UDALAK #BILBAOUDAZKENA2020 AURKEZTEN DU, UDAZKENERAKO KULTUR EGITARAU ASKOTARIKO ETA BIRIBILA

  • Kalitatezko kulturaren eta bertoko kultur eragileen aldeko apustu honetan, Bilboko Udalak kulturaz beteko du hiria urrian eta azaroan.
  • Musika, zinema, antzerkia, dantza, magia, literatura eta beste diziplina artistiko batzuei esker, bilbotarrek kalitate handiko kultur proposamenak gozatu ahal izango dituzte, segurtasun osoarekin, unean uneko osasun-protokoloak betez.
#BILBAOUDAZKENA

Hirian uda kultural eder bat gozatu dugu, #BILBAOUDA2020 ekimeneko 200 proposamen baino gehiagorekin. Orain, Udalak udazkeneko programa abiatu du, #BILBAOUDAZKENA2020 izenekoa, aisia eta kultur jarduerekin, auzo guztietan antolatuak.

Berriro ere, Bilboko Udalak kalitatezko kulturaren eta bertoko kultura-eragileen aldeko apustua egin du, auzoak besteak beste musikaz, antzerkiz, dantzaz, magiaz eta literaturaz betetzeko. Programazio honek auzoei ematen die protagonismoa. Ekitaldietan, pertsona kopurua mugatuko da eta ikusleak eserita egon beharko dira.

Kultura erdigunera ekarrita, Bilboko bizilagunek hiru hilabete dituzte aurretik, gustu eta adin guztientzako kalitatezko programazio eskuragarria, inklusiboa eta interesgarria gozatzeko.

#BILBAOUDAZKENA2020-KO KULTUR PROGRAMAZIOA

ARGAZKINETA

Argazkineta, BILBAO IZAN programaren barruan, herritarrek parte hartzeko ekimen bat da, Bilboko auzoen azken garaietako historia berreraikitzeko eta sakontzeko, bizilagunen testigantzen eta dokumentuen bitartez.

Oraingo honetan, Argazkinetak Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda eta Sarriko auzoei begiratuko die. Furgoneta bat lau auzo horietan zehar ibiliko da, auzo horiei buruzko materialak biltzen eta digitalizatzen, hala nola argazkiak, diapositibak, pegatinak, bandoak, aktak, liburuxkak, kartelak, egunkari-zatiak, aldizkariak eta bideoak. Material horiek XX. mendekoak izan behar dira, 2000. urtea baino lehenagokoak.

DATA: Urriaren 1etik 21era

BAD

BAD Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdiak joera eszeniko berriei begiratuko die. Arreta berezia jarriko du egile bizien sorkuntzetan eta arte eszenikoen eta beste lengoaia batzuen (musika, bideoa, performancea) arteko elkarrizketan.

DATA: Urriaren 15etik 25era

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA

Udazken osoan zehar, Bidebarrieta Kulturguneak bi hitzordu hartuko ditu astean, literaturari ohorezko espazio bat emateko. Espazio horrek, Bidebarrietako Liburutegian dagoenak, liburuaren eta literaturaren garapena du helburu nagusi.

DATAK: Astean bi hitzordu egingo dira urrian eta azaroan.

BILBAO IZAN

BILBAO IZAN-ek hiriko bizilagunei aukera ematen die Bilboko auzoak modu atsegin, interesgarri eta bitxi batean ezagutzeko. Hala, urrian zehar, bisita hauek hartuko dituen auzoa San Inazio izango da, “Ezagutu oinez” eta “Ezagutu familian” programekin. 1. barrutiko auzo hau sakon ezagutu eta auzoaren bitxikeriak eta sekretuak deskubritu gura dituzten pertsonek modu aktiboan egiteko aukera izango dute, oinez eta taldean, “Ezagutu oinez” programarekin. Gainera, “Ezagutu familian” programan parte hartu ahalko da, familia osoarentzat diseinatua.

Jokoen eta ipuinen bidez, familiek San Inazio modu ezberdin batean deskubrituko dute, begirada jakin-nahi eta sortzaile batekin, esplorazio-kit bati esker. Zentzumenak erne, eta arretaz begiratuz, nagusiek nahiz txikiek auzoa begi berriekin ikusiko dute.

DATAK: “Ezagutu San Inazio oinez” urrian martitzenetik barikura 10:30ean eta 18:00etan izango da, eta zapatuetan, 10:30ean eta 12:30ean. ‘Ezagutu familian’: urriaren 4an eta 18an, 12:30ean. Bi bisitaldi horiek egiteko, plaza telefonoz erreserbatu behar da: 944 010 010.

BILBOKO ZIRKUITUA

Bilboko Zirkuituak XIX. denboraldia irailaren 25ean hasi zuen, Castañoseko Udaltegian. Ekimen aitzindari eta berezia da Euskadin; antzerki-sormena bultzatu, sustatu eta jendearengana hurbiltzeko tresna bat. Aurtengo udazkenean, auzoetako programazio eszenikoan 16 funtzio daude, oso ezberdinak, 14 konpainia eta artistaren eskutik: La Dinamika, Eguzki Zubia, Krego Martín Danza, Mama Crea, Juan Carlos Garaizabal, Ana Capilla Danza, Loida A. Gómez, Katastrofen Teatro eta Naita Produkzioak.

DATAK: urriaren 1etik azaroaren 27ra. Konpainien eta ikuskizunen informazio guztia hemen dago.

