ZINEBI – BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK ZORTZI PROIEKTU HAUTATU DITU ZINEBI NETWORKING. DOKUMENTALEN SORGUNEA ZINE DOKUMENTALAREN BIGARREN FORO PROFESIONALEAN PARTE HARTZEKO.

• Programaren sustatzaileak dira Euskal Produktoreen Elkartea (EPE-APV), ETB, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia (BEAZ) eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoa.

• Azaroaren 11n pitching saio irekia (proiektuen aurkezpena) egingo da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, 16:30etik aurrera. Baloraziorik onena jasotzen duen proiektuak 10000 euroko laguntza jasoko du.

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 8 proiektu hautatu ditu ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea zine dokumentalaren bigarren foro profesionalean parte hartzeko (22 lan aurkeztu dira guztira). Bertoko talentua sustatzea eta Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpena babestea da ekimen honen helburua, eta bide horretan laguntzaile ditugu Euskal Produktoreen Elkartea (EPE-APV), Euskal Telebista (ETB), Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia (BEAZ) eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoa.

Hautaketa-batzordeak honako proiektu hauek hautatu ditu: El Peso, Tamara Lucarinik zuzendu eta Banatu Filmak ekoitzitakoa; Bost Minutu, Amaia Nerekanek zuzendu eta Marmoka Films-ek ekoitzitakoa; Tetuán, Iratxe Fresnedak zuzendu eta Pimpi & Nella Films-ek ekoitzitakoa; Bolante baten historia (Historia de un volante), Iban Toledo Ibáñezek zuzendu eta ON Produkzioak-ek ekoitzitakoa; Margolan bat oparitzen didazu? (¿Me regalas un cuadro?), Ainhoa Urgoitiak zuzendu eta BITART NEW MEDIAk ekoitzitakoa; Europa a la Intemperie Roberto San Sebastián eta Naiel Ibarrolak zuzendutakoa, eta Plátanobolígrafok ekoitzia; Balika, Lander Ibarretxe eta Aitor Sánchezek zuzendutakoa, Veredastudio eta Nightwalkfilms ekoiztetxeek ekoitzita; eta Caminho Longe, Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendutakoa, Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeak ekoitzita.

Hautatutako proiektuak sortu dituzten taldeek mentoring saioetan parte hartuko dute Virginia García del Pino dokumentalgile ezagunarekin, eta azaroaren 11n, 16:30etik aurrera, Pitching saio irekia (proiektuen aurkezpena) egingo da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Edizio honetan sortutako adituen batzordea ikus-entzunezko sektorearen arlo ezberdinetako profesionalek osatzen dute: Jorge Caballero ekoizle eta zuzendari kolonbiarrak, Johanna Tonini banatzaile argentinarrak, Ainhoa Andraka ekoizle euskaldunak, Andrea Guzmán Documentamadrid Jaialdiko zuzendariak, Aída Vallejo UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak, Ainhoa González Europa Creativa Media Desk Euskadi bulegoko arduradunak, eta Aintzane Pérez del Palomar ETBko antena eta koprodukzio eskubideen arduradunak.

Epaimahaia osatzen duten adituek baloratu egingo dituzte aurkeztutako proiektuak, parte hartu duten zinemagile eta ekoizleei aholkularitza profesionala eskainiko diete, eta proiektu irabazlea aukeratuko dute. Baloraziorik onena jaso duen proiektuari ZINEBI NETWORKING 2019 saria emango zaio (10000 euroko hornidura). Azaroaren 15ean, ZINEBI 61en itxiera-galan emango da jakitera garailearen izena, Arriaga Antzokian 20:00etan.

Euskal zinean garatzen ari den sormen-gaitasuna sustatzera eta ikus-entzunezko ekoizpena garatzera bideratutako ekimena da ZINEBI Networking: dokumentalen sorgunea. Helburu hori lortze aldera, beraz, foro honen bitartez gure industria-sarearen dinamizazioa eta profesionalen prestakuntza areagotu nahi ditugu, eta, era berean, elkarren arteko ezagutza eta esperientzien trukea bultzatu, baita bertoko zein bost kontinenteetako herrialdeetako zine-industria osatzen duten eragile eta erakundeen arteko lankidetza sakondu ere.

Zine dokumentalari lotutako proiektu sortzaile eta independenteak jasoko dituen esparru bat sortu eta garatzen lagundu nahi dugu, baita Euskadiko zein nazioarteko ekoizleen arteko sinergiak sortzen lagundu ere. Zentzu horretan, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) foro hau programazioan txertatuta, bertoko talentuek aukera izango dute profesional eta adituekin harremanetan jartzeko eta, ondorioz, haiengandik proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko aholkularitza jasotzeko.