SEI EUSKAL FILM LABUR EGONGO DIRA, MARIANO LLINÁS ZINEGILE ARGENTINARRARI EMANGO ZAION OHOREZKO MIKELDIAREN BANAKETA EKITALDIAREKIN BIHAR INAUGURATUKO DEN BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBI 60REN NAZIOARTEKO LEHIAKETAN

Sei film laburren–lau dokumental eta bi fikzio– emanaldia larunbatean izango da, 17:30ean, Azkuna Zentroaren auditorioan, Euskal Zinearen Egunaren barruan.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 60k bihar zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, 20:00etan, Mariano Llinás zinegile argentinarrari emango zaion lehenengo Ohorezko Mikeldiarekin. Ordubete lehenago, 19:00etan, kalean, herritarrak jaialdiko edizio berezi honen partaide bilakatzeko, Patxi Araujo eta Martin Etxauri aktoreek oso mapping berezia egingo dute Bailen kaleko “zeru-orratzaren” fatxadan.

Gaur goizean aurkeztu dira Bilbon Sekzio Ofizialaren barruan lehiatuko diren sei euskal film laburrak –lau dokumental eta bi fikzio–, zinegileen presentziarekin: Iker Maguregi, Boddan Muresanu, María Elorza, Richard Sahagún, Teresa Sendagorta, eta eurekin batera, Vanesa Fernández Guerra Zinebiko zuzendaria.

Edizio honetan 124 herrialdetik etorrita izena eman duten 3.770 film laburretatik, 52 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, Zinemaldiko Sari Nagusia eta zinemaldiak dituen hiru generoetako Mikeldia lortzeko xedez: fikzioa (22), dokumentala (19) eta animazioa (11). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 13 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira. Hauek dira:

-Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala).
-Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzioa).
-Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzioa).
-Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala).
-Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala).
-It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala).

Sei film horiek Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusia (6.000 euro), lehiaketako hiru generoetako –fikzioa, dokumentala eta animazioa– Mikeldiak (5.000 euro), eta Ikus-entzuleak-EiTB Saria (3.000 euro) lortzeko lehiatuko dira. Lehiaketara aurkeztutako euskal film laburrek Euskal Gidoi Onenaren SGAE– Euskadi Kontseilua Saria (3.000 euro) eta FAS Zineklub Saria (2.000 euro) ere lortu ahal izango dituzte. Berrikuntza gisa, aurten, azaroaren 10ean, ZINEBI 60k Euskal Zinearen Eguna ospatuko du. Ospakizun horren barruan, 17:30etik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan Sekzio Ofizialean parte hartuko duten Euskal filmak eskainiko dira.

Horrez gain, 20:00etatik aurrera, Arte Ederren Museoan omenaldi ekitaldia egingo da. Ekitaldi horretan Ohorezko Mikeldi Berezia emango zaie euskal zinegile eta beste profesional batzuei. Trantsiziotik aurrera eta 80ko hamarkadan Bilboko zinearen protagonista izan zirenetako batzuk izango dira, zehatzago esanez, euren lanei esker gure hiriko zine ekoizpenari jarraipena ematea lortu zuten protagonistetako batzuk: José Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río.

Euskal Zinearen Egun hori, Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) figurari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin osatuko da, ekitaldiren amaieran. Gerra osteko abangoardia historikoak izan zuen artisa plastiko garrantzitsuenetakoa izan zen, Jorge Oteizarekin, Eduardo Chillidarekin edo Nestor Basterretxearekin batera, besteak beste. Zinegile esperimental gisa, 1968an Ere erera baleibu icik subua aruaren… apurtzailea aurkeztu zuen Bilboko Jaialdian, eta lan horrek 10. edizio hartako Zine Esperimentalaren Saria irabazi zuen.

Sistiaga, une histoire basque (Manuel Sorto, 2018. 96 min.) dokumentala, Gipuzkoako artista handi horren izateko, munduan egoteko… moduari eskainita dago. Aurretik Ilargian (2018) izeneko ZINEBIren ekoizpen lan berezia eskainiko da, EHU/UPVko Hauazkena animazio taldeak egindakoa, Begoña Vicarioren koordinaziopean. Galdutako De la luna a Euskadi (1968) film labur hartako artistaren oroimenean geratzen dena berrinterpretatzen duen lana da.

SEKZIO OFIZIALEKO EUSKAL FILM LABURREN SINOPSIA

ANCORA LUCCIOLE (STILL FIREFLIES)
DOK. 2018 | 14 min. Zuzendaritza: María Elorza
1972an, Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzi zuen bere artikulu ezagunenetako batean. Hilabete gutxiren buruan, hil egin zuten. Orduz geroztik, ipurtargiek desagertzen jarraitu dute. Baina oraindik bada gogoratzen dituenik.

CADOUL DE CRACIUN (THE CHRISTMAS GIFT)
FIK. 2018 | 16 min. Zuzendaritza: Bogdan Muresanu
1989ko abenduaren 20a. Timisoara hirian, Ceausescu-ren errepresio odoltsua gertatu eta egun gutxira. Aita baten arratsalde lasaia egiazko proba zail bilakatu da; izan ere, semeak Santa Klausi eskutitza bidali diola jakin du. Haurrak uste du aitaren ametsa Ceausescu hilik ikustea zela.

AZKEN OTSOA
FIK. 2018 | 11 min. Zuzendaritza: Iker Maguregi
Landako familia abeltzain batek inguruetako otso guztiak ehizatzen ditu haien ardiak hiltzea leporatuta. Lasaitasuna lortu dutelakoan, hurrengo goizean, hiru ardi falta direla ikusi, eskopeta hartu eta basorantz doa aita.

IL DOLCE FAR
DOK. 2018 | 17 min. Zuzendaritza: Richard Sahagún
Toscanako kulturako funtsezko pertsonekin topatzeak arte eta bizitza ikusteko duten moduan barneratzen gaitu. Oso pertsonalitate desberdinak baina Arteari dioten maitasunak elkartzen dituenak. Fantoni Bononi gazteluaren eta Verrucolako gazteluaren arteko elkarrizketak eta topaketak, non handitasun sekularrak kontrastea egiten duen gizakiaren bizitasunarekin.

AMOR SIEMPRE
DOK. 2018 | 16 min. Zuzendaritza: Maider Fernández Iriarte
Gloriak, nire 82 urteko amamak, aldi batez nire lehengusina, Maria, hartu du bere etxean. Gloria alarguna da duela 16 urtetik, oso katolikoa, inoiz ez du sexuaz edo maitasunaz hitz egin senide batekin ere, eta are gutxiago bere biloba txikiarekin. Maria, 17 urtekoa, sexualitatea eta maitasuna ezagutzen ari da eta bere adineko berezko askatasuna bizitzen hasi da.

/IT’S ALL RIGHT HERE/
DOK. 2018 | 18 min. Zuzendaritza: Teresa Sendagorta
Paisaia urdin batean distira bat agertuko da. Irudi gizatiar bat mendian gora doa. Emakumezko ahots bat entzuten da. Hau zen modu bakarra. Bere txanda zen begiak kliskatzeko. Elkar topo egiten duten materialen deskontestualizazio, birkodetze eta oposizio pieza, oinarritzat duen S8 pelikularen iraupena “okupatzen” duena.

BIDEO-KLIPAK JAISTEKO:
SEKZIO OFIZIALA: http://zinebi.eus/web/section/seccion-oficial/

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 60
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
[email protected]