FANT

Zinema Fantastikoaren Jaialdiak (FANT) generoaren klasikoak eta azken nobedadeak aurkeztuko ditu hainbat espazioetan: Golem zinemetan (Azkuna Zentroan), Campos Antzokian edo BBK Aretoan. Jaialdi beterano honen agenda eraldatu egin zen, osasun-krisiaren ondorioz. Horregatik, berriro programatu da, udazken honetan generoaren onena goza dezagun 26. edizio honetan.

DATAK: azaroaren 7tik 12ra.

GAU ZURIA

COVID-19aren pandemiak sortutako osasun-egoeraren ondorioz, Udalaren kultura arloko lantaldeak Gau Zuria bertan behera utzi behar izan du. Normalean ekainean egiten da, hiriaren sorreraren urteurreneko ospakizunekin batera, baina aurten, datorren asteburuan ospatzeko asmoa zegoen.

Bilboko Udalak diseinatu duen programazio berezia udazken osoan garatuko da, bertako sortzaileei arreta emanez eta euskal artista eta hornitzaileen aldeko apustuari eutsiz, #BilbaoAurrera Planean onartutakoaren harira. Jarduerak asteburu honetan hasiko dira, urriak 2 eta 3, hiriko hainbat espaziotan: Eliz Museoa, Enkarnazio Elizan, Zabalgune Eraikina, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Bilbao Museoa.

DATAK: hasiera urriaren 2an eta 3an. Gainerako jarduerak urrian eta azaroan.

KALEKO ARTEAK

Kaleko antzerkiak bere lekua izango du #BilbaoUdazkena2020-ko programazioan. Hemengo zenbait konpainiak euren azken proposamenak aurkeztuko dituzte Peñascal, Deustu eta Elorrieta auzoetan.

DATAK: urriaren 9, 16 eta 17a.

MAGIA TOPAKETAK

Otxarkoaga-Txurdinaga barrutiak 13 hitzordu hartuko ditu ‘Magiaren Topaketak’ programaren barruan, denak ere magiaren ingurukoak. Horrela, ikusleei maila goreneko magoen emanaldiak, ilusionismoaren eta zinemaren inguruko erakusketa interaktibo bat, galak, eta ilusioari buruzko hitzaldi bat eskainiko zaizkie.

Aurten, programan nazioarteko ospea daukaten magoak daude, hala nola Jean Philippe Atchoum frantsesa eta Los Taps artistak. Gainera, 0 kilometroko eszenaren eta kalitatezko kulturaren aldeko apustua eginez, edizio honetan bertako konpainia eta magoak izango dira gehienak.

DATA: Urriaren 1etik 30era. Datei eta ikuskizunei buruzko informazio guztia esteka honetan aurkitu dezakezue.

MILA MUSIKA HARIA

Gitarra eta harizko tresnak maite dituzten pertsonek aurtengo udazkenean “Mila Musika Haria” zikloaren edizio berri bat ikusi eta entzun ahalko dute. Aurten ere, harizko musika-tresnen inguruan sortzen diren musika motei buruzkoa da.

DATAK: azaroaren 13, 20 eta 27a; abenduaren 4a.

MUSIKA DIBERTIGARRIA DA

‘Musika dibertigarria da’ kontzertu didaktikoen ziklo bat da. Hainbat musika taldek parte hartuko dute; helburua, musikarenganako zaletasuna sustatzeaz gain, publikoa musika klasikora eta oso ezagunak ez diren beste estilo batzuetara erakartzea da.

DATAK: urriaren 16, 23 eta 30a eta azaroaren 6a

PLAZARIK PLAZA

Plazarik Plaza ekimenak folklore tradizionala bultzatzea du helburu. Programa honen edizio berri bat egingo da aurtengo urrian, Basurtuko auzoan. Zehazki, Beti Jai Alai Dantzari Taldearen emanaldia izango da.

EGUNA: Urriaren 3a

UDAZKENEKO BERTSO SAIOAK

Programa hau maiatzean egin ohi da, Santutxuko Karmelo plazan, baina azken hiletako osasun-egoeraren ondorioz, birprogramatu behar izan da eta, horrenbestez, izena aldatu. Izan ere, aurreko edizioetan programa honi “Udaberriko Bertso Saioak” esaten zitzaion, udaberrian suertatzen zelako, hain zuzen ere.

Edizio berri honetan, 36.a, izena aldatuko zaio, baina haren premisa betiko bera da: Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzea. Programa hau, gainera, euskaltzaleen elkargune izan dadila da asmoa. Punta-puntako bertsolariek parte hartuko dute.

DATAK: urriaren 3, 17 eta 24a

ZINEBI

ZINEBI da FIAPF-ek (film-ekoizleen elkarteen nazioarteko federazioak) Estatuan 1974tik hona aitortu duen A mailako nazioarteko jaialdi bakarra film laburren eta dokumentalen kategorian. Gainera, Hollywoodeko Akademiak Oscar sarietarako kalifikatzaile gisa onartzen du ZINEBI; britaniar zinemako BAFTA sarietarako eta espainiar Goya sarietarako kalifikatzailea da era berean.

Urterik urte, estilo guztietako lanak biltzen ditu ZINEBIk bere egitarauan; ikus-entzunezko sormen-formatu berritzaile eta iradokitzaileenak, zein mundu osoko zine garaikidean sortzen ari diren zuzendarien lanak. Horretarako, zinemaren alderdi berriak esploratzearen aldeko apustua egiten du edizioz edizio, esperimentazio formalari zein zinema-ekoizpen berrien hibridotasunari eta diziplina artekotasunari lekua eginez; betiere, zinemagileek egungo errealitate konplexuen gaineko ikerketa etiko zein estetikoa aurkeztu dezatela sustatuz.

DATAK: azaroaren 13tik 20ra