ZINEBIK AZAROAREN 18AN INAUGURATUKO DU BERE 58. EDIZIOA, LEHIAKETARA AURKEZTU DIREN EUSKAL FILM LABURREN EMANALDIEKIN ETA JAIME CHÁVARRI ZINEGILEARI EMANGO ZAION OHOREZKO MIKELDIAREN BANAKETAREKIN

ZINEBIK AZAROAREN 18AN INAUGURATUKO DU BERE 58. EDIZIOA, LEHIAKETARA AURKEZTU DIREN EUSKAL FILM LABURREN EMANALDIEKIN ETA JAIME CHÁVARRI ZINEGILEARI EMANGO ZAION OHOREZKO MIKELDIAREN BANAKETAREKIN 

  • Horrez gain, Bahman Ghobadi zuzendari kurdu-iraniar ospetsuak Bilbo bisitatuko du, bigarren Ohorezko Mikeldia jasoko du eta ikus-entzuleekin elkartuko da, A flag without a country (2015) filma aurkezteko, Guggenheim Museoaren auditorioan, azaroaren 24an.
  • 33 herrialdetako 71 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean Estatuko 18 lan daude, eta horietatik 6 euskal zinegileek egindakoak dira.
  • Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarra, Xenia Rivery gidoilari kubatarra eta Jon Garaño euskal zinegilea izango dira bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako lehiaketako ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzio berriko film hoberena aukeratuko duen epaimahaiko kideak.
  • ZINEBI 58k, jaialdiak berak ekoiztu duen, Larraitz Zuazok zuzendu duen eta, Euskalduna Ontziolen jarraipenaren defentsan emakumeek egin zuten borroka dokumentatuz hiriaren oroimen kolektiboko gertakaria berreskuratu nahi duen Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren estreinaldia jasoko du azaroaren 19an –20:00etan, BBK Aretoan–. 
  • Lehiaketatik kanpoko “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama” sekzioak, Sergei Loznitsa, Ulrich Seidl, Robert Green edo Claire Simon zinegile frantsesa bezalako dokumental egile handien bederatzi ekoizpen lan ikusteko aukera eskainiko digu
  • “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioan, ZINEBI 58k azken denboretan, gai anitzei buruz, egindako bost euskal ekoizpen lani eskainiko die arreta –lau dokumental eta fikzio bat–, eta horien artean Kirmen Uriberi buruzko Josu Veneroren Gutariko azkena edo, gazte ijitoekin Bulgarian gauzatu den dantza tailerrean bi artista bilbotarrek egin duten lanari buruz Xuban Intxaustik egin duen Bailarines callejeros lanen estreinaldia egongo dira.
  • ZINEBI 58ko Nazioarteko Epaimahaia Andréa Picard Kanadako idazle eta zine kritikariak, Torontoko Zinemaldiko-TIFFeko programatzaileak, Corina Moldovan–Florea ekoizle errumaniarrak, Krini Kafiris irakasle ospetsu eta Greziako komunikabideen ikerlariak, José Luis Rebollo konpositoreak eta Virginia García del Pino zinegileak osatuko dute. 
  • ZINEBIk, XX. mendeko Bilbok zinea izan duen irudia erakusten duten hamar izenburu jasotzen dituen zikloaren barruan aurkeztuko den Andoni Elezcano historiagilearen “Retratos de hierro y agua. La imagen de la metrópoli de Bilbao en el cine documental (1897-1997)” liburuaren edizioan hartu du parte.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 18an –arratsaldeko 20:00etan– zabalduko ditu bere 58. edizioaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Jaime Chávarri zine zuzendari, gidoilari, antzezle eta kritikariari Ohorezko Mikeldia emanez, zine garaikidearen bilakaeraren funtsezko alderdi batzuk ezagutzeko ezinbestekoa izan den zinegilearen lana aintzatesteko.

Zinemaldiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio ekitaldia, Sekzio Ofizialean lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzioarekin osatuko da. Beste urte batez, ZINEBI 58ren proiekzioen egoitza nagusia Golem zine-aretoak–Azkuna Zentroa izango da, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta Kale nagusiko BBK Aretoan, beste batzuen artean.

Bere 58. edizioan, ZINEBIk Jaime Chávarrirekin ospatu nahi du “El desencanto” lanaren estreinaldiaren 40. urteurrena. Gure zinean ezinbestekoa den lan hori ordura arte inoiz ikusi gabeko ikuspegiak eta inoiz ibili gabeko bideak zabaldu zituen lana izan zen. Filmea Guggenheim Museoaren auditorioan proiektatuko da azaroaren 19an, arratsaldeko 18:00etan.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Bahman Ghobadi zinegile kurdu-irainiarrai emango zaio, zinean egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza bikaina aintzatesteko. Ohikoa denez, Ghobadik AZAROAREN 25ean jasoko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian.

