UDAL LIBURUTEGI SAREAK EMAKUMEAREN EGUNA OSPATUKO DU ASTEAZKEN HONETAN, BIDEBARRIETAN ZINE FORUM SAIOA ESKAINIZ. PROIEKTATUKO DIREN LANEN ARTEAN “CAMAS” ETA “¿POR QUÉ LAS MUJERES QUEREMOS MÁS?” EGONGO DIRA

Zabalako, Castañoseko, Zurbaranbarriko eta Begoñako liburutegiek, neskatoen eta mutikoen arteko berdintasunaren balioa sustatzen duten testuak landuko dituzten umeentzako ipuin-kontalari saioak programatu dituzte.

Bilboko Udal Liburutegi Sareak bat egin du Emakumearen Egunaren ospakizunarekin, jende guztiari zuzendutako hainbat proposamenekin. Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailarekin elkarlanean, Bidebarrietako Liburutegiak, helduei zuzendutako Zine Forum saioa jasoko du ASTEAZKENEAN, martxoaren 4an, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.

 

Eskainiko den lehenengo lana, Manuela Moreno zuzendariaren “Camas” izango da, eta ondoren, Céline Telerman zinegilearen “¿Por qué las mujeres queremos más?” film luzea. Emanaldien ondoren, Zinemakumeak Gara elkarteko Ana Gutiérrezek eta Berdintasunaren Aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluko arduradun batek dinamizatuko duten solasaldia zabalduko da.

 

Beste alde batetik, Bilboko Udal Liburutegi Sareak, umeei zuzendutako euskarazko lau ipuin-kontalari saio antolatu ditu, Zabalako, Castañoseko, Zurbaranbarriko eta Begoñako liburutegietan. Saio horietan, tolerantzia, errespetua eta, batez ere, neskatoen eta mutikoen arteko berdintasuna bezalako balioak sustatuko dituzten testuak landuko dira.

 

Zabalako liburutegiak “Berdintasuna maite dugulako” jasoko du; Castañosekoak, “Nesken alde denon alde” lana eskainiko die txikienei, eta Zurbaranbarriko Liburutegiak “Printzesak, bai zera!” aurkeztuko du. Ipuin-kontalari saio horietarako izena eman beharko da aurretik liburutegietan bertan, eta ASTEAZKEN HONETAN, martxoaren 4an, izango dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta Zurbaranbarrikoa martxoaren 5ean, ordu berean.

 

Jarduera berezi horiek datorren larunbatean, martxoaren 7an, itxiko dira, Begoñako liburutegian programatutako saioarekin. Bertan, “Neska eta mutilen artean: mundu bat” umeentzako ipuina izango dugu, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Kasu horretan, sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.