UDALAK “DANTZA PLAZETAN” PROGRAMAREN EDIZIO BERRIA IREKIKO DU LARUNBAT HONETAN, BILBOKO HAINBAT BARRUTITAN ESKAINIKO DIREN DANTZA ERAKUSTALDIEKIN, KALEJIREKIN ETA ERROMERIEKIN

Larunbatean, arratsaldeko 20:00etan, dagoeneko tradizionala den erromeria egingo da Alde Zaharreko Santiago Plazan.

Bilboko Udalak, hiriko plazatan eskainiko diren erromeria tradizionalen, dantza erakustaldien eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko xedea duen ‘Dantza Plazetan’ programaren hamaseigarren denboraldia jarriko du martxan asteburu honetan, dantzariek, ikus-entzuleak jaiarekin bat egitera gonbidatzen dituzten dantza tradizionalen partaidetza-alderdia berreskuratuz.

Urte osoan zehar Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan banatuko diren 49 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udaleko Kultura Sailak hiriko zazpi dantza talderen laguntza izango du, –Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Beti Jai Alai–, eta baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. barrutiko taldeen koordinatzailearen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren lankidetza ere.

Egitaraua LARUNBAT honetan, urtarrilaren 28an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatuko den erromeria tradizionalarekin. Otsailean dagoeneko, bi erromeria daude programatuta, 18an. Horrez gain, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak erakustaldia eskainiko du San Felizisimon, eta Ondalan taldeak kalejira egingo du, Erraldoiekin, Deustun, biak ere otsailaren 19an.

Aurten ere Larrain Dantzaz gozatu ahal izango da Areatzan, ekainaren 10ean, larunbatean, eta uztaileko larunbat arratsalde guztietan –lehenengo igandean izan ezik, Bilboko Kalealdiko ikuskizunekin bat datorrelako–, dantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik

Horrez gain, Dantza Plazetan egitarauak umeentzako lekua gordez jarraituko du, martxoaren 4an Santutxuko barrutiko kaleak eta plazak hartuko dituen txikien (eta helduen) taldeen kalejirarekin. Ekainaren 25ean, dagoeneko tradizionala den umeen dantza erakustaldia egingo da Aita Donostia plazan (Basurtu).

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jardueren Bilboko Udaleko webgunean, www.kulturabarrutik.eus, edo herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

BIDEO: https://www.youtube.com/watch?v=qxms8cHLSGU