71 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (35), dokumentala (16) eta animazioa (20). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 18 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira. Hauek dira:

Renovable, Jon Garaño eta José María Goenaga (fikzioa).

Ulises, Aitor Gutiérrez (fikzioa).

Hileta, Kepa Sojo (fikzioa).

Anónimo, Iván Sokolov (fikzioa).

Gure Hormek, María Elorza eta Maider Fernández (dokumentala).

Jane, Tarzan ez zen horren guay, Begoña Vicario (animazioa).

Estatuko Zinearen atalean hauek arituko dira:

Nothing Stranger, Pedro Collantes (fikzioa).

A liña política, Santos Díaz (fikzioa).

Su, Laia Foguet (fikzioa).

Timecode, Juanjo Giménez (fikzioa)

En la azotea, Damià Serra (fikzioa).

Área de descanso, Colectivo Hola Cariño (dokumentala).

Rust, Eloy Domínguez Serén (dokumentala).

Las vísceras, Elena López Riera (dokumentala).

New Madrid, Natalia Marín (dokumentala).

El cadáver del tiempo, Luis E. Parés (dokumentala).

Notes from Sometime, Later, Maybe, Daniel Resines eta Roger Gómez (dokumentala).

Back Then, Diego Porral (animazioa).

Sekzio Ofizialeko film laburrez gain, ZINEBIk, lehiaketakoak ez diren zenbait erakusketa programatu ditu, InfoEuskadi eta InfoSpain. Horiek ere Bilboko Golem Alondegiko zine aretoetan emango dira, eta horretarako 48 film aukeratu dira.

AZAROAREN 25ean jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan.

Sekzio Ofizialeko Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Andréa Picard Kanadako idazle eta zine kritikaria, Torontoko Zinemaldiko-TIFFeko programatzailea; Corina Moldovan–Florea ekoizle errumaniarra; Krini Kafiris irakasle ospetsua eta Greziako komunikabideen ikerlaria; José Luis Rebollo konpositorea eta Virginia García del Pino zinegilea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Masterreko irakaslea.

SARI BERRIA

ZINEBIk jauzi koalitatiboa emango du 58. edizio honetan, bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketa jasoz. Fikzio, dokumental eta animazio film luzeei zabalduta egongo den ZINEBI First Film (ZIFF) sekzioaren lehenengo edizio honetan bederatzi filmek hartuko dute parte, eta horietako bost Estatu mailako estreinaldiak izango dira.

Aukeratutako filmen artean azpimarragarriak dira Locarnoko Nazioarteko Zine Jaialdian (Suitza) urrezko lehoinabarra jaso zuen Ralitza Petrovaren “Godless”; Veneziako Nazioarteko Zine Jaialdiko Kritikaren Astean Opera Prima Hoberenaren Etorkizuneko Lehoia – Luigi de Laurentiis Saria irabazi zuen Ala Eddine Slimen “Akher Wahed Fina”; eta Locarnoko zinemaldiaren azken edizioan Gazteriaren Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Nele Wohlatzen “El futuro perfecto” ekoizpen lan argentinarra. Saria 7.000 eurokoa izango da.

Mundu osoko film laburren lehiaketa beteranoenetako eta garrantzitsuenetako gisa duen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi du ZINEBIk. Beste alde batetik, lehiaketaren bitartez ikus-entzuleek, zine garaikidearen panorama osatzen duen sorkuntzako joeren, estiloen eta argumentuen aniztasunera hurbiltzeko aukera izango dute.

Xenia Rivery gidoilari kubatarra, Jon Garaño zinegile euskalduna eta Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarra izango dira lehiaketa berri horretako film hoberena aukeratuko duen epaimahaiko kideak. Horrez gain, zinegile portugaldarrak, Locarnoko Nazioarteko Zinemaldiaren eta Sevillako Zine Europarreko Nazioarteko Jaialdiaren sekzio ofizialetan lehiatzeko aukeratua izan den bere azken filma, Correspondencias (2016), aurkeztuko du ZINEBI 58n.

Horrez gain, ZINEBI 58k, euskal ekoizpen guztiek lortu ahal izango dituzten sari ez ofizial hauek ere izango ditu: Ikus-entzuleen-EITB Saria, 1.500 euro banatuko dituena eta SGAE Fundazioaren Saria Euskal Gidoi Hoberenari, aurten bi sari gehiago izango dituena, Zuzendaritza hoberenari eta Musika hoberenari, bakoitza 1.500 eurorekin. Aurrera jarraituko du 1.000 euroko saria izango duen ZINEBI-New Talents sariak, 2015-2016 ikasturtean Bilboko zine eskoletan ekoiztutako film labur hoberenaren egilearentzat.

