ZINEBI 56 OSTIRAL HONETAN HASIKO DA, PREZINEBIREN PROGRAMAZIOAREKIN. BERTAN, ZINEBI-EXPRESS LEHIAKETAREN EDIZIO BERRIA ETA IKUS-ENTZULEEK JOSEFINA MOLINAREKIN ETA JOSÉ ANTONIO SISTIAGAREKIN IZANGO DUTEN TOPAKETA JASOKO DIRA

PRE-ZINEBI ostiralean hasiko da, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen laguntzaz, Cristóbal Garrido eta Rodolfo Valor idazle gazteekin, “Promoción fantasma” (2012) lanaren gidoiaren arduradunekin, antolatutako topaketaren bitartez.

ZINEBIEXPRESS, 48 ordutan errodatutako film laburren lehiaketa, LARUNBATEAN zabalduko da, partaideen izen ematearekin –goizeko 09:30etatik 10:30etara– Campos Antzokian. Sari banaketa AZAROAREN 13an izango da, Bilboko Alondegian.

Bilbon, 2014ko azaroaren 3an. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) 56. edizioak aurrerapena eskainiko du AZAROAREN 7tik 14ra, PREZINEBIREN programazioarekin. Bertan, ohikoa denez, Bilboko Ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dute lekua. Beste proposamen batzuen artean, aurtengo edizioak, zine eskolek egiten duten lanaren erakusketa, ZINEBIEXPRESS lehiaketa, edo Josefina Molina edo José Antonio Sistiaga bezalako profesionalekin izango den topaketa jasoko du.

PREZINEBI OSTIRAL honetan hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos antzokiko Kupula aretoan, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen laguntzaz antolatutako topaketarekin. Bertan, ikus-entzuleek, Cristóbal Garrido eta Rodolfo Valor zine idazle gazteekin, Javier Ruiz Calderak zuzendu duen “Promoción fantasma” (2012) lanaren gidoiaren arduradunekin, solasean aritzeko aukera izango dute.

Hurrengo egunean, goizeko lehen orduan, 48 ordutan errodatutako film laburren ZINEBIEXPRESS lehiaketarako deialdi berria zabalduko da (goizeko 09:30etatik 10:30etara– Campos Elíseos Antzokian). Izan ere, partaidetza bultzatzeko, eta jaialdia eta Bilbo edozein motatako istorioak kontatzeko eszenatoki ezin hobe gisa sustatzeko xedez, ZINEBIk zazpigarren urtez jarraian deitu du lehiaketa hau. Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko eta ostegunean, AZAROAREN 13an, sariak banatuko dira, Bilboko Alondegiko auditorioan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.

Larunbat honetan, baita ere, Simone de Beauvoir Kolektibo feministak topaketa eskainiko du Josefina Molinarekin, Pilar Mirórekin batera, Espainiako emakume zinegileen bigarren belaunaldiko zinegile azpimarragarrienetakoa denarekin. Josefina Molinak 2011ko Zinearen Akademia Espainiarraren Ohorezko Goya Saria irabazi zuen. Saio hori arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta zinegilearen film arrakastatsuenetako bat eskainiko da, “Función de noche” (1981), garai hartan oso berritzailea eta ausarta izan zen errealitate eta fikzio nahasketa zirraragarria. Bertan, Lola Herrera eta Daniel Dicenta, protagonista biak, bizitza errealean bikote gisa jasaten ari diren krisiari buruz hitz egiten dute, ezer gorde barik.

 

ZINE ESKOLAK

Astelehenean eta asteazkenean, Kupula aretoan, baita ere, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bi saio eskainiko dira, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2012an eta 2013an egindako lanak erakusteko. Topaketan, EHU-UPV-ko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPS-k, IMVAL-ek, Anima Eskolak eta Euskadiko Zine Eskolak hartuko dute parte.

Beste urte batez, PREZINEBIk FAS Zine Klubaren laguntza ere izango du. Asteartean, AZAROAREN 11n, Campos antzokiko eszenatoki berean, Josu Venerok 2012an zuzendu zuen “En un país imaginado” film luze dokumentala eskainiko du, José Antonio Sistiaga artista donostiarraren, zine esperimentaleko sortzaile libreenetakoaren eta emankorrenetakoaren, filmografiatik eta pintura lanetik egindako ibilbide bisuala eta dinamikoa.

Zinegileak eta protagonistak zinearen eta gainerako arte plastikoen arteko harremanei eta artistak bere eguneroko jardunaren inguruan dituen gogoetei, esperientziei eta paisaiei buruz hitz egingo dute. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta, ondoren, Juan Ortiz jazz piano jotzailea, 2013ko diskorik hoberenaren BBK Jazz sariaren irabazlea, arituko da.

AMAIERAKO JAIA

PREZINEBIren amaierako jaia, “Redneck Zinema Party” izenekoa, ostiralean, AZAROAREN 14an, gaueko 21:30etan, Bilborock aretoan, bat etorriko da, beste urte batez, ZINEBI 56 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin. Oraingo honetan, jaialdiak, Caóstica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko die zinearen historian aztarna utzi duten “paleto”, baldar, ugariei, jatorria eta enblema Estatu Batuetako hegoaldeko nekazaritzan duten horiei.

Hori lortzeko, ikus-entzuleak zine atmosfera landatarrez inguratuta egongo dira, film zatiak, lasto fardelak, etxean egindako alanbikeak, abereak, mastekatzeko tabakoa, Riflearen Nazio Elkarteko ordezkariak, Miss eta Mister Paleto lehiaketa eta beste hainbat eta hainbat ezuste. Hurrengo egunean, ikus-entzuleak zalantzan egongo dira, bizipen horiek benetakoak ala amestutakoak izan ote diren jakin barik.