23.300 PERTSONA, 2017AN BAINO %12 GEHIAGO, JOAN DIRA BILBOKO KALEALDIAREN, KALEKO ANTZERKI ETA ARTEEN JAIALDIAREN, AZKEN EDIZIOAN PROGRAMATUTAKO IKUSKIZUNETARA

Bilboko Udalak antolatutako jaialdia erreferentziazko hitzordu gisa finkatu da, programatutako 65 ikuskizunekin –2017an baino 7 gehiago– eta ia egunero leku guztiak betez Casilda Iturrizar Parkeko karpatan.

 

23.300 pertsonak, 2017an baino %12 gehiagok, gozatu dute Bilboko Udalak antolatzen duen eta Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren – BILBOKO KALEALDIAREN azken edizioak uztailaren 2tik 7ra hiriko zenbait lekutan eskaini dituen jarduerez.

Programatutako ikuskizun kopuruak gora egiteaz gain, iazko 58tik aurtengo 65era, eguraldi egonkorragoak ere eragina izan du ikus-entzuleen erantzun bikainean. Horrela, aurten hiru baino ez dira izan euriaren ondorioz bertan behera utzi behar izan diren saioak, guztiak ere asteazkenean, uztailaren 4an. 2017an 6 izan ziren bertan behera utzi behar izan ziren ikuskizunak. Zehatzago esanez, eskaini ezin izan diren saioak Mystérieuses Coiffures, Circ Panic eta Maduixa konpainienak izan dira.

Ikus-entzule gehien batu zituzten ikuskizunak Rosie Volt eta Saseo Cie izan ziren, eta bien agertokia Arriaga plaza izan zen. Halaber, Casilda Iturrizar parkean instalatutako karpak ia guztiz beteta egon ziren egunero, inguruan beste emanaldi batzuk egoteak ere animatuta. Ostiralean Euskal Museoan programatutako saio bietarako gonbidapenak ere agortu egin ziren.

BILBOKO KALEALDIAren aurtengo edizioak zenbait berrikuntza jaso ditu programazioan, “barkillo saltzailearen” eta “krispeta saltzailearen” figurak, besteak beste, eta jaso duten harrera bikaina izan denez, etorkizunean ere jarraituko dute. Orokorrean, Casilda Iturrizar parkeko jarduera guneak ikus-entzuleen erantzun bikaina jaso du, umeentzako gunearen (Haurren Herrixka) eta Miguel Llanesen eskultura lanaren arrakasta barne.

Orokorrean, ikus-entzuleen aldetik harrera hoberena jaso duten ikuskizunak Amer i Àfrica, Creature Cie, Rosei Volt, Barada Street eta Eccentrici Dadaró Compagnie Teatrale taldeenak izan dira.

Amaitzeko, eta aurreko edizioetan bezala, Casilda Iturrizar parkeko bi karpatan bildutako dirua (prezio sinbolikoa 3 euro sarrera bakarrarengatik edo 5 euro bi sarrerengatik izan da), helburu solidariora bideratu da. Oraingo honetan, bildutako 1.528 euroak “La Cuadri del Hospi”-ri, umeen minbiziaren humanizaziorako, sozializaziorako eta ikerketarako eta hezur-muinaren donazioaren hedapenerako guraso elkarteari, emango zaizkio.