Beste urte batez, UNICEF sariak, Nazioarteko Lehiaketara aurkezten direnen lanen artean umeen balioak eta haien eskubideak ondoen islatzen dituen filma sarituko du.  ZINEBI 58k, bere aldetik, GKE horrek umeen alde egiten duen lana eta jaialdiarekin izan duen lankidetza leiala aintzatesi nahi ditu –erakundearen 70. urteurrenean–, eta, ondorioz, amaierako ekitaldian ospakizuneko plaka bat emango dio. Horrez gain, Fair Saturday izenekoarekin bat etorriz, azaroaren 26an, Arriaga Antzokian izango den ZINEBI 58 irabazleen proiekzio egunean jasotzen den diruaren erdia UNICEFi emango zaio.

BEAUTIFUL DOCS

Programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako bederatzi film aukeratu ditu “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko lehiaketatik kanpoko ziklorako. Bederatzi herrialdetatik etorritako lanak dira, oso gai eta lengoaia anitzak erabiltzen dituztenak, eta kasu batzuetan, genero horretako nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan sariak irabazitakoak.

Mundu mailako panorama horrek hainbat motatako ikuspegi formalen bitartez lantzen ditu gaur egungo munduan erabateko gaurkotasuna duten zenbait gai, gerra zibiletan harrapatuta dauden Asiako gutxiengo etnikoetatik, inpotentziaren kontrako erremedioei esker pobreziatik ospera igaro den genio eszentriko batera; film batean antzezle gisa parte hartzeko gonbidapena jaso zuten Kanadako errefuxiatu ijito talde baten esperientziatik nazien kontzentrazio eremuetara eta leku horiek bisitatzen dituzten pertsonetara.

Zenbait izenburu azpimarratu behar dira, Le concours (Claire Simon. Frantzia, 2016. 120 min.), Veneziako Zinemaldiko Dokumental Hoberena; Nuts! (Penny Lane. EE.BB, 2016. 79 min.), Dr. John Romulus Brinkley eszentrikoaren bizitzari buruzko animaziozko dokumentala, genero horretako zinemaldi garrantzitsuenetatik igarotakoa; edo Alemaniako nazien kontzentrazio eremuetan errodatu den Austerlitz (Sergei Loznitsa. Alemania, 2016. 94 min.), erretratu gogorra eta, aldi berean, gizakiaren minaren banalizazioaren eta Dachau edo Sachsenhausen bezalako eremuek gaur egun duten irudiaren bitartez erakusten duten oroimen historikoaren banalizazioaren aurkako alegatu gogorra, baita ere.

Beste alde batetik, aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 58k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Oraingo honetan bost lan aurkeztuko dira, lau dokumental eta fikzio bat. Programazioaren barruan, euskararen bitartez bidaia bisual eta poetikoa sortuz Kirmen Uribe poetaren sorkuntza prozesua eta harreman pertsonalak eta profesionalak aztertzen dituen Josu Veneroren Gutariko azkena lanaren estreinaldia jasotzen da. Xuban Intxaustiren Bailarines callejeros lanak, berriz, Sra. Polaroiska kolektiboko Bilboko bi artistek Bulgarian dagoen Plovdiv herrian gazte ijitoekin aurrera eraman duten dantza tailerrean egin duten lana erakusten du.

BILBO ZINEAN

Aurreko urteetan bezala, Proiekzio Bereziei eskainitako sekzioan, Bilboko ikus-entzuleek zenbait proposamen interesgarri aurkitu ahal izango dituzte. Horrela, 58. edizioaren barruan, hiriak XX. mendeko zinean izan duen irudiaren ikuspegi panoramikoa eskaini nahi duten hamaika film biltzen dituen Burdinazko eta urezko erretratuak. Bilbo Pantailan zikloa aurkeztuko da. Erakusketa hori bat etorriko da Andoni Elezcano historiagile eta zine saiakeragilearen Retratos de hierro y agua. La imagen de la metrópoli de Bilbao en el cine documental (1897-1997) liburuaren aurkezpenarekin. ZINEBIk lan horren ikerketa eta edizio prozesuetan hartu du parte.

Lan horrek zehaztasun osoz jasotzen ditu Bilbo Handian 35 mm-tan errodatutako dokumental guztiak, 1897an egindako lehenengo lanetik 1997an izandako Guggenheimen inauguraziora arte. Guztira 155 film aztertu dira. Alde batetik, zinearen arkeologia lana egin da, katalogoan film gehiago sartuz eta ezagutzen ez ziren edo desagertuta zeudela uste ziren batzuk aurkituz. Eta bestetik, dokumental horiek Bilboko gune metropolitarrari buruz ematen duten irudia aztertu da historiaren eta zinearen testuinguruetatik.

