ZINEBIK, ZAINKETAREN ETA PRIBATUTASUNAREN ARTEKO MUGEI BURUZ GOGOETA EGITEN DUEN FRIEDRICH MOSERREN “A GOOD AMERICAN. EL PRECIO DE NUESTRA SEGURIDAD” DOCU-THRILLERRA ESKAINIKO DU OSTEGUN HONETAN “HILEKO DOKUMENTALAREN” BARRUAN

Saioa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Friedrich Moser zinegileak zuzendutako “A Good American. El precio de nuestra seguridad” (Austria, 2015. 100´) filma eskainiko du OSTEGUN honetan, irailaren 29an. Zuzendaria bera da Bill Binney matematikari estatubatuarrari eta nazioaren segurtasuna bermatzeko bere programa informatikoari buruzko dokumental asaldagarri honen gidoia sinatzen duena.

Ohikoa denez, emanaldia Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, ingeleseko, arabierazko eta frantseseko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpi-tituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

Gerra Hotzaren amaieran, Bill Binney kriptologoak Nazio Segurtasunerako Agentziaren (NSA) talde baten buru izateko agindua jaso zuen, zainketa programa iraultzailea sortzeko. ThinThread sistema edozein seinale elektroniko hautemateko, helburuen arabera filtratzeko eta eraso terrorista potentzialei buruzko denbora errealeko emaitzak eskaintzeko gai izango litzateke, pertsonen pribatutasuna zapaldu gabe.

Sistema ezin hobea eta oso-oso merkea zen. Dorre Bikien kontrako atentatua baino hiru aste lehenago, programa eten egin zen. Eta irailaren 11ren ondoren herritarren komunikazio pribatuen zainketa masibo politikari eman zitzaion hasiera. Une horretan Binneyk NSA utzi zuen, hiru hamarkadaren ondoren.

Binneyren programak World Trade Centerren kontrako eraso terrorista saihets zezakeen, eta ez hori bakarrik, baita mundu osoko gobernuek terrorismoaren kontrako borrokan benetan eragingarri izatea ezinezko bilakatzen duen eta beharrezkoa ez den datuen metaketa handiegiari amaiera eman ere.

Europako eta Estatu Batuetako zinemaldietan sariak lortu dituen docu-thriller interesgarri horrek, segurtasunaren izenean herritarrei ezartzen zaien eskubide eta askatasun mozketari buruzko gogoeta proposatzen die ikus-entzuleei. Izan ere, Europan izandako azken atentatuen ondoren, asko hedatu da komunikazioen zainketa intentsiboa, HILEKO DOKUMENTALAren laguntza duen Amnesty International erakundearen #UnfollowMe / #DejenDeSeguirme azken kanpainak salatzen duen eskubide galera, hain zuzen ere.

Friedrich Moser 1969an jaio zen Austrian. Historian eta ikasketa germaniarretan lizentziatua da Salzburgoko Unibertsitatetik. Ibilbide profesionala kazetari gisa hasi zuen Italian. 2001ean blue+green communication zine eta telebista ekoiztetxea sortu zuen.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, jarraipena ematen dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.

TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=0suNSom2gbQ