egile ospetsuren azken lanak azpimarratu behar dira. Bat, Torontoko Nazioarteko Zinemaldian estreinatutako Werner Herzogen eta André Singerren Meeting Gorbachev (Frantzia, 2018. 92 min.) da. Werner Herzog zinegile aleman ospetsuak Mikhail Gorbachov agintari sobietar ohiarekin –Bakearen Nobel Saria– izandako elkarrizketek, XX. mendearen azken hereneko gertakari garrantzitsuenetako batzuk interpretatzeko aukera berriak zabaltzen dituzte.

Beste alde batetik, mundu osoko jaialdi garrantzitsuenetatik igaro den Frederick Wiseman zinegile estatubatuar handiaren Monrovia, Indiana (EEBB, 2018. 143 min.) lana, sarri askotan erabat isolatuta dauden Estatu Batuetako landa inguruetako herri txikietan bizi diren lau milioi pertsonengan zentratzen da, bere herrialdeko nekazaritza inguruetako herri txiki, sakabanatu eta urruneko horietan bizi direnen bizitza esperientzien eta izaeraren erretratu zorrotza, bizia, hunkigarria eta bikaina egiteko.

Bukatzeko, bere herrialdeko indarkeria atabikoaren jatorriari eta bake iraunkorra lortzeko bideei buruzko azterlan psikologiko, espiritual eta moral konplexuari jarraipena ematen dion Rithy Pahn Kanbodiako zinegilearen Graves Without A Name (Frantzia – Kanbodia, 2018. 115 min.) lana daukagu. Pol Pot-en eta bere jemer gorrien erregimen izugarriaren ondorioz bere familia gehiena hil ondoren, haien hilobiak bilatzeko bideari ekiten dion umearen ibilbide pertsonal sakona erakusten du. Hiru dokumental horien eta Nebojša Slijepčević-en Srbenca (Kroazia, 2018. 72 min.) Estatuko premierea ZINEBI 60 honen barruan izango dira.

Beste sekzio paralelo batzuetan, eta aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 60k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Oraingo honetan lau film luze dokumental aurkeztuko dira, Iñigo Cobo, Txuspo Poyo, Blanca Oria, Itxaso Díaz eta Stéphane Abboud zinegileek egindakoak. Horrez gain, berrikuntza gisa, edizio honek “Bertoko begiradak – Film laburrak” sekzioa jasotzen du, Sekzio Ofizialaren barruan ez dauden 13 film laburrekin.

EMANALDI BEREZIAK
Zinemaldiak, Guadalupe Echevarría komisario izango duen El arte del tiempo izeneko bideo zikloa aurkeztuko du edizio honetan, Bilboko Arte Eder Museoak, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa dela eta antolatu dituen ekitaldien barruan. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk Museoarekin duen lankidetza estutu gura du, bere 60. edizioko proposamena aberastuz, azken garaietan Euskadin egin den produkzioaren inguruan. Zikloa, ikus-entzunezko 16 piezak osatutako hiru saiok osatuko dute, eta Guadalupe Echevarríak berak moderatutako topaketa ere jasoko du, Euskadiko ikus artistetako batzuen presentziarekin.

Beste alde batetik, eta mundu osoko emakumeek egindako zinearen eta emakumeek ikus-entzunezko industriako lanbide guztietan duten gero eta presentzia eta lan handiagoaren ikusgaitasuna bultzatzeko eta, aldi berean berdintasuna errealitate izatetik urrun dagoen herrialdeetan emakumeak bizi duen egoeraren lekuko izateko xedez, ZINEBI 60k Focus Iranian Women Filmmakers. The present is female! programatu du. Horren helburua Iranen, kontraesankortasunez betetako herrialde estratifikatuko errealitatean sakontzea da. Hala ere, bertan, zine ekoizpenaren hainbat generotan, lan egiten duten emakume zuzendarien kopurua gora ari da egiten etengabe –1.400 inguru gaur egun–. Zikloa hiru saiok osatzen dute, eta horietan 20 film labur eskainiko dira.

Edizio honetan, jaialdiak umeentzako espazioa ere erreserbatuko du, ZINEBITXIKI, eta bertan Charles Chaplinek –zinearen historiako maisu handienetakoa– egindako hiru film laburrez gozatzeko aukera izango dute, eta horien protagonista Charlot ahaztezina da. Garai mutuko hiru film dira, eta proiekzioa zuzeneko piano musikak lagunduko du. Lanak hauek dira: Behind the Screen (1916), The Inmigrant (1917) eta The Vagabond (1916).

SEKTOREARI BULTZADA EMAN
Beste alde batetik, jaialdia profesionalentzako topaleku ere izango da, ZINEBI – MEETINGS izenekoaren barruan –solasaldiak eta masterclass-a– izaera irekia eta dibulgaziozkoa izango duten sei topaketarekin. Bertan, lehiaketako Sekzio Ofizialean parte hartuko duten eta Bilbon egongo diren zuzendariak, jaialdiko gainerako gonbidatuak, zine ikasleak eta ikus-entzuleak elkartuko dira, mota guztietako gaiei buruzko gogoetarako eta eztabaidarako. Azaroaren 14rako programatuta dagoen topaketetako batean, emakumeak zine munduan betetzen duen lekuari buruz egingo da berba, Zineman ere emakumeok prest! Cine y Mujer: ¡El presente es nuestro!, eta Marta Selva Bartzelonako Emakumeen Film Erakusketaren zuzendariak moderatuko du.

Horrez gain, jaialdiak ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea izeneko lehenengo zine dokumental foro profesionala deitu du, bertako talentua bultzatu eta Euskadiko ekoizpen dokumentala lagundu gura duen ekimena. Ekoizten ari diren edo garapen egoera aurreratuan dauden film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu ahal izateko epea datorren urriaren 26ra arte egongo da zabalik.

Aurre aukeratutako proiektuek, proiektuak prestatzeko tailer batean hartuko dute parte Jaialdiaren 60. edizioaren aurreko egunetan, eta azaroaren 13an, Campos Antzokiko Kupula aretoak proiektuen aurkezpena jasoko du, egun osoz. Goizez pitching (proiektuen aurkezpena) saioa egingo da batzordearen aurrean, kreditatutako bertaratuei eta jende guztiari zabalik; arratsaldean one-to one bilera pertsonalak egingo dira ekoiztetxeen eta zinegileen eta espezialisten artean. Proiektu dokumental irabazlea zein den ZINEBI 60ren amaiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 16an, 20:00etan, Arriaga Antzokian.

KOMUNIKABIDEEN AKREDITAZIOA:
URRIAREN 31RA ARTE, JAIALDIKO WEBGUNEAREN BITARTEZ: http://zinebi.eus/web/prensa/acreditaciones/

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 60
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
[email protected]