Ziklo horretan ikusi ahal izango den bezala, burdina eta ura, industria eta portua, indarra eta lana, modernotasuna eta aurrerapena, ia dokumental guztietan ageri diren kontzeptuak dira, garai bakoitzean esanahi batekin. Filmak aukeratzeko orduan historiaren eta ondarearen aldetik duten garrantzia, kalitate estetikoa eta espazioan eta denboran Bilbok zinean izan duen irudia erakustea hartu dira kontuan, Inauguración del campo del Athletic (Julián López Oliva, 1913. 2 min.), Sinfonía vasca (Adolf Trotz, 1936. 16 min.) edo A la vuelta del grito (Helena Lumbreras, Mariano Lisa, 1978. 40 min.) bezalako izenburuekin.

Horrez gain, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta jaialdiak gure zine ondarea berreskuratzeko eta ezagutarazteko lanean laguntzeko eta hori bultzatzeko duen konpromisoarekin bat etorriz, ZINEBI 58k, 70 urte baino gehiagoz Deustuko Unibertsitateko biltegi batzuetan argia ikusi gabe egon diren zenbait irudi aurkeztuko ditu, zaharberritu eta gero. 16 eta 35 mm-ko zuri-beltzezko film erroiluak dira, 45 minutu inguruko iraupenekoak. 1943 eta 1944 arteko irudiak filmazio gordinak dira –muntaketarik, soinurik eta musikarik gabeak– ziurrenez pertsona batek baino gehiagok filmatutakoak.

Irudi horietan oinarrituta, ZINEBI 58k, Bilboko Basque Films ekoizpen etxeak egindako Universitas Deustensis, 1943-1944 izeneko hamar minutu inguruko iraupeneko muntaketa lana eskainiko du bere inaugurazio ekitaldian. Lan horren aurkezlea Espido Freire idazlea izango da. Filmean, garai hartako goi mailako familietako zenbait gazte ikus daitezke garaiko unibertsitateko bizitzan ohikoak ziren zenbait jardueratan: estropadak itsasadarrean, futbola, ekitaldi akademikoak, karitateko bisitak Misericordiako zaharrei eta baita, bitxia bada ere, bi emakumeren presentzia unibertsitateko campusean. Irudiak berreskuratzeko lan hori Deustuko Unibertsitateko fundazioaren 130. urteurrena dela eta antolatu diren jardueren barruan sartzen da.

 

EKOIZPEN PROPIOA

Beste alde batetik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak aurrera jarraitzen du, aurten ere, ekoizpen propioaren eta Euskadiko ikus-entzunezko sorkuntzaren sustapenaren aldeko apustuarekin, Larraitz Zuazo zinegile bilbotarrak zuzendu duen Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalarekin. ZINEBIk ekoiztu duen laugarren lana da, Errautsak, Distantziak eta Bilbao Bizkaia – Exterior Día film kolektiboen ondoren.

ETBren eta UPV/EHUren laguntza ere baduen dokumentalak, desagertuz ari den Bilbo horren oroimenaren parte bat berreskuratu nahi du. Horrez gain, oso modu berezian egin nahi du, alor horretan gehienetan zabaldu direnen desberdinak diren ikuspuntua eta narrazio ardatza proposatuz: Euskalduna Ontziolen jarraipenaren defentsan emakumeek egin zuten borrokarekin bat egin zuten emakumeena.

Filma azaroaren 19an estreinatuko da Kale Nagusiko BBK Aretoan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Saioa osatzeko, Iñaki Billelabeitiak zuzendutako Los de los tiragomas somos todas performancea eskainiko da. Bertan, Bilboko langileen borrokari, 80ko hamarkada gorabeheratsuari eta gure egunetan duen islari buruzko gogoeta egiten da, eta arteak pentsamendu kritikoa eta politikoa zabaltzen laguntzeko duen moduari buruzko gogoeta proposatzen da.

Beste emanaldi berezi batzuen artean, Koldo Almandoz euskal zinegilearen Sipo Phantasma azken lanaren Euskadiko estreinaldia; Caóstica elkarteak jaialdirako antolatu duen eta Bilbon lehen aldiz Charlie Mars bideo-sortzailearen lanaren erakusketa eskainiko duen saioa; edo 1991tik Bilbon bizi izan den, 2012ko Jaialdiko nazioarteko epaimahaiko kide izan zen eta duela denbora gutxi hil den Alan Griffin gidoilari, ekoizle, zinegile eta antzezle australiarrari eskainiko zaion topaketa-omenaldia egongo dira.

Aurten ere, ZINEBI 58k goizeko saioak eskainiko ditu Golem-Alhondiga zine aretoetako auditorioan, ZINESKOLA sekzioaren barruan. Bilboko ikastetxeetako umeek, eurei zuzendutako nazio eta nazioarte mailako azken lanez gozatzeko aukera izango dute. Film hauek eskainiko dira: Norm of the North, Insaissable, Snezhnaya Koroleva (The Snow Queen) eta Zipi y Zape y la isla del capitán.

Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com