TEKNOLOGIA ETA ONDARE KULTURALA, SANTANDERREKO ETA BILBOKO PROFESIONALEN ARTEKO TRUKAKETA JARDUNALDIEN ARDATZAK

Topaketa hau, Bilboko Udalak eta Santander Creativa Fundazioak bultzatzen duten “Bilbao – Santander Tan Cerca 2016” programaren barruan dago.

Urriaren 19an Santanderren izango dira, eta 20an Bilbon. Bertaratzea doakoa da, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea esteka honen bitartez: http://bit.ly/inscripcionestecnopatrimonio

“Teknologia eta ondare kulturala, ¿maitasuna edo intereseko ezkontza?” hori da urriaren 19an eta 20an, bi hirietan egingo diren Santander eta Bilbo arteko esperientzia trukaketa jardunaldi profesionalen izenburua eta ardatz nagusia. Jarduera, Bilboko udalak eta Santander Creativa Fundazioak bultzatzen duten “Bilbao – Santander Tan Cerca 2016” programaren barruan dago.

Teknologiari eta ondare kulturalari buruzko topaketa horien helburua hirukoitza da: alde batetik, teknologiaren erabilerak ondare kulturalari eskaintzen dizkion aukera berriak erakustea; eraldaketa digitala esperimentatzen ari den eta etengabeko eguneratzea behar duen kultur sektore horren aberastasunerako, eguneratzerako eta birziklapenerako balio izatea; eta, azkenik, esperientzia eta jardunbide onen esperientzien trukaketa bultzatzea alor horrekin erlazionatutako Santanderreko eta Bilboko profesionalen eta enpresen artean.

Lehenengo saioa Santanderren izango da, urriaren 19an, goizeko 09:30etik aurrera, Santander Creativa Fundazioaren egoitzan. Saio horretan, euren jarduera profesionala Bilbon gauzatzen duten hiru profesionalek, aurrera eraman dituzten proiektuetan izandako esperientzia azalduko dute: Unai Baeza Santamaría, Virtualwareko Interactive Negozio Unitateko arduraduna; Cristina Velasco Casanova, Estudios Dureroko Proiektu arduraduna; eta Libe Fernández Torróntegui, ondare kulturalean espezializatutako arkitektoa, blogaria eta reharq-en sortzailea.

Bigarren jardunaldia Bilbon izango da, Euskal Museoan, hain zuzen ere, urriaren 20an, goizeko ordu berean. Oraingo honetan Santanderren gauzatutako proiektuak aurkeztuko dira: Amanda Díaz-Ubierna, Amanda Pola konpainiaren arduraduna; María Elena Riaño, Musika Adierazpenaren Didaktika Saileko irakaslea Kantabriako Unibertsitateko hezkuntza Fakultatean; eta Laurent Brunel, FabLab Santanderren sortzailea eta artista digitala.

Santanderreko zein Bilboko topaketaren aurretik sarrerako bi hitzaldi izango dira, Manel Miróren, Stoako Ondarearen eta Eduki Digitalen Interpretazio Saileko zuzendariaren, eta Araceli Corboren, Gaztela eta Leongo Arte Garaikide Museoko Liburutegiko-Dokumentazio Zentroko (MUSAC) arduradunaren, eskutik.

Jardunaldi horiek, batez ere, ondare kulturalaren kudeaketa eta komunikazio alorretako profesionalei eta ikasleei zuzenduta egongo dira, erakundeen kudeatzaileei, proiektu teknikariei, museo teknikariei, arkitekto berriztatzaile edo ondasun-kontserbatzaileei. Horrez gain, kultur kudeaketan eta kultur erakundeetan esperientzia duten pertsonei ere badaude zuzenduta.

Jardunaldien antolakuntzaz eta koordinazioaz Bilboko Panacea Creación y Gestión de Productos Culturales eta Santanderreko Ultravioleta Social Media Boutique enpresak arduratuko dira.

Bertaratzea doakoa da, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea esteka honen bitartez: http://bit.ly/inscripcionestecnopatrimonio

INFORMAZIOA
http://bit.ly/TanCerca2016