SANTUTXUK “FOLK LOREA” HARTUKO DU ASTEBURU HONETAN, GURE FOLKLOREAN ZENTRATUTA DAGOEN BILBOKO UDALEKO PROGRAMA BERRIA, ARRETA BEREZIA ESKAINIZ ERRALDOIEN ETA GAITEROEN TRADIZIOARI

Ekimenak Santutxuko Gaztedi Dantzari Taldearen lankidetza du, Bilboko lehenengo erraldoi konpartsa izan zen Mairuek bere taldearen 25. urteurrenarekin bat etorriz.

Erandioko, Barakaldoko, Bermeoko, Bilboko eta Iruñeko bost erraldoi konpartsak eta Tolosatik, Iruñetik, Amurriotik eta Bilbotik etorritako gaitero eta dultzainero musika taldeek kalejiratan eta erromeriatan hartuko dute parte ostiral, larunbat eta igande honetan.

Bilboko Udalak gure folklore herrikoian zentratutako programa berria inauguratuko du ostiral honetan, ekainaren 15ean, arreta berezia eskainiz erraldoien eta gaiteroen tradizioari. Mairuek bere taldearen –Hiriko lehenengo erraldoi konpartsa– 25. urteurrenarekin bat etorriz Gaztedi Dantzari Taldearekin lankidetzan antolatutako “Folk Lorea” programak, kalejiratan eta erromeriatan parte hartuko duten hamar musika eta erraldoi talde elkartuko ditu asteburu osoan.

“Folk Lorea” ekimenaren helburua folklore tradizionala bultzatzen jarraitzea eta ikus-entzuleei ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzea da. Programazioa bariku honetan irekiko da, arratsaldeko 18:30ean, kalejirarekin eta Dantzakide taldeak Karmelo plazan hilabete bakoitzeko hirugarren ostiralean antolatzen duen erromeria tradizionalarekin.

Bilboko Udalaren segizioaren ondoren Bilboko lehenengo erraldoi konpartsa izan zen eta gaur egun Gaztedi Dantzari Taldearen barruan dagoen Mairuek erraldoi taldearen 25. urteurrenaren ospakizunaz baliatuz, erraldoiak izango dira larunbateko, ekainaren 16ko, protagonista nagusiak. Kalejira egingo dute auzoko hainbat gunetatik, eguerdiko 12:00etan Karmelon hasita.

Jai figura horien ikuskizuna ez da ulertzen gaitero barik. Hori dela eta, bost musika taldek ere hartuko dute parte jardueran, hauek, hain zuzen ere: Tolosako Dultzaineroak, Ezpelur Gaiteroak, Amurrioko Gaiteroak, Bilboko Gaiteroak eta Gaztediko Gaiteroak, ikus-entzuleei Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako estiloak hurbilduko dizkieten musika taldeak hain zuzen ere.

Larunbaterako aurreikusita dagoen erraldoien elkarretaratzea izango da “Folk Lorea” programaren ekitaldi nagusia. Izan ere, talde partaide guztiak Karmelo plazan elkartu ondoren, konpartsa bakoitzak, bere gaitero taldeak lagunduta, balts bat dantzatuko du. Amaitu ondoren, azken dantza bateratua egingo da, erraldoi konpartsa eta gaitero talde guztiak elkartuta.

Programak bost erraldoi konpartsa elkartzea aurreikusten du: Gautxoriak Erandioko Erraldoiak; Laguntasuna Erraldoiak (Barakaldo), lau irudik osatutakoa –Kondea, Kondesa eta baserritar bikotea–, Kukubiltxok egindakoak eta 1998an aurkeztutakoak; Kietb Erraldoiak (Bermeo) arte tradizionalarekin bat egiten duten gazteen partaidetzarekin; Buztintxuriko Erraldoien Konpartsa (Iruñea) eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak.

Azken horiek ere Kukubiltxok egindako erraldoiak dira, eta herri xeheko pertsonaiak irudikatzen dituzte: Aittitte Matsorri (Begoñako baserritarra), Areatzako Jostune (Areatzan elkartzen ziren jostunen irudia), Kargerue (itsasadarreko kaietako kargatzaile tipikoa) eta Angulerue (dagoeneko desagertuta dauden angulak itsasadarrean bilatzen zituen angula harrapatzaile klasikoa). Iaz Gaztedi Dantzari Taldearen esku geratu ziren, eta aldaketa horrekin eramaile belaunaldi berriari eman zaio lekukoa.

Programazioa igandean itxiko da, eguerdiko 13:00etan, Gaztedi Dantzari Taldeak eskainiko duen dantza erakusketarekin

FOLK LOREA

EKAINAK 15
18:30 – KARMELO PLAZA
Kalejira: Gaztediko Txistulariak
19:30 Erromeria
Dantzakide

EKAINAK 16
10:00 – SANTUTXU
Gaztediko Gaiteroak
Bilboko Gaiteroak

12:00 Erraldoien elkarretaratzea eta kalejira
Ibilbidea: Karmelo plaza, Julian Bolivar kalea, Santutxu kalea, Juan de la Cosa kalea, Iturriaga kalea, Karmelo kalea eta Karmelo plaza
Partaideak: Buztintxuriko erraldoien konpartsa (Iruña), Kietb erraldoiak (Bermeo),
“Mairuek” gaztediko erraldoiak (Bilbo), Laguntasuna erraldoiak (Barakaldo), Gautxoriak Erandioko erraldoiak.

18:00 SANTUTXU
Kalejira gaiteroekin
Ezpelur (Barañain / Nafarroa)
Tolosako dultzaineroak (Gipuzkoa)
Amurrioko gaiteroak (Araba)
Bilboko gaiteroak (Bizkaia)
Gaztediko gaiteroak (Bizkaia)

EKAINAK 17
13:00 SANTUTXU, KARMELO PLAZA
Euskal dantzak: Gaztedi Dantzari Taldea

+ info: www.kulturabarrutik.eus eta www.bilbao.eus