ZINEBI BESTE URTE BATEZ ARITUKO DA LANKIDETZAN AURTEN HAMARGARREN EDIZIOA BETEKO DUEN UPV/EHU-KO “LURRALDEAK ETA MUGAK” UDAKO IKASTAROAREKIN

“Lurraldeak eta Mugak 2019: 10 urte dokumental garaikidearen orbitan”, bihartik ostiralera arte egingo da BilbaoArten, eta dokumentalgile ospetsuek eta Josetxo Cerdán Espainiako Filmotekaren zuzendariak hartuko dute parte.

 

BilbaoArtek – Bilboko Udalaren Arte Ekoizpeneko Zentroak, “Lurraldeak eta Mugak 2019: 10 urte dokumental garaikidearen orbitan” udako ikastaroa jasoko du bihartik aurrera, EHU/UPVren eskaintzaren barruan. Aurten ere, ekimen horrek Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – Zinebiren lankidetza izango du. Ikastaroa hiru egunez luzatuko da, eta dokumentalgile ospetsuek eta Josetxo Cerdán Espainiako Filmotekaren zuzendariak hartuko dute parte, beste batzuen artean.

Izan ere, bederatzi urtez etenik barik antolatu diren ikastaroaren aurreko edizioek Bilbon izan duten harrera bikainaren ondoren, hitzordua modu berean lan eginez jarraitzeko helburuz helduko da hamargarren ediziora. Oraingo honetan, zine garaikideari buruzko gogoetarako topaleku izan eta gogoetarako esparrua eskaini gura du, “10 urte dokumental garaikidearen orbitan”, izenburupean. Horretarako, hasieratik planteatutako galderetan sakondu gura da, premisa moduan dokumental garaikidearen kartografia egituratzea hartuz, muga argirik gabeko baina aniztasun handiko zinea, eta emakumeak oso leku garrantzitsua betetzen duen esparrua, gainera.

Horrela, mintegi hori gogoetarako, eztabaidarako, esperientzien eta ezagutzen trukaketarako eta film dokumentalak ikusteko gune bilakatuko da. Oraingo honetan, zinean ibilbide garrantzitsua duten 6 profesional elkartu dira. “Apuntes para una película de atracos” bere azken dokumentala (2019ko Goya sarietarako izendatua eta Bilboko Feroz 2019 Sarietan saritua) aurkeztuko duen Elías León Siminiani. Bere azkenengo ekoizpen lanari buruz egingo du berba, ekainaren 14an plataforman estreinatuko den Netflixeko asmo handiko “El caso Alcàsser” serie dokumentala. Virginia García del Pino, zuzendari ezaguna eta UABko Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterraren koordinatzailea ere bertan egongo da.

Zinegileekin jarraituz, Elena López Riera izango dugu gurekin. Mundu osoko jaialdi ospetsuenetatik igaro ondoren, azken edizioan ZINEBI Jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen “Los que desean” film laburrarekin, eta Cinéfoundation de Cannes 2019 izenekoan CNC saria lortu berri du, “Agua” bere lehenengo film luzea egiteko. Rotterdameko jaialdi ospetsuan “Carelia: Internacional con monumento” bere azken dokumentala estreinatu zuen Andrés Duque ere etorriko da.

Horrez gain, Sra. Polaroiska Bilboko kolektiboak (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) “Yo bailo tu película, ¿bailas tú la mía?” tailerra eskainiko du bihar arratsaldean. Egitaraua, “El archivo: la última frontera” hitzaldia eskainiko duen Josetxo Cerdán Espainiako Filmotekaren egungo zuzendariaren eta Estíbaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorria EHU/UPVko irakasleen partaidetzarekin osatuko da.

Hiru jardunaldiei amaiera emateko, ostiral arratsaldean “El cine documental: siempre nos quedarán los márgenes” izenburua izango duen mahai ingurua egingo da. Bertan gonbidatutako zuzendariek hartuko dute parte, eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak eta Rubén Corral ZINEBIko aukeraketa batzordeko kideak moderatuko dute. Bertan, zine dokumental sortzaileenaren berehalako etorkizunari eta aukerei buruzko gogoeta egingo da. Programazioa, Maite Arroitajauregi, Mursego, diziplina anitzeko artistarekin itxiko da. Zuzenean arituko da, Virginia García del Pinoren “Respirar, correr, mirar” ikus-entzunezko piezari musika jarriz.

Egitarau osoa:

https://bilbaoarte.org/jarduerak/territorios-y-fronteras-2019-diez-anos-en-la-orbita-del-documental-contemporaneo/?lang=eu